Trakabarraka: "Ametsetara joan gura genuke, muga barik"

Trakabarraka: "Ametsetara joan gura genuke, muga barik" https://www.gaztezulo.eus/albisteak/trakabarraka-quotametsetara-joan-gura-genuke-muga-barikquot/@@download/image/75-p34_1364241635.jpg
2007/06/01
elkarrizketa
Zihara Enbeita
Trakabarraka: "Ametsetara joan gura genuke, muga barik"
Trakabarraka. Iratxe Ostolozaga eta Olatz Eskiroz. Bilbo Zaharrean denda eta tailerra zabaldu berri dute. Ainhoa Urkijok propio eurentzat diseinatutako denda da, eta Nino Moneroren diseinu grafikoak ditu lagun. Euren diseinu propioez gain, beste gazte diseinatzaile batzuen arropak ere saltzen dituzte. Kasualitatez sartu ziren diseinu munduan bilbotar biak, eta "pentsatu barik" pausoak eman dituzte mundu horretan: "Gehiegi pentsatzen baduzu, ez duzu egiten".  

Orain artean zelan zabaldu dituzue diseinuak?
Ostolozaga: Dendetan. Urte bi eta erdi daramatzagu honetan. Laugarren arropa sorta egingo dugu orain. Lehenengo, kamiseta batzuk atera genituen, serigrafia batzuk, eta Euskal Herrian mugitu genituen. Denda gutxi ziren, jendeak ez zuen gure aldeko apusturik egiten, eta Euskal Herria txikia dela konturatu ginen. Dena den, guk ez dugu Euskal Herri osoa Trakabarraka-z bete nahi. Ezta denda jakin batzuetan egotea ere. Gure gastuei aurre egitea eta soldatatxo bat edukitzea nahikoa da; askatasuna eduki, gura duguna sortzeko. Bigarren arropa sortarekin, komertzial batekin hasi ginen, eta Espainiako Estatuan banatu genituen. Gaur egun, 18 bat dendatan ditugu diseinuak, baina errentagarri izateko, zer edo zer gehiago behar du-gu. Orain ferietan gabiltza, eta Europan ere mu-tu-rra sartzen ari gara.
Eskiroz: Dendek eskaera txikia egiten dute, aproba egiteko, eta momentuz ez digu askorako ematen. Jendea pixkanaka-pixkanaka animatzea nahi dugu guk.  

Goizegi da, beharbada, baina denda propioa zabaltzeak lagundu dizue?

E: Bai. Gainera, oso denda polita denez, lokala ikuste hutsagatik etortzen da jendea.
O: Propaganda handia egin digute. Nahiko ikusgarria da denda, lekua ere ez da ohikoa... Eta lan egiteko leku bat edukitzeak asko lagundu digu. Hain eroso, dena daukagu eskura, giroa sortzeko egokia ere bada...
E: Nahi gabe ateratzen dira gauzak hemen! Etxean ahalegina egin behar duzu; kontzentratuta egon behar duzu.

Orain artean nork bere etxean lan egin du?

E: Bakoitzak bere etxean, gero noizbehinka ge-ratu... Ez dugu toki finkorik izan, eta zailagoa izan da, beraz. Gauza batzuk, nire etxean; besteak, berean... Kaosa.
O: Askoz zailagoa da nork bere etxean lan eginda. Eta makinak ere... Hemen dena daukagu. Oso gustura egoten gara; argitasuna, musika…

Tailerra dendan bertan izateak ere erakarriko du jendea. Ez baita oso ohikoa.

E: Hemen ez, baina badaude era honetako dendak.
O: Ikuskizun antzeko bat ere bada; dena da erakusleiho, eta gu hemen, lanean. Gu ere ho-rrela bizi gara, horrela bizi dugu. Horrek ba-dauka morboa ere. Zer egingo ote dute? Hori bai, dendak txirrina dauka, eta hori oztopo izaten da, batzuetan, jendea dendara lasai sar dadin; hirugarren bueltan ausartzen dira sartzen.
E: Eta bat sartzen bada, ziur beste bat ere etorriko dela atzetik.
O: Horrela funtzionatzen du jendeak; denda beteta ikusten ez badu… Suposatzen dut ohitu arte izango dela. Bilbon ez delako formula hau oso ohikoa.

Trakabarrakak zer eskaintzen du? Zein leku betetzen du?

O: Bizimodu bat.
E: Gauzak ikusteko modu bat. Jendea janzteko orduan oso karratua da, egunerokoan kolorea ez-kutatu egiten da.

Zuen iritziz, ausardia faltta du jendeak. Aldaketarik ikusi duzue leku batetik
bestera?
O: Bilbon bada gauzak aldatzeko gogoa. Bilbo ere koloretan ikusteko. Gasteizen ez dugu oraindik gu-re arropa salduko duen dendarik lortu. Eta ahalegindu egin gara. Baina Euskal Herrian oso-oso klasikoak garela esatea ere… Denetarik dago. Bartzelonan bezala. Leku batzuetan jendea ez da batere ausarta; beste batzuetan, bai. Bilbo Zaharrean eta inguruetan, adibidez, jendea ausartagoa da, baina Gran Vian? Jendeak ez dio bere buruari galdetzen zertarako janzten den.

Zertarako janzten gara, zuen ustez?

O: Adierazteko.  
E: Komunikatzeko beste tresna bat da. Izan ere, lehenengo, horixe ikusten dugu. Kalean zabiltzala, ez duzu jendearekin hitz egiten, baina begiratu egiten diezu. Eta horrekin ere, zer edo zer adierazten duzu.
O: Estimuluak oso lotuta daude ikusmenarekin. Horrekin funtzionatzen dugu.  
Neskentzako arropa egiten duzue. Mutilentzat noiz egingo duzuen galdetzen al dizuete?
O: Bai. Inguru honetan, gay mugimendu handia dago, eta alor horri dagokionez, gay-ak aurreratuago daude. Haietako asko dendara etortzen dira, eta hori galdetzen digute.  
E: Pentsatua dugu, baina zaila da.

Neskena errazago saltzen omen da…

E: Nik uste dut baietz, baina ez gara oraindik saiatu mutilentzako arroparekin.
O: Guk gure buruan pentsatzen dugu, guk zer du-gun gustuko, eta guk gure burua eremu horretan ikusten dugu ondoen. Beraz, faltsua iruditzen zaigu, halako batean, mutilentzako diseinuak egiten hastea.

Modeloak ere zeuek izaten zarete, ezta?

O: Bai. Modeloak alde egin zuen, eta katalogorako argazkiak atera behar genituen. Eta diseinuak, berez, gure buruarentzat egiten ditugunez... Jendeari gustatu egin zitzaion, eta gainontzeko guztietan ere gauza bera egin dugu. Hurrengo katalogorako sorpresak ere izango dira.

Ikasten ere ari zarete…
E: Bai, patroigintza; Iratxe, joskintza, eta ni, industriala.
O: Azkenean, industriala beharrezkoa da ekoizteko. Eta joskintzan eskaintzen dutena ez dago diruz ordaintzerik; eskuz egindako lana oso garestia da. Helburua elkarren osagarri izatea da.

Zuen etorkizuna non ikusten duzue. Europan?

E: Bai. Guk ez dugu supermarkarik egin. Tokitxo bakoitzean pixka bat sartzea gura dugu, masifikazio barik. Horretarako leku asko behar ditugu, eta sakabanatuta.

Hemendik aurrera zer?

E: Bizi ahal izatea.
O: Desfileak ditugu egiteke. Ikuskizuna bioi gustatzen zaigu. Gure arropak, azkenean, badauka puntu komertziala. Eta guk ametsetara joan gura ge-nuke, muga barik. Horretarako, desfilea izan behar da, eszenaratzea, eta gehiago ikasi beharko dugu.