Udako narrazioak (VI): 'Errekarriak'

Udako narrazioak (VI): 'Errekarriak' https://www.gaztezulo.eus/albisteak/udako-narrazioak-vi-errekarriak/@@download/image/pexels-marina-m-8356201.jpg
2022/08/24
erreportajea

Testua: Maitane Legarreta Etxezarreta
@mailegetx

Argazkia: Marina M

Udako narrazioak (VI): 'Errekarriak'

Zeru urdina eta eguzki bete-betea ikustean, Lagun eta biok buelta bat ematera atera gara, oporretarako hartutako lotokia atzean utzita. Toalla garbia hartu dut badaezpada, ibilaldiaren ostean bainutxo bat hartzeko tentazioa izango dugu-eta beharbada. Uste baino gogorrago jotzen du eguzkiak, hezetasun handia dago eta ohi baino gehiago nabari dut berotasuna maldan gora goazela.

Halako batean, itzal eremura iritsi gara, eta eskertu dugu ekik emandako behin-behineko su-etena. Errekaldera iritsi garenerako, mingaina kanpoan dugula gaude Lagun eta biok, ura edan eta uretan freskatzeko premian. Erreka ertzera hurbildu eta harrien gainean zabaldu dut toalla. Lagun uretara sartu da, eta gustura dabilen arren, berriz atera da niregana etortzeko. Gorputza astindu, eta urez zipriztindu nau, barrura sartzeko gonbita eginez.

Arropa kendu eta pixkanaka sartu naiz uretan, harik eta gerritik gorakoa ere brastakoan busti dudan arte. Ur freskoak baretu du azalean pilatutako eguzkiaren sua, eta aurpegia ere igurtzi dut bizpahiru aldiz. Indarberrituta atera naiz errekatik, eta toallarekin lehortu dut gorputza. Harrien gainean jarri dut berriz, gainean esertzeko asmotan, eta Lagun ere hurbildu da. Azken hilabeteetako kezkak uxatzea lortzen ari naiz egunotan, eta azkenaldian behin baino gehiagotan gain hartu didaten arren, mendean hartu ditudan harriak direla iruditzen zait orain, toallarekin estali eta ipurdi azpian ditudanak bezala.

Harriei begira jarri eta hautsita dagoela dirudien bat topatu dut nire ezkerraldean. Umetan harrien bila aritu ohi ginen udan, amaren herriko errekan. Bertan bizi zen Amalurrekin batera ibili ohi nintzen egunero. Ni harri ederrenen bila aritzen nintzen, bilduma dotorea osatzeko asmoz. Amalur, berriz, forma arrarodunak eta itsusienak bildu nahian aritzen zen. Berarentzat haiek ziren onenak.

Kosta egiten zitzaigun udako abentura guztien ondoren elkarri agur esatea, hurrengo uda urrun baitzegoen guretzat. Eskola egunez eta etxeko lanez betetako egunak genituen zain, eta guk ordura artekoan jarraitu nahi genuen, aisialdiaz eta bizitzaz gozatzen, betebeharrekin ahaztuta.

Hamabi urte bete genitueneko uda hartan ikusi nuen Amalur azkenekoz. Orduan ez genekien azkena izango zenik, baina harriak elkartrukatu genituen. Hark bere bildumako alerik bitxiena oparitu zidan, bere izena idatzita zuela. Nik zailtasunak izan nituen aukeraketan, pena ematen baitzidan kutunena nuen harria ematea, Amalur asko maite nuen arren. Azkenean, eskuzabal jokatzea erabaki nuen, eta eskura eman nion gainean ‘Ihintza’ idatzita zuela. Amalurrek aitari zulotxo bat egiteko eskatuko ziola esan zidan, soka bat jarri eta lepotik zintzilik eramateko. Betiko jabetzan izan nahi nituen objektuen kutxan gorde nuen nirea.

Hamahiru urtera iristean, ez nuen amaren herrira joan nahi izan, lagunekin udako planak egin eta inguruko herrietako parrandaren batez edo bestez gozatzeko asmoa bainuen. Eginahalak eta bi egin zituzten gurasoek ni konbentzitzeko, baina amore eman eta aiton-amonen etxean geratzeko baimena eman zidaten. Ez nintzen puska batean hara itzuli, eta bisita haietako batean jakin nuen Amalurren familia beste norabait joan zela bizitzera, aitaren lana zela medio.

Ez dakit Amalurren harria kaxa hartan egongo ote den oraindik, amari galdetuko diot gurasoen etxera joaten naizenean. Garajeko armairuan gordeta egongo da akaso, aitak zakarretara bota ez badu behintzat.

Poltsan izan ohi dudan errotuladorearen bila hasi naiz. Puskaturiko harria hartu, eta ‘Amalur’ idatzi dut bertan. Poltsan sartu ditut biak. Neure bildumarako moduko besteren bat topatu nahian nabil, baina ez dut egokirik aurkitu. Geuretzat nahi ez genituenak, errekara bota ohi genituen, bere habitat naturala hura zelakoan. Bat hartu eta uretara jaurti dut, zenbat eraztun edo uhin sortzen dituen ikusteko. Bi besterik ez dira atera, eta berriz egin dut saiakera, txikiago batekin. Bat gehiago honek.

Bazkaltzeko garaia hurbiltzen ari da eta erreka ertzean dabilen Laguni deitu diot, abiatzeko tenorea baitugu. Altxatu, eta toalla biltzearekin bat, inguruan ikusi gabeko harri eder bat agertu da. Eskuetan hartu dut, eta arretaz aztertu dut, haren bihurgune eta xehetasunei erreparatuz. Zalantza izpirik gabe, badu bildumarako adina kategori. Aspaldian halakorik jaso gabea nintzen. Errotuladore beltzarekin idatzi diot nire izena. Amalurrena hartu dut ezkerreko eskuan, eta nirea eskuinekoan. Elkarrekin batera gaude biok, aspaldiko partez.

AURREKO NARRAZIOAK
Udako narrazioak (V): 'Postala'
Udako narrazioak (V): 'Postala'

Udako narrazioak (IV): 'Altxorraren bila'
Udako narrazioak (III): 'Hodeietan gozo'
Udako narrazioak (II): 'Ziztada
Udako narrazioak (I): 'Itsasoaren besarkada'