Udako sosak

Udako sosak https://www.gaztezulo.eus/albisteak/udako-sosak/@@download/image/65p15-1_1365514708.jpg
2006/07/07
erreportajea
Nerea Lizarralde
Udako sosak
Urte guztia liburu artean eman ondoren, oporrez gozatzeko garaia iritsi zaigu ikasleoi; kontua da, oporretan diru gehiago xahutzeko joera dugula. Zein izan daiteke Irtenbidea? Lan pixka bat egitea. Hona hemen aukeretako batzuk.

JON CARRASCOSO, TxirrinGa-Taxi gidaria
Alemanian, Kuban, Holandan, Indian… arrakasta izan ondoren, Txirringa-Taxi (Txita) zerbitzua Donostiara iritsi da aurten. Bi gurpilen gainean dabilen taxia da Txita, eta gidariak motor baten laguntza izaten du errazago arrankatu ahal izateko. Jonek iragarki bat ikusi zuen unibertsitatean, eta probara aurkeztu zen. Batetik, izaera dinamikoa eta aktiboa eskatzen zuten, eta bestetik, trebetasun eta erresistentzia proba txiki batzuk gainditzea. Egitekoa honakoa da: "Goizean bizikletak errebisatzen ditugu. Ura eta janaria prestatu ondoren, jende bila hasten gara hirian zehar", azaldu digu Jonek. "Ni kirola egiten ohituta nago, eta eskerrak horri. Bestela oso gogorra izango litzateke goizeko 11etatik arratsaldeko 7ak arte hemen egotea. Oro har, lana oso atsegina da. Aiton-amonek izugarri gozatzen dute". Jonek kontatu digunaren arabera, turisten artean oso harrera ona izan du Txitak. Zerbitzua uda honetan hasi bada ere, txitalariek badute zer kontatua: "Txekia eta Errusiako bi emakumek egun osorako kontratatu zuten lankide bat, bazkaltzera ere gonbidatu zuten jatetxe garesti batera. Beste batek, ordea, bien artean 220 kilo pisatzen zituzten bi bezero eraman behar izan zituen". Dena dela merezi omen du: "Txitalari izan nahi duenak guri galde diezaguke. Lan polita da, eta ondo ordaintzen dute: 1.200 euro hilean gutxi gorabehera".

    Alde onak
    -Bezeroak pozik eta gustura ibiltzen dira, ez da ia kexarik izaten.
    -Kirola egiten duzu, lanean ari zaren bitartean.
    -Kalean ari zara lanean, eta ez bulego itxi batean.

    Alde txarrak
    -Esfortzu fisiko handia eskatzen du.

EÑAUT ETXANIZ, udalekuetako begiralea
Haurrei errieta egin, jolas eta ekitaldi erakargarriak prestatzen saiatu, lagunengandik urrun egon… Hasieran, ez dirudi begirale izatea lan polita izan daitekeenik. Halere, Eñautek argi dauka begirale izatearen alde onek aise konpentsatzen dituela desabantaila guztiak: "Txikitatako esperientziak berriz bizitzea bezala da; jolas egin, jendea ezagutu, naturaz gozatu… Hala ere, lanean ari zara; beraz, betebehar eta ardura batzuk dituzu. 8:30ak aldera jaikitzen gara, gosaldu egiten dugu, eta goizean txango edo ekintzaren bat egin ondoren, bazkaltzen dugu. Bazkalostean, atsedena hartzeko tarte bat egoten da. Arratsaldean, berriz, beste ekintzaren bat egin, meriendatu eta oheratu baino lehen (22:30ak aldera), gaubela egiten dugu".

Eñautek bere lankide bati gertatutakoa kontatu digu: "Behin mendira joan ginen eguna pasatzera. Arratsaldean, jaitsieran, ume batek min hartu zuen orkatilan. Begirale bat zauria sendatzeko geratu zen berarekin, eta gainerakoek aurrera jarraitu zuten. Bat-batean galdu egin zela konturatu zen. Hantxe ibili ziren biak, ordubete galduta, bueltaka, koberturarik gabe…".

Euskal Herriko aisialdi eskola, elkarte eta aterpetxe ugarik udalekuak antolatzen dituzte, eta diputazioek ere eskaintza zabala dute alor honetan. Interneten bilatuz gero, erraza da zerbait topatzea, eta zure udaleko kultura sailera ere joan zaitezke informazioa eskatzera. Normalean 10-15 eguneko txandak izaten dira, eta 400 euro inguru irabaz daitezke, gutxi gorabehera. Ekaina bukaeran, uztailan eta abuztuan antolatzen dira udalekuak, eta 3 bat txanda egoten dira hilabete bakoitzean. Badaude urte osoan zehar antolatzen diren udalekuak ere. Lan honetan aritzeko, derrigorrezkoa da begirale titulua izatea. Bestalde, esperientzia asko baloratzen dute udalekuetako begiraleak hautatzerakoan, baina ez da oso zaila lana lortzea, jende mordoa behar dutelako.

    Alde onak
    -Dibertigarria da. Umeek bezain ongi pasatzen duzu jolasetan eta bestelako ekintzetan.
    -Jende irekiarekin lan egiten duzu, eta oso giro ona sortzen da.
    -Kanpoan lan egiten duzu, ingurune naturaletan

    Alde txarrak
    -Oso neketsua da, gau eta egun aritu behar baituzu haurrak zaintzen. Beti irribarretsu ibili behar duzu, umeek zure nekea, haserrea, frustrazioa… nabari  ez dezaten.
    -Begiralea ez ezik, medikua, psikologoa, pedagogoa… ere izan behar duzu askotan.
    -Txandak irauten duen bitartean, zure lagunekin ez duzu ia kontakturik izango.

AITOR SAN FRANCISCO eta ANDONI ALBIZU, zerbitzariak
Andonik dagoeneko bost urte daramatza, udan, Donostiako kaiko Igeldo jatetxean lanean. Aitor, ordea, iaz aritu zen lehen aldiz zerbitzari lanetan. "Mahaiak jarri, platerak garbitu, entsaladak egin, entremesak prestatu, zaborra atera… denetik egin behar da. Andoniren bidez lortu nuen lana. Ez nuen batere esperientziarik, baina, behin zerbitzari lanetan ibiliz gero, erraza da edozein jatetxe edo tabernatan lan egitea", dio Aitorrek. Ordutegia oso intentsiboa eta gogorra da: 10:00etatik 16:30ak arte, eta 19:00etatik 23:30ak arte lan egiten dute. Hala nahi izanez gero, nagusiak jatetxean bertan bazkaldu, afaldu eta lo egiteko aukera ematen die langileei. Honela, behinik behin, soldata aurrezteko aukera dute Aitorrek eta Andonik. 1.400 euro irabazten dituzte hilean. Zerbitzari lana aurkitzea ez da zaila, batez ere udan. Terrazetan, jatetxeetan… langileak behar dituzte. "Niretzat sakrifizio handia da; nire lagun guztiak oporretan, eta ni lan eta lan aritzen bainaiz. Behintzat, portuko giroa atsegina da, eta lankideak ere gazteak dira", azaldu digu Aitorrek.

    Alde onak
    -Atzerritarren eskupekoak.
    -Jende gaztearekin lan egitea.
    -Ez duzu irabazitako dirua xahutzeko denborarik. Aurrezteko mundiala!

    Alde txarrak
    -Uda lanean ematen duzu. Turistak, lagunak… oporretan dauden bitartean, zuk lan eta lan aritu behar duzu.
    -Ordu asko eman behar dira lanean.
    -Lan neketsua da.

FRAN PEREZ aulkiak eta mahaiak
Franek ikuskizunetarako aulkiak eta mahaiak alokatzen dituen enpresa batean lan egiten du. Jaiak, bazkari herrikoiak, kontzertuak… mota guztietako ekitaldietan ibili da. "Normalean, enpresak herriko gazteak kontratatzen ditu; baina mota honetako enpresak ezagutuz gero, ez da zaila lana lortzea. Ez dute titulurik edo esperientziarik eskatzen, jende gaztea bilatzen dute", diosku. Fran eta bere lankideek furgoneta kargatzen dute, eta zerbitzua kontratatutako lekura joaten dira dena prestatzera. Ikuskizuna amaitzerakoan, berriz, dena jaso behar dute. "Ez dago ordutegi finkorik, enpresak behar zaituenean deitzen zaitu; goizeko zazpietan, goizeko ordubietan… Astean zehar nahiko lasai ibiltzeko aukera dago, baina astebukaeran leher eginda amaitzen duzu. Dena den, ondo ordaintzen dute, 1.500 euro hilean gutxi gorabehera". Askotan, aspergarria da kontzertua edo afaria noiz amaituko zain egon beharra, baina batzutan, batez ere alkoholaren eraginez, gauza xelebreak ikusten direla aitortu digu Franek: "Aulki gainean zutik jarri eta lurrera erortzen diren pertsonak, adibidez".

    Alde onak
    -Kontzertuak eta bestelakoak doan ikusteko aukera duzu.

    Alde txarrak
    -Ordutegi arraroa duzu. Ez dakizu zehatz noiz deituko zaituzten lanerako.
    -Jaia edo ikuskizuna bukatu arte itxaron behar da dena jasotzeko.

CRISTINA RODRIGUEZ, Hotel bateko harrera zerbitzuko langilea
Pertsona atsegina bazara, hizkuntzekin ondo moldatzen bazara, eta ostalaritza alorreko ikasketarik baduzu —Turismo diplomatura, adibidez—, hotel batean lana bilatzen saia zaitezke. Cristinak curriculum ugari bidali zituen, eta azkenean, udan harrera zerbitzuan lan egiteko deitu zioten. Logelak banatu, bezeroen check in eta check out-ak kudeatu, erreserbak egin, telefonoa hartu, informazioa eskaini... denetik egin behar da hoteleko harrera zerbitzuan. "Hamaika istorio entzuten dira harrera gelan, eta mota guztietako jendea etortzen da hotelera. Gogoan dut, Arabia Saudiko aberats bat etorri zenekoa. Beste batean, AEBetako talde batek izugarrizko iskanbila sortu zuen; alkohol botila batzuk erori zitzaizkien lurrera, mutil bat odoletan hasi zen, eta larrialdietara deitu behar izan nuen". Ordutegia gogorra da, hala ere. Kasu askotan uniformea jantzi behar dute langileek, Cristinaren kasuan, uniformea nahiko handi gelditzen zitzaion; "hoteletik nire arropa jantzita ateratzen nintzenean, bezeroek ez ninduten ezagutzen".

    Alde onak
    -Herrialde askotako jendea ezagutzeko eta hizkuntzak praktikatzeko aukera duzu.
    -Ez da lan mekanikoa, egunero gauza bereziren bat egiteko aukera duzu. Asko ikasten duzu.

    Alde txarrak
    -Ardura handiko lanpostua da; hotel txikia baldin bada, batez ere.
    -Bezeroekin zuzenean tratatzea oso aberasgarria da, baina haien haserreak eta kexak ere entzun behar izaten dira.