Txongilaren sekretua

Txongilaren sekretua https://www.gaztezulo.eus/albisteak/txongilaren-sekretua/@@download/image/28p31-1.jpg
2012/12/13
berria
Seguru asko, behin baino gehiagotan ikusi dituzu aitona-amonak txongiletik edaten. Eta edan ondoren, ura oso freskoa dagoela esaten dute beti. Zergatik mantentzen da ura freskoa txongilean? Horra hor hilabete honetako galdera.
Txongilarena ez da aitona-amonen trikimailua. Egia da ura bertan sartuz gero, freskoago egoten dela. Eta hori zuk zeuk egiaztatzea nahi dugu. Har ezazu buztinezko txongil bat, urez bete, eta zure etxeko txoko ilunen batean utzi. Hori bai, beharrezkoa da txoko hori ondo aireztatuta egotea. Txongila uzterakoan, uki ezazu, tenperatura antzemateko. Handik bizpahiru ordura, berriro ere ukitu, eta lehen baino askoz ere hotzago dagoela ohartuko zara. Aitona-amonen txongilak ez du huts egiten. Izan ere, buztinaren porositateak ura txongileko paretetatik pasatzen uzten du. Ura kanpora irteterakoan lurrundu egiten da, eta horregatik, txongila kanpotik bustita egon ohi da. Prozesu hori gauzatzeko, urak txongileko paretetatik beroa hartzen du; ondorioz, paretak hoztu egiten dira eta barrualdeko ura lehen baino freskoago dago.    
Hori bai, keramikaz egindako txongiletan ezin da esperimentua egin, keramikak buztinaren porositatea estaltzen du eta.