Tom Hiddleston. Etxerako modukoa

Tom Hiddleston. Etxerako modukoa https://www.gaztezulo.eus/albisteak/tom-hiddleston-etxerako-modukoa/@@download/image/aktorea_1446547593.jpg
2015/11/16
erreportajea
testua: Aitor Abaroa @abaroa37
Thor (Kenneth Brannagh, 2011) filmean, Asgardeko printzea, Trumoiaren Erregea, 1,98 metroko altuera duen ilehori gihartsua duzu alde batean; Chris Hemsworth galaia. Bestean, Loki Engainuaren Jainkoa, Thorren anaia adoptatua, txikiegia eta ahulegia izateagatik aitak abandonatu zuena; Tom Hiddleston. Eta filma ikusi duten milaka komikizaleak, aurreikuspen guztien kontra, Lokik liluratu ditu.


The Avengers (Joss Whedon, 2012) superheroiak batu dituen filmean Ironman, Captain America eta Hulk ere aurrean jarri dizkiozu, eta hala ere, zaleek Hiddlestonek gorpuztutako gaizkina maitatzen jarraitzen dute. Ez hori bakarrik, Marvelek filmetan gehiago agertuko ez dela jakinarazi duenean, fan itsu andanak sare sozialak sutan jarri dituzte. Marvel atzera bota, eta Loki bera protagonista duen filma errodatu daitekeela esatera atera behar izan da.

Badu zerbait, izar handien artean ere gutxi batzuek bakarrik dutena: naturaltasun erakargarri eta harrapatzaile bat, egiten duena egiten duela, mutil ezin majoagoa dela transmititzen duena. Cool-tasunaren paradigma da, hitzaren zentzurik onenean. Eta hori goxoki bat da edozein zuzendarirentzat.

Hala, Woody Allenek Midnight in Paris (2011) ederrean F. Scott Fitzgeraldenak egiteko fitxatu zuen, eta Steven Spielbergek War Horse (2011) arrakastatsuan sartu; publiko orokorraren gustuko aurpegia da Hiddleston. Bestalde, Terrence Daviesek Zinemaldira ekarri zuen The Deep Blue Sea (2012) protagonizatzea eskaini zion, eta Jim Jarmuschek Only Lovers Left Alive (2013) bikaineko banpiro alternatiboa izateko eskatu; zinezale exijenteenak ere maite du Londresko aktorea.

Bide horretan, High-Rise (Ben Wheatley, 2015) zoroan zentzua jarri duena izan da, Crimson Peak (Guillermo Del Toro, 2015) fantastikoan elegantzia gailenarazi duena edota I Saw the Light (2015) erdipurdikoan filmaren salbatzailea. Eta hala, Kong: Skull Island (Jordan Vogt-Roberts, 2017) arriskutsuaren berri eman dutenean ere, zaleak lasai geratu dira, Tom tartean baldin badago zerbait ona izango duela ziurtatuta baitago.

IZENA: Thomas William Hiddleston.


JAIOTEGUNA: 
1981-02-09.

JAIOLEKUA: 
Londres (Ingalaterra).

FILM MAITEENA:
 Heat (Michael Mann, 1995)

SUPERHEROI KUTTUNA:
 Christopher Reeven Superman.

KIROL GUSTUKOENA:
 Tenisa.

MAITE DU:
 Earl Grey tea esne tanta batekin.

GORROTO DITU: 
Marrazoak.