TikToken berrikuntzak: audioak, inkestak eta argazki-sortak iruzkinetan
TikToken erabiltzaileen feedback eta iruzkinek berebiziko garrantzia dute, izan ere, erreakzioez gain, bideoaren gaiaren inguruko elkarrizketa eta eztabaidak ere sortzen dira bertan. Hitzez gain, argazkiak, stickerrak eta bestelakoak erabili ohi dira iruzkinetan, adierazpide gisa.
Tiktoken emandako datuen arabera, egunero 1.700 milioi iruzkin baino gehiago izaten dira plataforman. Hori dela eta, iruzkinei begirako zenbait berrikuntza iragarri dituzte. Horietako zenbait martxan daude jada, eta besteak pixkanaka 18 urtetik aurrerako erabiltzaileen esku izango dira.

Batetik, audioak bota ahal izango dira iruzkinetan, besteek entzun ahal izateko. Iruzkinen atalean mikrofonoaren irudia sakatu eta 60 segundora arteko mezua grabatu ahal izango da. Publikatuta dagoenean, edozein erabiltzailek gainean klik egin eta entzun ahal izango du. Beraz, idatzitakoa irakurtzeaz gain, entzuteko aukera ere izango da hemendik aurrera. Audioetan bideoaren inguruko hainbat erreakzio jaso ahal izango dira: barreak, egilearekin batera abestea, informazioren bat edo beste zerbait gehitzea...
Bigarrenik, iruzkinetan inkestak sortzeko aukera dago. Jarraitzaileek hainbat gauza erabakitzeko ahalmena izan dezakete, esate baterako zer jantzi, zer janari prestatu edo hurrengo bideorako ideien artean bozkatu. Sortzaileek iruzkinetan inkesta atala saka dezakete, eta gehienez bost aukeren artean hautatzeko inkesta jar dezakete martxan, haiek erabakitako denbora-tartean. Emaitzak iruzkinen atalean bertan agertuko dira.
Hirugarrenik, iruzkinetan argazki-sorta jartzeko modua ere egin dute, eta baita zuzeneko argazkiak ere. Erabiltzaileek bederatzi argazkira arteko sorta igo ahal izango dute. Esaterako, bidaia bateko bideoaz gain, argazkiak ere txertatu ahal izango dituzte iruzkinetan, ikuspegi osoagoa emate aldera.

