Udan girotutako filmak

Udan girotutako filmak Uda sasoia izanik, batzuetan antzematen ez den arren, giro eta garai horretan kokatutako istorioak dituzten hamar film bildu ditugu, zuk nahi duzunean haiekin gozatzeko. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/udan-girotutako-filmak/@@download/image/collage film.jpg
2021/08/11

Testua: Maitane Legarreta Etxezarreta
@mailegetx

Uda sasoia izanik, batzuetan antzematen ez den arren, giro eta garai horretan kokatutako istorioak dituzten hamar film bildu ditugu, zuk nahi duzunean haiekin gozatzeko.
Udan girotutako filmak

Kanpoaldean ibiltzeko gogo nabarmena izaten da eguzkia irteten den garaian, batez ere naturaz gozatzeko grina pizten zaigu. Horretaz gain, oporrak tarteko baditugu behintzat, denbora-tarte handiagoa izaten dugu aurreko hilabeteetan nahi beste egin ez duguna egiteko: libururen bat irakurri, telesailak edo filmak ikusi... Egun osoan zehar hara eta hona ibili eta gero, gauean pelikula bat ikusteko aprobetxa dezakegu edo Euskal Herrian nahi baino sarriago izaten dugun arratsalde euritsu horietakoren batean. Bada, hementxe dituzue uda garaian girotutako hamar film, zuek nahi duzuena hautatu eta ikusteko.

THE FLORIDA PROJECT (2017)

Sean Bakerren pelikula honetan sei urteko Mooney neskatoa da protagonista, Haley amarekin Floridako motel baten bizi dena, Disney World-etik gertu. Udako egunak motelean bizi diren laguntxoekin igarotzen ditu bere kabuz, helduen zaintza handirik gabe, eta bihurrikerietan aritzen dira sarritan. Bihurrikeriak gero eta larriagoak izango dira, ordea, eta ondorioak izango ditu horrek. Bestetik, Mooney-ren ama den Haley lanik gabe geratu da eta diru-laguntzak jasotzeko zailtasunak dituenez, turistei koloniak saltzen dizkie moteleko alokairua ordaindu ahal izateko. Egoera okertzen den heinean, dirua beste modu batera lortzen saiatuko da eta egoera korapilatuko du horrek.

Istorioa bizi-bizi sentituko du ikusleak, eta oso erreal, dokumentala izango balitz bezala. Umeen benetakotasunak, Willem Dafoeren lanak eta beste elementu askok bihotza samurtuko dizute.

DO THE RIGHT THING (1989)

Spike Leek idatzi eta zuzendutako komediadun drama da, bero handiko egun batean New Yorken gertatutako istorioa kontatzen duena. Leek berak gorpuztutako Mookie da protagonista, auzoko pizzeria italiarrean lan egiten duen 25 urteko pizza banatzailea. Sal izena du bertako nagusiak eta haren bi semeek lan egiten dute berarekin. Lokaleko paretetetako batean italiar jatorriko amerikar ospetsuen argazkiak dituzte zintzilikatuak eta bezero batek afroamerikarren irudirik ez ipintzea aurpegiratuko die. Horretarako asmorik ez dutela ikusita, negozioari boikot egiteko ideiarekin itzuliko dira eta giroa berotu egingo da. 

Duela hiru hamarkada baino gehiago egindako pelikula  izan arren, gaurkotasun handiko gaiak jorratzen ditu. Emakumeek filmean duten errepresentazioa kritikatu izan da eta, alde horretatik herren egiten dutela onartu behar den arren, bere garaiko zein oraingo beste lan batzuetan gertatzen den bezala, bestelako ekarpenak egiten ditu kontakizun honek. 

STAND BY ME (1986)

Estatu Batuetako Oregon estatuko herri txiki batean bizi diren hamabi urteko lau mutiko dira komedia, drama eta abentura uztartzen dituen film honetako pertsonaia nagusiak. Ikasturtea hasi aurreko asteburuan, laurek txangoa egingo dute desagertu den mutiko baten gorpuaren bila. Asteburu horretan izango dituzten abenturak ikusteaz gain, mutiko bakoitzaren kezkak eta ezinegonak ezagutuko ditugu: dolua, familiako kideen arteko harremanak, etorkizunerako nahiak eta ametsak...

Filma ikusteak gaztetxotako oroitzapenak piztuko dizkizu. Horretaz gain, mutikoen ziri eta bihurrikeriekin barre egin eta hunkitu ere egingo zara haien arteko elkarrizketa batzuk tarteko. River Phoenixen lanak ere zimiko egingo dizu. 

KUTXIDAZU BIDEA, IXABEL (2006) 

Joxean Sagastizabalen izen bereko liburua ikus-entzunezkora egokitu zuten 2000ko hamarkadaren erdialdean, antzezlana egin ostean. Mikel Losadak gorpuzten du udan Tolosaldeko baserri batera euskara ikastera joandako Juan Martin gazte donostiarra. Juan Martin kaletarrak baserriko bizimodura eta bizikideen hitz egiteko moldera eta izaerara egokitu beharko du. Hori gutxi balitz, bertako alaba Ixabelekin txoratuko da. 

Hamaika aldiz ikusita ere, irribarrea sarri sorrarazten duen pelikula da, momentu ilunen bat edo beste baduen arren. Gipuzkoaldeko herri txikietako garai bateko udako giroa eta festak ere biziko dituzu bide batez. Ikusi baduzu ere, merezi du beste behin gozatzea!

ESTIU 1993 (2017)

Carla Simonek idatzi eta zuzendutako istorioa 1993ko udan kokatua dago, izenburuak adierazten duen moduan. Sei urteko Frida umezurtz geratu da, gurasoek pairatutako ihesa dela medio, eta Bartzelonatik alde egin eta landa-eremuan kokatutako etxera joango da bizitzera izeba-osaba eta bera baino gazteagoa den lehengusinarekin. Bizimodu berri batera egokitzeko tartea izango da familiako kide guztientzat; Fridak mina onartu eta aurre egin beharko dio, eta guraso berriek zailtasunen aurrean zer egin eta nola lagundu asmatu beharko dute.

Dokumentala ikusten ari zarela irudituko zaizu, eguneroko bizitzako kontu xumeak agertzen baitira, modu patxadatsuan eta arretatsuan kontatuak. Neskatoen arteko harremanak, botere borrokak tartean, eta familia dinamikak harrapatu egingo zaitu. 

MOONRISE KINGDOM (2012)

Wes Andersonek zuzendutako lan honetan kanpamenduetan dagoen Sam 12 urteko mutiko umezurtz estatubatuarra da pertsonaia nagusietako bat. Adin bereko Suzy ere irla berean bizi da familiarekin eta udan biek elkar ezagutu eta elkarri gutunak bidali ostean, harreman erromantikoa sortuko da euren artean. Elkartu eta badia bakartu batera ihes egiteko plana egingo dute baina, kanpamenduan Sam falta dela ohartu bezain pronto, euren arrastoaren atzetik abiatuko dira. 

Haurtzarotik nerabezarorako aldaketa, bakardadea, bazterketa, osasun mentala, gaztaroko maitasuna eta sexualitatea daude pelikularen muinean, nahiz eta ihesaldia egon lehen planoan. Komedia eta drama uztartzen dira, Andersonen estetika berezi, umore sarkastiko eta naturaltasun ezarekin. Bi aktore nagusien lanaz gain, Edward Norton, Frances McDormand, Bill Murray, Tilda Swinton eta Bruce Willisen talentuaz gozatuko duzu. Hain konbentzionalak ez diren pelikulak gustuko badituzu, zuretzat egokia izango da!

AUPA ETXEBESTE! (2005)

Telmo Esnal eta Asier Altunaren filmak arrakasta izan zuen eta bigarren zatia ere kaleratu zuten duela bi urte, Agur Etxebeste! izenekoa. Oporretara ateratzen diren egunean dirurik gabe geratzen diren Etxebeste familiaren ibilerak ditu ardatz. Bizilagunek ezer jakin ez dezaten eta itxurak egite aldera, etxean ezkutatuta geratuko dira oporraldiak iraun bitartean. Esandako gezurrak leporatuko dizkiote elkarri eta euren miseriak agerian geratuko dira baina, era berean, inoizko oporrik txarrenak izatekoak zirenak uste baino hobeak izango dira. 

Bere garaian kontakizunak batzuentzat surrealista samarra zirudien arren, aproposa izan daiteke berriz ikustea, konfinamendua pasa ondorengo begiradarekin. Komediaren atzeko dramari bestelako zentzua topatuko diogu ziur asko. Hori bai, irribarre egiteari utzi gabe!

CALL ME BY YOUR NAME (2017)

Luca Guadagninok zuzendutako lan honetan Elio Perlam (Timothée Chalamet) ageri da, 17 urteko gaztea, uda Italia iparraldean kokatutako gurasoen landa-eremuko etxean pasatzen ari dena. Igerian, irakurtzen edo musika entzuten igarotzen du eguna, harik eta aitaren laguntzaile den Oliver gazte amerikarra iristen den arte. Oliver liluragarria eta erakargarria irudituko zaio Eliori eta, gainera, judutar jatorria du, berak bezala. Hasieran jarrera hotza izango du Eliok, baina biak elkarrekin txangoak egiten hasiko dira eta euren arteko erakarpena sendotu egingo da. 

Irudi ederrak, sentipenak eta musika bizi-bizi bereganatzen dituen pelikula da. Arrakasta handia izan du eta sari garrantzitsuetarako izendapen asko jaso zituen bere garaian, baita zenbait irabazi ere. 

LES VACANCES DE M. HULOT (1953)

Atlantikoko kostako bainu-etxe baten inguruan kokatzen da Jacques Tatiren film hau. Frantziar udatiarrek hiriko ohiturekin jarraitzen dute oporretan ere, Hulot bere ibilgailu zaharrarekin agertzen den arte, berak etengo baitu ordura arteko lasaitasuna. Haurrek eskertuko dute, ordea, guztiek opor ahaztezinak biziko baitituzte berari esker. 

Zuri-beltzezko filmak ikusteko ohitura handiegirik ez dugun arren, merezi du komediaz eta kritika sozialaz betetako lan hau ikustea. Ez zara damutuko!

THE TALENTED MR. RIPLEY (1999)

Patricia Highsmithen izen bereko liburuan oinarritua dago pelikula eta 50eko hamarkadaren bukaera aldera kokatua. Manhattaneko zerbitzu enpresa bateko langile gaztea da Tom Ripley (Matt Damon) eta Princeton unibertsitateko jaka bat eskatuko du aire libreko festa batean pianoa jotzeko. Etxeko nagusi aberatsari bere seme Dickie-ren unibertsitateko laguna dela sinestaraziko dio eta harek mila dolar eskainiko dizkio Italiara joan eta semea etxera itzultzeko konbentzi dezan. Han Dickie (Jude Law) eta Marge (Gwyneth Paltrow) neska-laguna ezagutuko ditu eta haien bizimoduarekin liluratutako da. 

Thriller psikologikoa da Anthony Minguella zenaren lan hau, krimena, jeloskortasuna eta polizia-generoa nahasten dituena. Dramaren eta azpijokoen zalea bazara, gustatuko zaizu. Gainera, ezin da galdu Philip Seymour Hoffman eta Cate Blanchett pantailan ikusteko aukera.