Testu feministen itzulpengintzaren inguruko solasaldia antolatu du EIZIE-k

Euskal Itzultzaile, Zuzentzaile eta Interpreteen Elkarteak Testu feministen itzulpengintza: borrokarako beste tresna bat? solasaldia antolatu du Donostiako Tabakaleran kokatutako Kutxa Kultur plazan, irailaren 26an, 18:00etatik 19:30era. Amaia Astobiza Uriarte, Ana Morales Carro, eta Danele Sarriugarte Mochalesek parte hartuko dute jardunaldian.
Honela azaldu dute jardunaldiaren nondik norakoa: "Azkenaldian feminismoaren alorreko testu asko ekartzen ari gara euskarara, eta, apurka, bagoaz corpus txukun bat osatzen. Edukiei dagokienez, testu horiek erdiguneko zein bazterretako gogoeta eta eztabaida feministak elikatzen dituzte; terminologiari eta diskurtsoari dagokienez, berriz, nola eragiten diote elkarri bi alderdi horiek, hau da, gogoetak eta praktikak, batetik, eta testu-sorkuntzak, bestetik? Itzultzaile gisa, zer baliabide dugu testu idatzietako terminologia bateratzeko? Lortzen dugu mugimendu feministaren hizkuntza-ohiturak jasotzea eta haren gabeziak betetzea?".
Solasaldia streaming bidez ere ikusi ahal izango da EIZIEren webgunean.