Uda telebistaren aurrean

Uda telebistaren aurrean https://www.gaztezulo.eus/albisteak/uda-telebistaren-aurrean/@@download/image/22p45-1_1369741820.jpg
2002/09/06
erreportajea
Amets Arzallus/Ander Usabiaga


Amaitzear dago uda. Hilabeteotan uda ezagun izan da txoko askotan. Ez zeruan, baina bai, ordea, telebistan. Telebista "klima" berrira "egokitu" da uztailean eta abuztuan (Karibeko klimara agian, ez bazterrotan izan dugunera…). Bere programazio ia guztia hankaz gora bota eta era guztietako berrikuntzak egin ditu, bi hilabeteotan bere lagun egin gintezen.

ETB ere halaxe ibili da. Zeinek ez du ikusi "Bexamela" edo "Basaetxea"? Akabo Arraldeko kontuak, akabo "Sorginen Laratza", eta horien ordez, morboa bilatzen duten programak eskaini dizkigu. Eta zer esanik ez, udako jaiez hizketan hasi ezkero. Ipurdia mugitu gabe hiriburuz hiriburu, festaz festa, ibiltzeko aukera eman digu. Teknologiaren aurrerakuntzak ez duelako ematen, bestela telebistatik bertatik mozkortzeko aukera emango ligukete.

Hala ere, kate erdaldunak ere ez dira atzera gelditu. Nola espainiarrek hala frantziarrek, herrien arteko lehiaketa apartak apailatu dituzte. Uretan busti eta inbidia sortuko baligute bezala. Edo bigantxa txikien aurrean korrika eginez, sanferminetan sentituko balira bezala. Eta Espainiako TVEn, "Grand Prix" lehiaketan, berriro ere Ramon Garcia aurkezle bizkaitarra protagonista! Eta oraingoan Oihana Etxeberria donostiarra lagun!

Egia esan, nahiko barregarria bada telebistak bi hilabetez eskainitakoa. Baina tira, urte guztia udaren zain pasa, uda iritsi, eta uda telebista aurrean pasatu duenak ez zuen besterik merezi. Eguraldiaren aitzakia jarriko dute zenbaitek, hala ere…

Marrazki bizidunak



Goizean jaiki eta Euskal telebista pizten baduzu, Doraemon ikusiko duzu, eta Doraemon ez bada, Sin Chan, eta Sin Chan ez bada, beste marrazki bizidunen bat. Arratsaldean siesta egin ordez, Euskal Telebista pizten baduzu, beste hainbeste. ETBk eguneko hamar ordutan marrazki bizidunak ematen ditu. Ikusi eta ikusi, azkenean, gu ere marrazki bizidun bihurtu gara.