The Who: mutikoak sasoian daude oraindik

The Who: mutikoak sasoian daude oraindik https://www.gaztezulo.eus/albisteak/the-who-mutikoak-sasoian-daude-oraindik/@@download/image/74p74_1_1364244525.jpg
2007/05/04
erreportajea
Julen Azpitarte
The Who Ingalaterrako banda mitikoak Barakaldoko BEC-en joko du hilaren 19an. Laukote klasikoa 60ko eta 70eko hamarkadetako rockak emandako onenetarikoa da; The Rolling Stones eta The Beatles taldeen parekoa, biok bezain ospetsu ez izan arren. 

The Who taldeak gaur egungo hamaika taldetan edo arte adierazpidetan izan du eragina. Haien eragina izugarria izan da, eta pop kulturak eta punkak etengabe erreferentziatzat izan dituzte My generation, I can't explain eta The Kids are allright himnoen sortzaileak.

The Who gurera dator, baina jatorrizko bi kide baino ez dira igoko BECeko Bizkaia Arena aretoko oholtzara: Roger Daltrey abeslaria eta Pete Townshed gitarra jotzailea. Izan ere, Keith Moon bateria jotzailea 1978an hil zen gaindosi batek jota, eta John Entwistle baxu jotzailea 2004. urtean zendu zen.

Hala eta guztiz ere, azken aldian The Who ikusi dutenen arabera, hasierako izpirituak bizirik dirau; jatorrizko The Who-ren erdiak ikuskizun itzela eskaintzen du. Gaur egun ez dituzte instrumentuak puskatzen kontzertu amaieran, gaztetan egin ohi zuten bezala, baina Townshed-en riff gitarrak indartsu entzuten dira oraindik —CSI telesail famatuaren kredituetan entzuten diren gitarra hotsak Townshed jaunarenak dira—. Daltrey-ren ahotsa, bestalde, apur bat behera egin duen arren, harro eta ozen igotzen da agertokira.

Taldearen joan den urteko emanaldietan, Pete Townshed-en anaia Simonek jo zuen baxua; danborrez Zak Starkey arduratu zen —Ringo Starr The Beatles bandako bateria jotzailearen semea dugu Zak Starkey— eta teklatuak Rabibit Bundrick-ek astindu zituen.

The Who 1963. urtean sortu zen The Detours izenarekin. Ondoren izena aldatu zuten. Pete Townshed izan da bandako konpositore nagusia, eta berak izan du Tommy eta Quadrophenia rock operen ardura nagusia.

Lehen aipatu bezala, laukoteak ez zuen The Beatles, The Rolling Stones edota Hendrix-en ospea lortu, baina oinarrizko banda da 60ko eta 70eko hamarkadetako rocka ulertzeko. Gaur egun edozein musikari, banda zein artistak aldarrikatzen duen koadrila dugu The Who.