'Topaguneak' ikuskizunak dantza, musika eta eskultura uztartuko ditu Chillida-Lekun

'Topaguneak' ikuskizunak dantza, musika eta eskultura uztartuko ditu Chillida-Lekun https://www.gaztezulo.eus/albisteak/topaguneak-ikuskizunak-dantza-musika-eta-eskultura-uztartuko-ditu-chillidalekun/@@download/image/cartel_chillida_1462967718.jpg
2016/05/11
berria
Ekainaren 18an emanaldi berezia hartuko du Chillida-Lekuk. Donostia Kultur Hiriburuaren abagunean eta Zabalago Topaketak 2016 egitarauaren baitan, Kukai konpainiak gune artistiko honetarako propio diseinatu du obra hau.

Eduardo Chillidak bideak eta topaguneak aldarrikatzen zituen bere obra zein sormen prozesuetan. Era berean, Kukai Dantza Konpainiak euskal kultura tradizionala eta abangoardia uztartzeko ahalegina du zigilu nagusi.

Hala, Donostia Europako Kultur Hiriburua dela ospatzeko xedearekin eta Zabalago Topaketak 2016 egitarauaren baitan jaio da Topaguneak ikuskizun berezia. Ekitaldia ekainaren 18an izango da, iluntzeko 19:30ean, Chillida-Lekun bertan, eta emanaldirako 1.000 sarrera jarri dituzte salgai 15na eurotan.

Nolabait, jatorri ezberdineko artistak batuz, ibilbide berezi bat proposatzen du obrak, Chillidaren eskulturekin elkarrizketan, topagune berri bat sortuz. Jon Mayaren eskutik Kukai Dantza Konpainia, Marcos Morau koreografoa, Eduardo Chillidaren obra, Erramun Martikorena abeslaria, Joxan Goikoetxea musikaria, Zubietako Joaldunak eta Hernaniko Txalaparta Eskola elkartuko dira, hain justu, topagune berri horretan.