Trufa haluzinogenoak

Trufa haluzinogenoak https://www.gaztezulo.eus/albisteak/trufa-haluzinogenoak/@@download/image/drogak_151_1398693390.jpg
2014/05/05
erreportajea
Testua: Maitane de Anitua, Ai Laket!! elkartea
Trufa haluzinogenoak
Trufa haluzinogenoen jatorrizko izena ‘esclerotium’ da, eta ‘trufa magikoak’ edo ‘filosofoen harriak’ bezala ere ezagunak dira. Psilozibina eta psilozina kantitate handiak dituztenez, onddo haluzinogenoen ahaidetzat hartzen dituzte.


Psilozibina eta psilozina duten 200 bat onddo mota ezagutzen dira, baina horietako gutxi batzuek baino ezin dituzte trufa haluzinogenoak sortu. Adibidez, gaitasun hori dute Psilocybe tampanensis eta Psilocybe mexikarra onddoek, eta berauetatik eratortzen dira Sclerotia tampanensis eta Sclerotia mexikarra trufak. Onddoak mizelio lizunaz beteriko zuloetan hazten direnean, lizun hori gogortu egiten da, eta horren ondorioz sortzen dituzte trufak.

Hainbat herrialdetan psilozibina eta psilozina debekatu zirenean onddoetan erreparatu zuten, baina trufak aintzat hartu ez zirenez, azken hauen salmentak gora egin du azken urteetan. Adibidez, Holandako smartshopetan (substantzia psikoaktiboak saltzen dituzten dendak) onddo haluzinogenoak ordezkatu dituztela esan daiteke, eta erabiltzaileen artean ere gero eta ospe handiagoa lortzen ari dira. Gainera, Interneteko hainbat webgunetan trufa haluzinogenoak eros daitezke, baita growshop (haziak saltzen dituzten dendak) batzuetan ere. Dena den, gurean ezin dira kaletik eraman edota bertan hartu, ez baita legezkoa.

Eraginak
Trufen eraginak substantziaren (trufa mota eta kantitatea), pertsonaren eta testuinguruaren araberakoak dira, baina psilozibina duten heinean, orokorrean, errealitatearen hautematea aldatzen dutela esan daiteke. Eraginak normalean kontsumitu eta 20-60 minutura hasten dira, eta hiru edo lau orduz iraun dezakete, baita gehiago ere. Oro har, lehen bi orduetan nabaritzen dira eragin indartsuenak, baina pertsonaren arabera intentsitateak gorabehera asko izan ditzake.

Droga mota honen kontsumoak ondoko ondorio mentalak izan ditzake: eraginak ikusmenean eta soinuaren hautematean, lasaitasun eta ongizate sentipena, alaitasuna, barregura, espazio edota denboraren hautemate ezberdina, sormenezko pentsamenduak edo pentsamendu filosofikoak, zentzuen areagotzea edota harridura sentipena. Eragin fisikoen artean, berriz: giharren lasaitzea, hotz edo hotzikara sentipena, buruko mina, sabeleko sentikortasuna, goragalea, egarria edota kontsumitu osteko nekea.

Bestalde, beste droga mota batzuekin gerta daitekeen bezala, trufek ere bidaia txarrak eragin ditzakete, batez ere, odol presioaren eta erritmo kardiakoaren areagotzeak, izerdiak, goragaleak edota ezinegonak sortutako beldurragatik. Dena den, bidaia txarra desatsegina izan arren, ez du zertan kezkagarria izan, eraginak denborarekin desagertzen direlako. Hala ere, horrelako kasuetan, batez ere emozionalki laguntzeko, komenigarria da trufak hartu ez dituen konfiantzazko lagun bat alboan izatea eta giro lasaian egotea; zukuek eta azukreak ere lagundu ohi dute.

Beraz, trufak kontsumitzerako orduan, kontuan izan ondoko gomendioak: ondo sentitzen zarela ziurtatu, leku lasai eta segurua bilatu, konfiantzazko pertsonez inguratu, kontsumituko ez duen norbait hurbil izan, bakoitzak behar duen denbora hartu, trufak sabela hutsik duzula hartu eta bestelako drogekin ez nahastu. Trufak gordetzeari dagokionez, egokiena hutsean ontziratzea da, eta horretarako aukerarik ez dagoenean, hozkailuan gordetzea.