TMIBH: Zaratatsua bezain dantzagarria

TMIBH: Zaratatsua bezain dantzagarria https://www.gaztezulo.eus/albisteak/tmibh-zaratatsua-bezain-dantzagarria/@@download/image/66p10-2_1365508619.jpg
2006/09/01
erreportajea
Julen Azpitarte
Irailaren 15ean, This Moment in Black History (TMIBH) punk rock talde iparamerikarra ariko da Barakaldoko Edaska aretoan. Azkenaldion AEBetako underground mugimenduan sortutako talde interesgarrienetariko bat da, eta zuzeneko basatiak eskaintzen ditu.

Energiaz beteriko musika bortitza. Punk rocka eta hardcore klasikoa, teklatu elektronikoekin. Horixe egiten du This Moment in Black History (TMIBH) taldeak. Laukote honek "It takes a nation of assholes to hold us back" (Cold Sweat Records) izeneko disko berriko  kantuak aurkeztuko ditu Barakaldon. Ezinbesteko hitzordua da hardcore-punk zaleentzat, eta musika elektroniko indartsuena maite dutenentzat.

TMIBH 2001ean sortu zen Cleveland hirian, Ohio estatuan. Gaur egun, Bill Lamont bateria-joleak, Chris Kulcsar abeslariak, Buddy Akita gitarra-joleak, eta Lawrence Daniel baxu-joleak osatzen dute taldea. Taldekideetako batzuk AEBetako talde independiente garrantzitsuetan arituak dira (eta ari dira, gaur egun): Bim Lamontek Bassholes izeneko blues-punk bikotean jotzen du (aurten Donostian izan dira), eta Chir Kulcsar, aldiz, The Chargers Street Gang punk rock taldeko abeslaria izan zen (duela bi urte, Bergaran izan ziren).

Cleveland, eta Ohio estatua bereziki, lurralde historikoa da Iparamerikako punk rock estatubatuarrari dagokionez. Ohion, 70eko hamarkadan, Pagans, Devo, Dead Boys eta Rocket From The Tombs punk talde klasikoak sortu ziren, besteak beste. Punk munstro horien ondorengoak dira TMIBH.

Esaterako, abeslariak darabilen teklatua da TMIBHren ezaugarri nagusietako bat; bere garaian Devo eta Pere Ubuk egiten zuten bezala. Ukitu elektroniko horri, Washington hiriko Dischord zigiluaren babesean hazitako taldeen eskolako amorrua gehitu behar zaie —The Nation of Ulysses eta Circus Lupus, adibidez—.  Nahasketa hori da TMIBH.

Hona hemen datu argigarri bat: Ian MacKaye, Dischord zigiluaren jabea eta Fugazi eta Evens taldeetako kidea, erabat maiteminduta dago taldearekin. Emaitza, zaratatsua bezain "dantzagarria" da.

Hitz politikoak

Lau disko grabatu dituzte. Azkenekoak, "It takes a nation of assholes to hold us back"-ek, keinu egiten dio Public Enemy hip-hop taldearen "It takes a nation of millions to hold us back" disko ezagunaren izenburuari. Diskoa Steve Albini soinu teknikari ospetsuak grabatu du, eta bertan, hitz politikoez pozoindutako 17 punk rock eraso bildu dituzte. George Bush presidentearen bihurrikeriak, eta drogen gehiegizko erabilera dira, hitzetan jorratzen dituzten gaietako batzuk. Informazio gehiago: http://www.myspace.com/thismomentinblackhistory