Tipi-Tapa, tabernaz taberna pintxoak dastatuz

Tipi-Tapa, tabernaz taberna pintxoak dastatuz https://www.gaztezulo.eus/albisteak/tipitapa-tabernaz-taberna-pintxoak-dastatuz/@@download/image/tipi_tapa_1_1364898894.jpg
2013/04/02
berria
Tipi-Tapa, tabernaz taberna pintxoak dastatuz
Aurten bosgarren aldiz antolatuko dute Tipi-Tapa ibilbide gastronomikoa Usurbilen. Herriko bost tabernak antolatutako ekimena da, eta aurtengoan barazkiz eginiko pintxoak dastatzeko aukera izango da, edari eta guzti, soilik bi euroren truke. Igandean, apirilak 7, izango da.


Usurbilgo Aitzaga, Artzabal, Bordatxo, Txapeldun eta Txiriboga tabernek indarrak batu eta herriko nahiz kanpoko jatunak erakartzeko egitasmoa abian jartzea erabaki zuten orain bost urte. Hala sortu zen Tipi-Tapa ibilbide gastronomikoa, eta jendearen erantzun ona ikusirik, urtez urte antolatzen jarraitu dute.

Aurtengoan barazkiak izango dira protagonista. Datorren igandean, apirilak 7, tabernaz taberna joateko eta barazki kremaz, zainzuriz eta hirugiharrez, pistoz, kalabazinez eta barazki tortillaz osaturiko pintxoak bi euroren truke dastatzeko aukera izango da. Noski, haiek bultzatzeko urteko ardo zuri, gorri edo beltza; txakolina; sagardoa; zuritoa; muztioa edota ura izango dira aukera. Eta gainera, 1,5 euroren truke, pintxo berezia. Goiza pasatzeko eta elikagairik onenak probatzeko aukera ezin hobea!

Zozketa

Gainera, bi hilabetean behin egiten duten zozketa ere igandean egingo dute, eguerdiko 14:30ean Bordatxo tabernan. Zozketan parte hartzeko, bost tabernetako pintxoak probatu dituzula ziurtatzen duen zigilua aurkeztu beharko duzu, ez besterik, eta 300 euro irabazi ahal izango dituzu Hurbilago Merkatari eta Ostalarien Elkarteko saltoki eta jatetxeetan gastatzeko. Hala, tokiko merkataritzaren alde egiten dute, produkturik onenak eta kalitate gorena erosleen eskura jarriz.