Thora Birch: Walkiria iluna

Thora Birch: Walkiria iluna https://www.gaztezulo.eus/@@site-logo/logoa.png
2012/12/13
erreportajea
Thora Birch: Walkiria iluna
Mutiko baten esperoan zeuden gurasoak. Jaiotzear zen haurraren izena ere aukeratua zuten. Thor ipiniko zioten, ekaitzaren jainkoaren omenez. Odinen semerik kuttunena ohoratu asmoz. Umekia, baina, matxinatu egin zitzaien. Supitoki. Senak etorkizuna emakumezkoena izanen zela xuxurlatu izan balio bezala. Thora Birch ilunaren estreinako matxinada zen huraxe.
Urrezko haurtzaroa bizi izan zuen Thora bihurriak. Hala, iragarki bakan batzuk egin ostean, zinema izar bilakatu zen berehala. Sei urte besterik ez zituela, "Purple People Eater" filmak arrakastaren ateak ireki baitzizkion. "Parenthood" telesailak, berriz, bere ospea areagotu zuen. Hori guztia gutxi balitz bezala, Harrison Ford aktorearen alabaren rola jokatu zuen "Patriot Games" eta "Clear and Present Danger" filmetan. Izar txiki baina distiratsua zen Thora Birch, zinez.
Nerabezaroak, ordea, eklipsatu egin zuen. Erabat. Hollywoodeko aitabitxien aburuz, ahatetsu itsusia ez baitzen zisne eder bihurtu. Ttipia eta arrunta izateaz gain, bere bihurguneak ez omen zirelako politikoki zuzenak. Zinema industria estatubatuarrak etengabe sortzen dituen ilehori oxigenatu, anorexiko eta pneumatiko horietatik oso urrun zegoelako. Antipodetan, alegia.
Urteak berun malutak balira bezala erori zitzaizkion bat-batean, anonimotasunik gordinenean hondoratuz bere glamour pipiatua. Ahanzturaren artxipielagoan itotzear zela, baina, Christina Ricci vamp independenteak utzitako uhara jarraitu eta belaunaldi berriko musa outsider ilun gisa berraragiztatu zen "American Beauty" garratzean. Walkiria ilunaren itzulera zen. Harrez geroztik, ezinbestekoa bihurtu da ekoizpen independente gogoangarrienetan. Terry Zwigoffen "Ghost World" aparta, lekuko.
Thora Birch errebeldeak, zeluloidezko barbie silikonatsu eta latindar trepalari beltzaranek ez bezala, ez du Tom Cruise otzanak ehizatzea atsegin. Pizti arriskutsuagoak ditu maiteago. Ixilean harrapatu eta zatikatzeko. Charles Bukowski zaharraren ipuin madarikatuko pantera beltza legez. Izan ere, interpretatzeko ahalmena duenak ez baitu ez propaganda arroxaren ez-eta edertasun iragankorraren beharrik.