Tente - tente

Alain Lamassoure, Jaime Mayor Oreja, Carlos Iturgaitz, Javier Pomes, Rosa Diez, Barbara Durkhop eta Josu Ortuondo. Gorde izenok gogoan, mesedez, abstentzioa abstentzio eta kanpaina patetikoak patetiko, horiexek baitira azken hauteskundeetan Euskal Herritik Europako Legebiltzarrera bidali ditugun eurodiputatuak. Eta bai, Iturgaitzek Europaren buztanarekin sortu zuen nahastearen kontura, barre batzuk egin ditzakegu; Durkhopek, gure artean bizitzen urte asko egin arren, euskara ez ikasteko aitzakia merkea asmatu izanarekin haserra gaitezke; Josu Ortuondok, Bruselan eta Estrasburgon euskara gaztelaniaz eskatuko duela entzutean negargurea senti dezakegu...
Bai. Hitz egingo dugu, nahi baduzue, herritarren erdiek ere parte hartu ez duten hauteskundeen zilegitasunaz, baina Europako Legebiltzarra osatuko duten ehunka politikari horiei, inork ez die gure izenean erabakiak hartzea eragotziko. Munduaren benetako nagusien txotxongilo nagusia aukeratzeko prozesuan ere, azken batean, ez zuten estatubatuarren erdiek ere parte hartu. George W. Bushi buruz ari naiz, jakina, eta ez naiz hasiko Bushen hautaketa benetako hautaketa ala estatu kolpea izan ote zen eztabaidatzen. Michael Moore zinema zuzendariari ere bazka pixka bat utzi beharko diogu.
Disekzionatuko ditugu, nahi baduzue, telebista kate guztiek ganorarik gabe jarraitu duten hauteskunde eguneko kronikak. Euskal Telebistan Gorka Torre ordu batzuz eurodiputatu izendatu zuteneko pasadizoa gogora dezakegu, esate baterako.
Nahi duzuen guztia egin dezakegu, azken batean, baina Alain Lamassoure, Jaime Mayor Oreja, Carlos Iturgaitz, Javier Pomes, Rosa Diez, Barbara Durkhop eta Josu Ortuondo izango dira gure ordezkariak Europan. Begira itzazue izenak eta atera kontuak. Kokoteko biloak tente-tente jartzen zaizkit niri, pentsatze hutsarekin.
Ingurumena hizpide

Ekologiak bere txokoa du La 2 kateko El escarabajo verde saioan. Ostegun arratsaldez, 17.00etan ingurumenari eta birziklapenari buruzko albiste interesgarriak eskaintzen ditu saio horrek.
Delmas hazpandarra TF1en

Benedicte Delmas hazpandarra TF1eko Sous le soleil telesail arrakastatsuan ari da rol nagusia egiten. Horrez gain, saioko zuzendari jardun du. Saint Tropezen bizi da, baina ahal duenean jaioterrira bueltatu ohi da. Sustraiak ahaztea zaila izan ohi da.