Txinak klima artifizialki aldatuko du

Txinak klima artifizialki aldatuko du 2025 urterako prezipitazioak ugaritzeko sistema bat garatuko du. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/txinak-klima-artifizialki-aldatuko-du/@@download/image/1488690794-000hkg10240360.jpg
2020/12/16
berria

Ane Urrutikoetxea @aneurruti

2025 urterako prezipitazioak ugaritzeko sistema bat garatuko du.
Txinak klima artifizialki aldatuko du

Klima Aldaketa dagoeneko errealitate bat da, eta bere ondorioak ezagutzen hasiak gara, azaletik bada ere; dena den, adituek argi utzi dute datozen urteetan ondorio horiek geroz eta larriagoak izango direla, errefuxiatu klimatikoak eta desastre naturalak areagotuz. Gauzak horrela, orain arte Klima Aldaketaren prebentzioa izan da estrategia onartuena; CO2 emisioak gutxitu, birziklatu, kontsumoa murriztu... baina Txinak bidezidorra hartzea erabaki du, klima artifizialki eraldatuz.

Txinaren planen arabera, herrialdeko klima kontrolatzeko programa esperimental bat jarriko dute martxan; programa horrek 5,5 milioi kilometro karratuko meteorologia kontrolatzeko gaitasuna izango du, hau da, Txina erdia. Euria kontrolatzea da programa honen helburu nagusia, hala, nekazal guneetako produktibitatea bermatzeko eta desertu bilakatzeko arriskua duten guneak kontrolatzeko. Horrekin batera, desastre naturalak ekiditeko ere balioko du programa horrek, eta baita egun bizi baldintza gogorrak eskaintzen dituzten lur eremuak erakargarriagoak bilakatzeko, Quinghai-Tibet meseta kasu (azken helburu hau 50 urtez okupatuta egon den Tibet guztiz konkistatzeko estrategia dela salatu dute).

Baina, nola lortu daiteke klima kontrolatzea? Dirudienez, hezetasun handia duten hodeietan zilarrezko ioduroa txertatzen bada kondentsazioa ugaritzen da euria eraginez. Beste modu batean azalduta, hodeiak "ereitean" datza programa hori. Txinako Gobernuak dagoeneko 1.000 milioi euro inbertitu ditu programa honetan, eta bost urtetan martxan jartzea espero dute. 

Adituek diotenez, baina, metodo honek baditu bere arriskuak, izan ere, euri prezipitazioak artifizialki handitzeak bestelako eraginak izan ditzake kliman, kontrolik gabeko elurteak kasu. Txinan eragina izateaz gain, inguruko herrialdeek ere jasan ditzakete ondorio horiek.