Txuletagile trebeak

Txuletagile trebeak https://www.gaztezulo.eus/albisteak/txuletagile-trebeak/@@download/image/19p20-1.jpg
2002/05/03
erreportajea
Sara Soria
Txuletagile trebeak
Azterketak hurbil daude eta ikasle askok gainditzeko teknika berezia erabiliko duzue: txuletak. Irudimentsua, argia, eta zure nerbioak kontrolatzeko gai bazara, ezaugarri aproposak dituzu gure txuletagile adituaren aholkuak jarraitzeko.

Txuletak egiteko teknika ugari daude eta nork bere abileziaren arabera aukera ditzake. Ikasgai eta irakaslearen arabera, bat ala bestea aukeratzen jakin behar da.

Azken urteotan, teknologiaren aurrerapenak txuletagintza hobetu du. Batez ere, eskuz eta letra txikiz egin baino, ordenagailuan, word-ean, tamaina txiki-txikian egin edo fotokopiagailuan testuak txikitu daitezkeelako. Azken teknika hau oso aproposa da geografiarako. Baina kontuz gero atlas zaharrekin, gertatu izan baita azterketan ikasleek Txekoslobakia, Sobietar Errepublika Sozialisten Batasuna eta antzeko astakeriak jarri izana!

Walkmana

Teknologia berriekin jarraituz, gaia walkman batean grabatu eta ondoren azterketan entzun daiteke, aurikularrak ile artean ezkutatuta. Ez ahaztu poliki-poliki grabatu behar dela. Izan ere, irakaslea zinta gelditzen ala atzera botatzen ari zarela konturatzen bada, akabo. Txuletarik klasikoena papertxo batean letra txikiz idatzitakoa da, edozein tokitan ezkutatu eta kontu handiz atera daitekeena. Esan bezala, irudimena funtsezkoa da kontu honetan. Lekurik erabilienak: estutxea, erlojua, azterketa orriaren azpian, aulkia, poltsikoa, galtzerdia... Zeloa erabiliz gero, aukera gehiago dago: kamiseta edo gonaren azpialdean, aurrekoaren sorbaldan, erregelan...

Boligrafoa eta tipex-a

Papertxoa biribilkatuz gero, hobeto ezkuta daiteke txuleta. Besoan jarritako goma batean biribilka daiteke, adibidez. Ondo egiten bada, luzatu eta nahi duzun informazioa irakurri ondoren, bere kabuz bilduko da txuleta. Beste aukera bat pergamino baten modura biribilkatzea da. Alegia, papera bi muturretatik biltzea. Hau eginez gero, txuleta biratzen joan zaitezke esku batekin, bestearekin idazten duzun bitartean. Teknika ezaguna da, era berean, boligrafoaren barruan sartzea eta biratzea.

Boligrafoarekin badago beste aukera bat, pazientzia handia eskatzen duena: boli garden batean konpas baten puntaz grabatzea. Abantaila da distantzia normal batetik irakasleak ez duela ezertxo ere ikusten, baina beharbada, txuletagintza baino artelana da hauxe.

Badira sormen handiko trikimailuak, tipex-arena, esaterako: tira luze eta fin batean txuleta idatzi eta neurtzeko metro txiki batean itsatsi ondoren, lehorrean borratzeko tipex horietako bat ireki eta barruan sartu. Azterketan, puntatik tira egin ezazu, txuleta ikusiko duzu, eta badaezbada, irakaslea hurbiltzean, ziztu bizian bildu ahal izango duzu.

Orria aldatzea

Dena den, azterketan irakasle batzuek boligrafoa izan ezik, gainerako guztia mahai gainetik kentzea eskatu ohi dute. Kasu hauetan onena paperezko zapian dena apuntatu eta sekulako marranta duzula itxura egitea da.

Matematika, fisika eta kimika azterketetan formulak apuntatzeko teknika bereziak ere badira. Adibidez, kalkulagailuan arkatzez apuntatu ditzakezu. Arbelean edota kortxoan "kamuflajea" erabiltzea ere ez da ideia txarra; izan ere, zirriborroen artean formulak ez dira nabarituko. Gainera, irakasleak aurkitzen badu, ezin du klase osoa kateatu…

Ezin aipatu gabe utzi orria aldatzeko teknika, berez txuleta ez den arren, oso zabalduta baitago. Dakizuenez, teknika honetan, aldez aurretik galderak lortu, erantzunak idatzi eta azterketan orria aldatu behar da. Irakasleek, ordea, neurriak hartu ohi dituzte. Esaterako, azterketa orriei milimetroak moztu, grapak jarri edota ikastola edo unibertsitatearen logodun orriak erabiltzen dituzte.

Zenbait aholku



Ez hitzez hitz kopiatu, hanka sartzeak jartzea komeni da. Ez ahaztu ez dela erraza bitik bederatzira pasatzea, eta azterketa bikainegia eginez gero, irakaslea kontura daitekeela.

Txuleta eskuan idatzita baduzu, ez ezazu besoa altxa galderarik egiteko. Eta txuleta pilot batez idazten baduzu, ez ezazu eskua aurpegian jarri. Ikasle batek, behin, txuleta ahurran idatzirik zuela, eskua kopetan jarri zuen eta markatuta gelditu zitzaion!

Behin erabiliz gero, txuleta txikitu behar da lehenbailehen. Izan ere, txuletagile batek, behin, azterketa bukatu ondoren, komunera bota zuen. Biharamunean, mahai gainean txuleta aurkitu zuen… eta baita zero ederra ere azterketaren orrian. Harrigarria, baina gertatu gerta daiteke!