Udan ikusteko ezinbesteko 7 telesail!

1- 'Gomorra'
Letra larriz idatzitako maisulana. Roberto Savianoren liburua eta 2008ko filmaren ostean, ondoren Napoliar Kamorraren bizitza azalarazten duen telesaila ikaragarria estreinatu zuten. Akzioa, suspensea, tiroak, traizioa, beldurra…Lehen ataletik harrapatuko zaituen telesaila. Gidoi bikaina, biraketa ugariak eta zalantzarik gabe azken urteetako ekoizpen boteretsuenetarikoa.
Non ikusi? HBO, Movistar.
2-'line of duty'
Britania Handitik datozen telesail guztien artean, thriller-poliziako hau izan liteke, azken urteetako ekoizpen onenetarikoa eta batez ere erregularrena. Denboraldi bakoitza kasu desberdin bat izango dute aztergai. Bostgarren denboraldia aurten estreinatu da eta mailari eustea lortu dute.
Non ikusi? Netflix, Movistar
3- 'DARK'
Asko hitz egiten ari da azken egunotan Stranger Things telesailaren 3.denboraldiaren inguruan, baina telesail hau iruditzen zait une honetan derrigorrez ikusi beharko zenukeen horietako bat. Stranger Things nahita aipatu dut, gustuko baduzue, baina zerbait ilunago baten bila bazabiltzate, hau izan beharko lukeelako zure aukeraketa. Alemaniako herrixka batean gertatzen da trama nagusia, ikuspuntu eta atmosfera askoz ilunagoarekin eta lau denbora (oraingoz behintzat) tarte erabiliz (1952-1986-2019-2052), bi umeren desagerpen (hasiera batean behintzat) misteriotsua azalduko duen istorio bikaina eta harrigarria. Ohar garrantzitsua: kalkulagailua, boligrafoa eta koadernoa gertu izan, une askotan nahasmenean erortzeko arriskua izango baituzu.
Non ikusi? Netflix.
4- 'YEARS AND YEARS'
Hartu irabiagailu bat eta sartu: Black Mirror telesailaren xafla batzuk, Sense8-en eta This is Us-en pertsonaien mamia, drama, umore beltza eta distopia esentzia apur bat. Alexa, Brexita, transhumanismoa, errefuxiatuak, gidoi biraketa harrigarriak eta erritmo frenetikoa. Guztia ongi nahastu. Emaitza, HBOn ikusgai daukazun Years And Years telesaila. A ze harribitxia!
Non ikusi? HBO.
5- 'FLEABAG'
Zer nolako bigarren denboraldia! Lehen denboraldiak harritu bagintuen, aurten estreinatu dutena sekulako harribitxia iruditu zait. Ez ahaztu izen hau: Phoebe Waller-Bridge. Fleabag telesailaren gidoilari eta protagonistak, urteko umorezko telesail desberdin, garratz eta lotsagabeena estreinatzeaz gain, azkenaldian ikusi dugun emakumezko pertsonaia harrigarriena sortzearen meritua baitauka. Edinburgo hiriko antzezlan independente batean oinarrituriko telesail honek, 30 urte inguru dituen Fleabag-en istorioa kontatzen digu. Oinarritzen den antzerki horretan, bizitzari, sexualitateari eta erlazioei zentzua bilatzen zien emakume baten bakarrizketa ikus zitekeen. Telesailean aldiz, bere egunerokoan, sexu harremanak mantentzea, lehentasun handienetarikoa bilakatu den emakume -hartu arnasa- zoro, lotsagabe, suntsitzaile, berekoi, perbertitu, ziniko, kaotiko, heldugabe eta batez ere dibertigarria aurkezten digute. Izaera hori, azken urteetan, Louie, Love, Girls edo Catastrophe telesailetan ikusi dugun antzeko umorearekin nahastean, ekoizpen beltz, garratz eta hainbat uneetan deseroso batean bilakatzea lortu dute. Epel uzten ez duen horietakoa azken finean.
Non ikusi? Amazon.
6- 'THE VICTIM'
BBC katearen The Victim telesail berria, gomendagarria baino, ezinbestekoa dela esango nuke . Lau ordu irauten dituen emozioen zurrunbilo batean murgilduko zaituelako. Aipamen berezia aktoreen lanari eta elkarrizketek garraiatzen dituzten tentsio, misterio eta une dramatikoei. Nor da biktima oso gaizki funtzionatzen duen sistema baten barruan? Sleeper Hit-a, literalki, loti arrakastatsua bezala itzulia, film, telesail edota abesti bati jartzen zaion etiketa izaten da, promozio eskasa izan arren, pixkanaka, ahoz-ahokoaren eraginez askotan eta era progresiboan, sekulako arrakasta lortzen duena. 2019ko Sleeper Hit-a, Years and Years-ekin batera, The Victim telesaila izango del apustu egingo nuke. Lau ataletan banaturiko drama xurgatzaile, gogor eta bikain honek, ume baten hilketaren inguruko kasu latz eta hunkigarri bat ardatz hartuta, Eskoziako sistema legalaren prozeduren inguruko ikuspuntu oso interesgarria eta mamitsua eskaintzen baitu. Eztabaidarako uneak sortzeaz gain, mahai-gainean, era ausartean kokatzen dituen hainbat gai polemiko ere jorratzen ditu.
Non ikusi? Filmin
7- 'THE VIRTUES'
The Victim eta Years And Years telesail zoragarriei, beste hirugarren bat gehitu behar diogu Ingalaterrako 2019ko urrezko triunbiratua osatzeko. Mina, barkamena eta familiari buruzko ezinbesteko harribitxia. Neurri batean Stephen Graham-en interpretazio ikaragarriari esker! Latza, gordina baina ezinbestekoa.
Non ikusi? Filmin