Txat woman

Txat woman https://www.gaztezulo.eus/albisteak/txat-woman/@@download/image/45na_1367862329.jpg
2004/10/01
erreportajea
Txat woman
Interneteko solasguneetan asko ligatzen omen da. GAZTEZULOk hori egiaztatu nahi izan du, eta aldizkariko lige aditu Txat Woman, solasguneetan murgildu da. Ligatuko al du? Hona hemen esperientziaren kronikatxoa.

Arratsaldeko 17:00ak dira, eta www.euskalerria.org webgunearen solasgunean bost lagun daude: Txarli, Kitu, Danu, Ikaro eta Bugi. Nire burua Txuri bezala auzkeztu eta denak agurtu ditut. Gero, haien aurkezpenak etorri dira: 16 eta 18 urte bitarteko gazteak dira, guztiak mutilak, Danu salbu. "Ni neska naiz, oriotarra", dio Danuk. Lau mutil eta bi neska, beraz; nahasketa polita. Gogoko norbait ezagutzeko eta ligatzeko aukeraren bat izango ahal dut!

Galdeketa zorrotza

Hasi da galdera zaparrada, eta kalean jendea ezagutzeko erabiltzen diren ohiko galderak nagusi dira: Nongoa zara? Zenbat urte dituzu? Ikaslea al zara? Horra hor gure erantzuna: "19 urteko neska naiz, Donostiakoa, eta irakasle izateko ikasten ari naiz".

Solasgune batera jotzen dudan lehendabiziko aldia dela esan diet, lotsati samarra naizela eta jendea ezagutu nahi dudala. Kitu:"Hemen hori erreza dun". Dioenez, 22:00etatik aurrera ibiltzen da jende gehien.

Solasaldiak aurrera egin du. Antza, denak ikasleak dira. Ongi, amonak bikotekide ikasia hartzeko esaten dit eta!

Ikastetxeko gora-beherez aritu gara. Danu: "Matematika gorroto dut". Ikaro: "Niri literatura gustatzen zait, batez ere irakaslea". Kontxo, literaturazale bat! Txarli, aldiz, gona edo galtzazale da: "Niri soinketa gustatzen zait, ikaskideak galtza motzetan ikusteko".

Giroa berotuz

Hizketan ari garela, buruan bueltaka dudan galdera bota dut: "Eta hemen, ligatzen al da?". Mutilen erantzuna berehalakoa da. Bugi: "A sako". Kitu: "Sexoa topera". Ikaro: "Orgiaaaa". Tira, leku egokira jo dudala dirudi.

"Eta ez al dizue beldurrik ematen ezezagunekin ligatzeak", galdetu dut. Txarli: "Jendea ez ezagutzeak bere xarma du. Zuk imajinatzen duzu nolakoa den bestea".

Beraz, jendeak ez du elkar ezagutzen. Lige birtualak besterik ez dira? Sexu orgia birtuala? Danuk uxatu du nire kezka: "Ni, behin, batekin geratu nintzen, nire hirikoa zelako". Itxaropena eta jakin mina nagusi. Kitu: "Eta zer gertatu zen?". Txarli: "Zirririk bai?". Danu: "Paseoan ibili ginen". Ikaro: "Eta ez zenuten larrua jo?" Danu: "Ez bada".

Gela pribatuan

Bugirekin hizketan ari naiz, biok bakarrik. Izan ere, guneak gela pribatuak ere baditu, solaskideak elkarrekin ari daitezen. Jendea baztertzeko aukera ere badago bertan.

Bugik proposatu dit gelara joatea. "Ligatu nahi duzu ala?", galdetu dit. "Eta zuk?". Bugik aukera zabalik utzi du: "Pertsonak merezi badu".

Bugi Arrasatekoa omen da, eta oraingoz ez duela gustuko inor aurkitu esan digu. "Ez dut itxaropena galdu", gaineratu du, badaezpada.

Luze aritu gara hizketan, gure zaletasunez, batik bat: mendia, zinema… Euskal musika gustatzen zaio: "Kuraia ikusten izan nintzen, Bergaran". Nire talde kuttunetakoa dela esan diot.   Azkenean, hurrengo egunerako hitzordua ipini dugu, berriro elkarrekin hizketan aritzeko. Solasgune berera joko dugu, 18:00etan.

Hurrengo hitzordua

Eta hurrengo egunean, urduritasuna. Ez dakit Bugi agertuko den. Solasgunera sartu, eta Danu eta Txarli daude. Eta baita Xiberotarra izeneko lagun bat ere. Bugi, ordea, ez da inondik inora agertu. Akaso, beranduago… Danu: "Kaixo, Txuri". Xiberotarra: "Iepa".

Solasa hasi da. Xiberotarra lantokian omen dago: "Eta nagusia ez dagoenez…". Jai du Euskal Herriak langile guztiak horrelakoak badira! Xiberotarra da hitz egiten duen bakarra, eta bat-batean alde egin du: "Lan eguna amaitu dut". Ni ere banoa, ez baita Bugi azaldu. Agian, beste egunen batean...

Alferrik

Bugik huts egin zuenetik, txat-era sartu eta harekin harremanean jartzen ahalegindu naiz. Hala ere, ez dut inon topatu. Beste solaskide batzuk izan ditut eta Danurekin askotan aritu naiz. Hala ere, ligatu ligatu, gutxi. Beharbada, tematiagoa izanez gero… Hau da, egunero-egunero txat-ean ibiliko banintz, gustuko beste norbait aurkituko nuke, agian. Edo Bugi bera; batek daki. Nork ordainduko luke telefono faktura, ordea?

Euskarazko solasguneak


Sarean badira euskarazko solasguneak. Esaterako, www.aisia.net-en, "Txutxu muxuka" izenekoa. www.euskalerria.org eta www.kaixo.com guneek ere badituzte txat-ak. Solasguneetara sartzea erraza da: ezizena jarri eta barrura!