Tiko: "Realak lehen mailan jarraitzea nahiko nuke"

Tiko: "Realak lehen mailan jarraitzea nahiko nuke" https://www.gaztezulo.eus/albisteak/tiko-quotrealak-lehen-mailan-jarraitzea-nahiko-nukequot/@@download/image/18p35-1.jpg
2002/04/05
elkarrizketa
Raul Perez
Tiko: "Realak lehen mailan jarraitzea nahiko nuke"
Roberto Martinez Ripodas, "Tiko", Athletic-eko jokalari garrantzitsuenetakoa bihurtu da. 25 urteko iruñearrak gol ikusgarriak lortu ditu.  

Iaz Athletic ez zen oso fin ibili. Aurten, ordea, goiko postuetan zabiltzate. Zer egin du Heynckes-ek taldea suspertzeko?
Disziplinazale amorratua da Heynckes, jokalariok ezaugarri horiek barneratu ditugu eta emaitzak begi bistan daude. Goizegi da oraindik taldea Europan egongo den ala ez esateko, baina bide onetik goaz.

Nondik datorkizu Tiko goitizena?
Txikitan udan ordu asko pasatzen nituen igerilekuan, bertako lagunak Robertico esaten hasi zitzaizkidan, eta goitizen horrekin geratu naiz!

Ez zara familiako futbolari bakarra…
Ez, Patxi Ripodas eta Javier Mena osabak futbolari ohiak dira, eta osaben partidak ikusten zaletu nintzen. Patxi Ripodasek, Athleticera joan baino lehen, urte asko eman zituen Osasunan. Azkenean patuak erabaki du nik ere Osasunan eta Athleticen jokatu beharra.

Che Guevararen irudia duzu kamisetan. Zure idoloa al da?
Idoloak ez ditut gustuko. Dena den, Che Guevararen jokaera txapela kentzeko modukoa dela uste dut, bizia herri eta ideologia baten alde eman zuen eta. Gaur egungo gizartean beste balore batzuk nagusi dira, baina...

Idoloak ez dituzu gogoko, baina zaleen jokalaririk kuttunena zara…
Jokalaririk maitatuenak golegileak izan ohi dira. Azken partidetan gol asko sartu ditudanez, niri suertatu zait zaleen txaloak jasotzea.

Tiko gaztearen izena nonahi, ospea… Errazago ligatzen al duzu orain?
Argi dago, neskekin lehen kontaktua egiteko, ospetsua izateak laguntzen duela. Ez pentsa, hala ere, futbolaria naizenetik gehiago ligatzen dudanik.

Zein nahiago duzu, Bilboko gau giroa ala Iruñekoa?

Tamalez, azken urteotan parranda gutxi egin ditut. Iruñearra naizenez, Jarauta, San Frantzisko eta oro har Parte Zaharreko giroa atsegin dut.

Reala San Mamesen jokatutako partidan talde txuri-urdinaren aurkako oihuak entzun ziren. Zer deritzezu?
Harmailetan hamaika iritzi eta sentimentu biltzen dira eta jokalariok errespetatu behar ditugu. Dena den, nik euskal taldeek, Realak barne, Lehen Mailan jarraitzea nahi dut, inongo zalantzarik gabe.

Athleticen himnoa abestuko al zeniguke?
Ezta pentsatu ere, lotsa ematen dit. Zin egiten dizut, ordea, ondo baino hobeto dakidala: institutuan lagun athleticzale amorratu bat nuen eta egunero-egunero kantatzen zidan!