Udako narrazioak (IV): 'Altxorraren bila'

Udako narrazioak (IV): 'Altxorraren bila' https://www.gaztezulo.eus/albisteak/udako-narrazioak-iv-altxorraren-bila/@@download/image/pexels-hissetmehurriyeti-8519430.jpg
2022/08/10
erreportajea

Testua: Maitane Legarreta Etxezarreta
@mailegetx

Irudia: Zeynep Taşdelen
@hissetmehurriyeti

 

Udako narrazioak (IV): 'Altxorraren bila'

Aitona-amonek emandako lehen pista du Anaitzek eskuetan. Maite du baserrian ‘Altxorraren bila’ jokoan aritzea, arrastoari jarraika, eta amaieran zer topatuko duen ez jakitea. Nahia eta Joseba lehengusuekin batera ibili ohi da horretan, baina gurasoekin oporretara joan dira karabanan, Frantzia, Belgika eta Holandara. Haien falta sumatzen du, batzuetan euren arteko ika-mikekin gogaitzen badute ere. Inbidia ere sentitzen du, berak ez baitu askorik bidaiatu oraindik. Asturias aldera joan ziren pare bat udatan, lagun batzuk ere egin zituen Anaitzek han, baina azken bizpahiru urteetan udak Euskal Herrian igaro ohi dituzte. Amari Asturiasko lagunak noiz ikusiko dituen galdetzen dionean, hark ez dakiela erantzuten dio, ahal dutenean joango direla berriro.

Aitona-amonekin bakarrik bazkaldu du gaur Anaitzek, Urbasan baitira gurasoak. Katalunian bizi diren Eñaut eta Ainhoarekin, gurasoen lagun-minekin, elkartu ohi dira urtero garai berean, egun pasa egiteko. Goizean mendi buelta eman eta elkarrekin bazkaltzen dute. Arratsaldean, berriz, kontu-kontari eta kantu-kantari aritzen dira. Eñautek gitarra jotzen du eta gainerakoek abestu. Anaitzek behin baino gehiagotan esan die gurasoei gaizki kantatzen dutela eta Ainhoari uzteko, hark belarri eta ahots fina duela, musikako irakasleak Ilargi gelakideari esaten dion moduan, baina barre egiten dute gurasoek, eta haiek ere ondo pasatu nahi dutela erantzuten diote.

Anaitzek ez du joan nahi izan gaurkoan, Eñaut eta Ainhoaren seme Arnau ez delako han. Harekin elkartu eta jolasean aritzen dira biak, aspertu arte. Egia esan, nekeza da Arnaurekin aspertzea, oso mutil bizia eta irudimentsua baita. Gauza asko ikasten du Anaitzek berarekin, eta katalanez hitz batzuk ere erakutsi izan dizkio. Uda honetan Estatu Batuetara joan da, ordea, hilabeterako, ingelesa ikastera.

Hurrengo pistari heldu dio Anaitzek. “Lurrean zuloa egiteko balio duen tresna” irakurri, eta pala edo aitzurra ote den garbi ez duen arren, lan-tresnak gordetzen dituzten lekura jo du. Pala-buruan aurkitu du papera. Berau hartu eta hurrengo lekura joateko idatzitakoa irakurri du. Oilategira bideratu ditu pausoak, baina aurrekoetan baino motelago doa, palak pisatu egiten baitio eskuineko besoan. Azkenean, atzealdean arrastaka eramatea erabaki du.

Oilategian sartu eta bertako etxolaren ertzean aurkitu du paper zatia. “Aitonak gerizpean lo-kuluxka egiten duen tokia”. Berehala ulertu du baserri atzera joan behar duela. Pala lepo atzean jarri, bi eskuekin helduta, eta hara abiatu da bixi-bixi. Aitona bertan zain izango duela pentsatu du, baina ez da inor ageri.

Zuhaitzaren magalean beste ohar bat dago. “Topatu piperrak eta egin zuloa azpian”. Pauso batzuk eman bezain laster ikusi ditu piper gorriak lurrean, gurutzatuta, ixa baten forman. Pala hartu eta pixkanaka lurra kentzen hasi da, eta bere aldamenera botatzen. Ez du zulo handiegia egin beharrik izan, begi-bistan zerbait badela antzemateko. Pala lurrean utzi eta belauniko jarri da, gainerako lurra eskuekin erretiratzeko.

Halako batean, kutxa marroi baten gainaldea agertu da eta hura bertatik ateratzeko buru-belarri hasi da tiraka eta zuloa gehiago irekitzen. Hura ateratakoan, azpian liburu bat agertu da. Biak eskuetan hartu ditu eta hobeto kendu die lurra. Kutxa zabaltzean aparatu gris bat ikusi du, baina ez du zer den arrastorik ere.

Sukaldera joan da Anaitz korrika, aitona-amonek misterioa argitzen lagunduko diotelakoan. Bilobak zer dakarren ikusita, irribarre egin dute biek. Aparatu grisa erakutsi eta zer demontre den galdetu du aurpegi harrituz. Aitonak hura bi eskuekin hartu, ezpainetan jarri eta pieza bat jo du. Liluratuta du begira Anaitz, ordura arte ez baitu sekula aitona jotzen aditu. Aspaldian baztertua izan duen arren, oraindik ere soinu ederra ateratzen du, jakinda joz gero.

Harmonika izenez omen da ezaguna instrumentua, hala azaldu dio aitonak, baina berak ahoko soinua deitzen diola, hala ikasi zuela gaztetan eta. Bere garaian nahikoa astindu eman ziola eta orain bere txanda dela. Gustura hartu du Anaitzek oparia, eta zer kantu jo duen jakin nahi du, berak ere huraxe ikasteko. Bob Dylanen kantua dela esan dio, baina izenburua ez duela gogoratzen, amari galdetzeko, gaztetxoa zela haren letra ikasi eta kantuan aritzen zela. Gauean, etxeratzean, Blowing in the wind kantua dela azalduko dio amak, eta Youtuben jarriko dio entzuteko.

Ahoko soinuarekin saiakera batzuk egin ostean, eta zarata arraroak besterik ateratzerik lortu ez duenez, ordura arte askorik erreparatu gabeko liburuari heldu dio. ‘Enid Blyton’ izena ageri da azalean, eta ‘Bostak’. Amarena izandakoa dela kontatu dio amonak, liburu bilduma horren zale amorratua zela, eta makina bat aldiz irakurri zituela. Anaitzi zentzugabea iruditu zaio liburu bera behin eta berriz irakurtzea, istorioa bera izanik: “Zertarako irakurri, zer gertatzen den eta nola bukatzen den baldin badakizu?”. Amonak irribarre egin dio, bere garaian itaun bera egiten baitzion berak ere alabari. Egun batez, urtetan komentario bera entzuteaz nazkaturik, hala ihardetsi omen zion Anaitzen amak: “Kontu nagusiak gogoan izaten ditut, bai, baina ezinezkoa da xehetasun guztiak memorian gordetzea. Bolada baten ondoren berriz hartzen dudanean, aurrez jabetu gabeko zertzeladaren bat topatzen dut beti, edo guztiz ulertzen ez nuen zerbait barneratzen dut. Testua bera da, baina ni ez, eta horrek aldatu egiten du irakurketa”. Erantzun haren ostean, ez zion berriro aipamenik egin.

Honezkero gosetuta egongo dela, eta tortilla ogitartekoa ekonomikaren gainean dagoela gogorarazi dio aitonak. Aitonak gustuko duen moduan, tortilla tarte batez egon da ogi barruan, mamia bustitzen, azala beratzen. Anaitzek ere aitonaren erara egitea nahi izaten du, aitona jakintsua baita.

Tortilla jaten eta lur azpian aurkitutako altxorrei begira ari da Anaitz, poz-pozik. Egoik Lizarrako kanpineko abenturak kontatuko dizkio eskolako lehen egunean, eta Enarek Cambrilsekoak, baina berak ere badu zer kontatu eta zer erakutsi.

AURREKO NARRAZIOAK
Udako narrazioak (III): 'Hodeietan gozo'
Udako narrazioak (III): 'Hodeietan gozo'

Udako narrazioak (II): 'Ziztada
Udako narrazioak (I): 'Itsasoaren besarkada'