Testu ederrak irakurri nahi? Deabruaren Eskolan duzu aukera!

“Testu ederrak irakurtzeko leku bat”, horixe besterik ez dela deabruareneskola.eus webgunean azaldu dute Irati Jimenez eta Mikel Soto idazleek, eta Esteban Montorio diseintzaileak. Hiruren artean atera dute aurrera egitasmoa, eta “literaturaren itsaso zabalean topatzen dugun edertasuna konpartitzeko proiektu bat” dela diote.
Eurei gustatzen zaizkien testuak hautatu dituzte, ederrak direnak, edertasunaren aldekoak, humanoak eta humanitatearen aldekoak, ezagutzaz beetak eta ezagutaraztearen aldekoak: “Batzuk osorik daude eta beste batzuetan amua baino ez dugu bota, baina denetan seinalatu dugu testuaren jatorria. Gizalegeak agintzen duelako eta irakurri nahi duenak, irakurtzen jarrai dezan nahiko genukeelako”, adierazi dute.
Irakurtzaletasuna sustatu eta literaturaren ezagutza zabaltzeko formatu askotariko testuak bilatu dituzte: iraganeko testuak edota gaurkotasuna dutenak, atarian badira baita ere elkarrizketak, fikziozko eta ez fikziozko testuak, gutunak, kronikak, analisi kritikoak… “Gure ustez denak dira ederrak eta denak dira edertasunaren aldekoak. Ondo esanda dauden testuak gustatzen zaizkigu, ondo idatzita daudenak, gauza onak esaten dituztenak eta ondo dagoenaren aldekoak”, nabarmendu nahi izan dute egitasmo honen sustatzaileek.
Adierazi dutenez gainera, webgune honetarako beren-beregi sortutako testuentzako tartea ere badago. Orain arte 180 sarrerarekin hasi dira eta kopuru hori handitzea da asmoa.