Txaber Altubek irabazi du Bertsolari Gazteen Lizardi Sariketa

Txaber Altubek irabazi du Bertsolari Gazteen Lizardi Sariketa Abadiñoarrak eskuratu zuen txapela ostiraleko finalean eta Sarai Robles nafarra izan zen bigarren. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/txaber-altubek-irabazi-du-bertsolari-gazteen-lizardi-sariketa/@@download/image/lizardi albiste.jpg
2021/09/06

Testua: Maitane Legarreta Etxezarreta

Irudi nagusia: Urola Kostako Hitza

Abadiñoarrak eskuratu zuen txapela ostiraleko finalean eta Sarai Robles nafarra izan zen bigarren.
Txaber Altubek irabazi du Bertsolari Gazteen Lizardi Sariketa

Ostiralean jokatu zen Zarautzen Bertsolari Gazteen 45. Lizardi Sariketa eta, ohikoa den moduan, giro ona sortu zen bertaratutakoen artean. Saio ona egin zuten parte hartutako sei bertsolariek eta Txaber Altube abadiñoarrak jantzi zuen txapela 284,5 puntu lortuta. Sarai Robles barañaindarrak egin zuen bigarren, irabazleak baino hamar puntu eta erdi gutxiago aterata. Horrela kokatu ziren gainerako bertsolariak sailkapenean, hirugarren postutik azkenekora, hurrenez hurren: Aitor Servier azkaindarra, Andoni Mujika urnietarra, Aitor Zubikarai itziartarra eta Ekhine Zapian berarra. 

Motxian bertso-eskolako Juan Mari Juaristi kideak jarri zion txapela Altuberi, Araban nahiz Zarautzen bertsogintzari lotuta egindako lanaren aitortza gisa. Bigarren saria, berriz, Irune Urbieta Kultura zinegotziak eman zion Roblesi.

Puntuaziorik altuena eskuratu zuen bertsoa Andoni Mujikak abestu zuen, kartzelako ariketan. Izarren hautsa doinuan bi bertso bota zituen eta lehenengoagatik bertso onenaren saria eskuratu zuen. Horrela zioen gaiak: Badakizu, ziurrenik, negarrez hasiko dela. Hala ere, esan egingo diozu. Bikotekideagandik bereiztear den gurasoaren paperean sartu zen urnietarra, eta bien haurrari banaketaren berri eman zion bertsotan. Horrela amaitu zuen lehen bertsoa: "Nahiz ta ez dezun merezi / guk behar degu berezi". 

Finaleko bertsoen hautaketaz gozatzeko aukera izango da gaurtik aurrera bertsoa.eus webgunean.