Telesailak azkarregi irensten dituzu? Ez da zure errua!

Telesailak azkarregi irensten dituzu? Ez da zure errua! 'Cliff' (amildegia) eta 'Hang' (zintzilikatu). Hau da: 'Cliffhanger', “amildegitik zintzilik”. Eta zertara dator ingelesezko ikastaro azkar hau? Lasai, ez izutu, hitz horrek telesail eta filmekin duen lotura zuzena azaltzera nator, naiz eta kontziente ez izan, “Cliffhanger unea” oso maiz ikusi eta batez ere sentitzen duzun zerbait baita. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/telesailak-azkarregi-irensten-dituzu-ez-da-zure-errua-1/@@download/image/intro-1584539745.jpg
2021/01/08

Testua: Gaizka Izagirre @Gaizka_Izagirre

'Cliff' (amildegia) eta 'Hang' (zintzilikatu). Hau da: 'Cliffhanger', “amildegitik zintzilik”. Eta zertara dator ingelesezko ikastaro azkar hau? Lasai, ez izutu, hitz horrek telesail eta filmekin duen lotura zuzena azaltzera nator, naiz eta kontziente ez izan, “Cliffhanger unea” oso maiz ikusi eta batez ere sentitzen duzun zerbait baita.
Telesailak azkarregi irensten dituzu? Ez da zure errua!

The Queen's Gambit-en atal berriak gogotsu utzi zaitu eta hurrengoa irensteko irrikan geratu zara? Ezin duzu itxaron, zeure telesail gogokoenaren denboraldi berria iritsi arte? Your Honor telesailaren lehen atalaren amaieran gertatu denarekin harrituta? Cliffhanger baten menpe geratu zarela esatera nator!

Atal konkretu baten azken eszenan ikusi edo sentitu daiteke normalean, baita film edo liburu baten azken uneetan ere. Gugan sortzen duen sentimendua, zirrara, egonezina, suspensea eta batez ere hurrengo atala ikusteko irrikan egotea da. Hain zaila eta erraza era berean, hori da cliffhanger-a, istorio bat amaitzera doanean, ezusteko zerbait gertatu eta bat-batean “The End” hitzak ikusten ditugunean. “Hurrengo atala ikusi behar dut!”, “noiz estreinatzen da hurrengoa?” buruan bueltaka dabilzkigun bitartean, baliabide honek lortu du bere helburua, ikuslea harrapatu eta hurrengo emanaldien garapenaz interesatzea. Ez du zertan sekuentzia oso bat izan, istorioaren eta medioaren arabera, irudi soil bat izan daiteke, ekintza bat ala zergatik ez, esaldi bat.

Jatorria.

Jatorria, 1873ko A Pair of Blue Eyes izeneko pulp-eleberrian dauka. Istorio zati hauek hilabetean behin argitaratzen ziren egunkariarekin batera. Espero zen bezala, Thomas Hardy idazleak liburu horren heroia amildegitik zintzilik uztea erabaki zuen. Hortik aurrera hainbat idazle, baliabide erraz bezala erabiltzen hasi ziren. Urte batzuk geroago, zazpigarren artera egin zuen salto, eta bien arteko lotura erabat argi ez dagoen arren, badirudi zinema-mutuan aurki dezakegula sorrera, The Perils of Pauline izeneko film-sorta batzuetan konkretuki.

Azken orrialdeetan, neska estutasunetan ikusiko zenuen beti, hiltzeko zorian, baina hurrengo emanaldiaren hasieran libratu egingo zen. Hortik komikietara eta azken hamarkadetan telesail eta bideo-jokoetara pasa zen efektu hau. 

Egun existitzen den konpetentzia bortitza dela-eta, ikuslea fidelizatzea ezinbesteko arma bihurtu da. Edozein istorio puska txikietan zatikatzean baliabide hau tartekatzeak tresna oso eraginkor bihurtzen du. Modu honetan, ikuslea/irakurlea/jokalaria irrikan uzten du guztiz harrapaturik utzi duen istorio horren amaiera nola izango den jakin arte. Beti ere, noski, gidoiarekin bat etorri behar duen errekurtsoa dela nabarmenduz, eta ez tranpa lardaskeria. Gainontzean, azkenean amildegitik behera eror daitekeena telesaila bera izan daiteke. 

'Zeigarnik Efektua'

Eta zergatik da hain eraginkorra efektu hau? Zeigarnik Efektua izeneko fenomeno psikologiko bati esker. Amaitu gabeko zereginak edo erraztasun gehiagorekin eten direnak, guztiz amaitu direnak baino errazago gogoraraztearen joerari deritzo. Taberna batean zegoela antzeman zuen fenomeno hau Bluma Zeigarnik psikologoak. Bertako zerbitzari batek egiteke zituen eskaera zerrenda luze bat erraztasunez gogoratzen zuen, baina zerbitzatu berri zituen plateren izenak aldiz, ez zituen oroitzen.

Bere garaian, Lost, Dexter edo Prison Break bezalako telesailak ospetsu egin ziren baliabide hau etengabe erabili zutelako, ikuslea azazkalik gabe eta urduritasun kontrolaezin baten menpe utziz. Tamalez badira beste hainbat kasu, Cliffhanger erraldoi baten menpe betiko geratuko direnak, bertan behera geratu ziren Carnivale, Deadwood ala Pushing daisies esaterako. Tramarekin gehiegi arriskatu zutelako ala besterik gabe, erdi-mailako ikusleek ez zutelako haien handitasuna ikusi nahi, merezitako amaierarik gabeko telesail bihurtu dira. 

Netflix fenomenoa

Egia da bestalde, gaur egun Netflix plataformak telesailak igortzeko erabiltzen duen metodoak (denboraldiak osorik zintzilikatzen dituztela alegia) zeharo aldatu duela efektu honen eraginkortasuna, gugan sortzen duen "behar" hori ia segituan asetzeko aukera eskaintzen duelako. Onerako ala txarrerako telesail ala behintzat denboraldi osoak asteburu bakar batean irentsi ditzakegu, eta aipatzen ari garen efektu honen eragina desberdina da.

Beraz badakizue, kontuz amildegitik zintzilik geratzearekin, igotzen laguntzeko soka jaso beharrean zulora bidaliko zaituzten ostikada jaso dezakezuelako.