Trans banderaren koloreekin margotu dute Bilboko jarleku bat

Trans banderaren koloreekin margotu dute Bilboko jarleku bat Trans umeen eskubideak agerira ekarri eta defendatzeaz gain, Naizen elkarteko familien lana balioestea du helburu ekimenak. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/trans-banderaren-koloreekin-margotu-dute-bilboko-jarleku-bat/@@download/image/bankua.png
2022/02/23

Testua: Maitane Legarreta Etxezarreta
@mailegetx

Trans umeen eskubideak agerira ekarri eta defendatzeaz gain, Naizen elkarteko familien lana balioestea du helburu ekimenak.
Trans banderaren koloreekin margotu dute Bilboko jarleku bat

Naizen adingabe transexualen familien elkartearen eskariz, Bilboko Udalak trans banderaren koloreekin (arrosa, urdina eta zuria) margotu du eserleku bat Indautxu auzoko Areilza doktorearen zumar-kalean. Jarlekua margotzeaz gain, plaka ere ipini dute aurrealdean, zoruan. Ondorengo mezua irakur daiteke bertan: "Lehen, beren eskubideen alde borrokatzen ziren gizon eta emakumeak ziren. Orain, gure seme-alaben alde borrokatzen garen gurasoak gara. Eta ez dago hau geldituko duenik..."

Trans umeen eskubideak agerira ekarri eta defendatzea du xede ekimen honek eta baita Naizen Elkartearen lana nabarmentzea ere. "Udalak Naizen elkarteko familien lana balioetsi nahi du, adingabeen genero- edo sexu-nortasuna erabakitzeko orduan eragiten duten estereotipo ezarriak haustearren egiten ari den lana, alegia", adierazi du Juan Mari Aburto Bilboko alkateak. Transfobiaren eta diskriminazioaren kontrako borrokaren garrantziaz ere aritu da alkatea: "Udalaren betebeharra da diskriminazio ekintza oro atzematea, Bilboko edozein bizilaguni kaltea, atsekabea edo segurtasunik eza eragin diezaiokeen jokabide oro atzematea, eta are eta errimeago jokatuko dugu egoera horretan aurkitzen direnak adingabeak badira".

Gizarte osoaren konpromisoaren beharra ere azpimarratu du, "sexu joeragatik edo generoaren adierazpenagatik gertatzen diren era guztietako diskriminazioak, ezinikusiak edo bortizkeriak ezabatzeko bidean". Ikastetxeen egitekoa ere ezinbestekoa dela uste du Aburtok:  "Funtsezkoa da hezkuntza-sistemaren zeregina, adingabe hauei lagun egiteko eta haien bizimodua ahalik eta zoriontsuena izaten laguntzeko eginkizunean, leku seguru eta abegitsu bat eskaintzen dielarik beren nortasuna baieztatu ahal izan dezaten".