Trenbidea eraikinetatik bi pausotara

Hanoi Vietnameko trenbide sareko elkargune garrantzitsua da. Baina ez hori bakarrik, trenbideek eskaintzen duten irudi singularraren jabe ere baita. Norantza bakarreko bideak eraikinetatik oso gertu daude; literalki, bi pausotara, etxeko atean. Distantzia falta arriskutsua den arren, biztanleak ohituta daude. Egunean zehar trenbidearen alboan aulkietan jartzen dira, edo burdinezko erreien gainean eseri edo etzan, baina arratsaldeko laurak eta zazpiak jotzen dutenean, etxean gordetzen dira, trenari bidea libre utzi eta ezbeharrik gerta ez dadin. Hala ere, maiz izaten dira istripuak. Zifra ofizialen arabera, Vietnamen, urtean izandako heriotzen %2 trenak harrapatutako istripuen ondorioz gertatu ohi da.