Txakurrak ere gauetan esna mantentzen dira euren arazoetan pentsatzen

Txakurrak ere gauetan esna mantentzen dira euren arazoetan pentsatzen Gu bezalaxe, gure lau hankadun lagun iletsuak esna egon litezke, estresa dela eta, euren arazoetan pentsatzen, hala dio behintzat ikerketa batek. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/txakurrak-ere-gauetan-esna-mantentzen-dira-euren-arazoetan-pentsatzen/@@download/image/perro-caza-griego-comodamente-escondido-debajo-toalla.jpg
2023/05/08

Testua: Jaione Dagdrømmer @hellehellei

Gu bezalaxe, gure lau hankadun lagun iletsuak esna egon litezke, estresa dela eta, euren arazoetan pentsatzen, hala dio behintzat ikerketa batek.
Txakurrak ere gauetan esna mantentzen dira euren arazoetan pentsatzen

Pertsonen portzentaia txiki bat, besterik gabe etxera iristen da lanetik, jan egiten dute, telebista apur bat ikusi, ohera joateko prestatzen dira eta lo egiten dute. Sinpleki, estres eta kezkarik gabe. Bitartean, gutako gehienok etxera iritsi eta kozinatzeko zein nekatuak gauden aldarrikatzen dugu, etxera janaria eskatzen dugu, gaueko ordu-biak arte Netflix ikusi eta gero lo egiten saiatzen gara, askotan lortu gabe gure pentsamenduak direla eta ez direla. Bada egoera hau ez dugu gizakiok bakarrik bizitzen. Gure txakurrek ere jokabide berdina dituztela behatu da. 

The Royal Society aldizkarian argitaratutako Hungariar ikerketa batek dio txakurrek gaizki lo egin lezaketela estresa dela eta. 
Esperientzia positibo edo negatiboak izan ondoren txakurren lo patroiak behatu dira ikerketa honetan. Esperientzia positiboa txakurrei gustatzen zitzaien zerbait izan zen, hauek laztantzea edo eurekin jolastea. Esperientzia negatiboak denbora luzez lotuta egotea, pertsonek kasurik ez egitea denbora luzez edo ezezagunen batek begietara begiratzea mehatxu jarreran. 

Espero zen bezala, gure antzera, behatu zen esperientzia negatiboak izan zituzten txakurrek gau txarra igarotzen zutela, bueltak eta bueltak ematen zituzten, lo sakonik eskuratu gabe. Bestalde, esperientzia positiboa izan zutenen lo konstanteagoa mantendu zuten. 
Ikerketak behatu du txakurrek lo azkarrago hartzen dutela egunean zehar esperientzia negatibo bat gertatu bazaie, gure antzera ziurrenik, mundu honetako arazoez ahaztu ahal izateko. 

Ikerketan parte hartu zuten txakur guztiei utzi zitzaien hiru orduz lo egiten, ikertzaileek euren garuneko uhinak monitorizatzen zituzten bitartean. 

Ikertzaileek adierazi zuten txakur bati gau txar batek ez diola eragingo, baina esperientzia ezkorrak erregulartasunez gertatzen badira arazoak sortu litezke. Aurretik egindako ikerketek berretsi dute txakurrek, gizakiok bezala, ikaskuntzan emaitza hobeak eskuratzen dituztela ondo lo egiten badute.