Telesail gutxietsiak: 'Carnivàle'

Telesail gutxietsiak: 'Carnivàle' ‘Freaks’ filmeko pertsonaiak, ‘The Grapes of Wrath’ eleberrieko elementuak eta David Lynchen atmosfera nahastuz gero, sekula dastatuko duzun irabiaturik ausartenaren eta berritzaileenaren aurrean zaudela ohartuko zara. Hori bai, zurrutada lodikoa da, konplexua, eta hainbat momentutan liseritzeko zaila. 'Carnivàle' telesail bikainaz ari naiz, bertan behera utzi zuten telesail gutxietsia. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/telesail-gutxietsiak-carnivale/@@download/image/Screenshot_2020-04-30 CARNIVALE - Google Bilaketa.png
2020/04/30

Testua: Gaizka Izagirre @Gaizka_Izagirre

‘Freaks’ filmeko pertsonaiak, ‘The Grapes of Wrath’ eleberrieko elementuak eta David Lynchen atmosfera nahastuz gero, sekula dastatuko duzun irabiaturik ausartenaren eta berritzaileenaren aurrean zaudela ohartuko zara. Hori bai, zurrutada lodikoa da, konplexua, eta hainbat momentutan liseritzeko zaila. 'Carnivàle' telesail bikainaz ari naiz, bertan behera utzi zuten telesail gutxietsia.
Telesail gutxietsiak: 'Carnivàle'

Ikusle arinentzat ez da agian telesailik egokiena; telesail zale zorrotzentzat, aldiz, zinez gomendagarria da; eta ekoizpen ausart, desberdin, berritzaile eta mamitsu baten bila dabiltzanentzat, ezinbestekoa. Ez zuen pasio uholderik eragin bere garaian, baina harrapatu zituen zaleak sutsuak eta leialak dira -ni barne-. Mito baten aurrean gaudela esateak handikeria dirudien arren, Carnivàlek merezimendu osoz irabazi du mito edota kultuzko telesail ahaztuaren izendapena.



Ongiaren eta gaizkiaren arteko borroka da ekoizpenaren ardatz nagusia. 1934. urtean kokatua, AEBetako hegoaldean eta depresio handiaren muinean. Ben Hawkins, hemezortzi urteko umezurtza, freak show, vaudeville eta prostituzioa nahasten dituen zirkura batzen da. Zirku hori, nola ez, pertsonaia bitxiz eta konplexuz beteta dago: Samson zuzendaria, Lila emakume bizarduna, Alexandria eta Caladonia ahizpa siamesak edo Gecko musker-gizona, besteak beste. Atal bakoitzak karabana horren egunerokoa du ardatz, eta batak bestearen atzetik, jainkoaren eta deabruaren arteko guda bistaraziko digute, batez ere bigarren denboraldian.

Atal bakoitzak jariatzen duen lurrinak zinemarik onenaren usain berbera du. Gainezka egiten duen anbientazioari eta zehaztasunez zaindutako ekoizpen-diseinuari esker begietatik sartzen da zuzen-zuzenean. 2004. urtean alor teknikoko lau Emmy irabazi zituen adibidez. Argazkia azpimarratuko nuke, artelanak diren plano zoragarriek goi-mailakoa egiten baitute. Eta Jeff Beal-ek konposatutako musikak obraren ‘mistika’ harrapatzen du.

Hara, telesail hau bizpahiru urte geroago estreinatu izan balitz, Lost-ek interneten sortu zuen fenomenoarekin batera adibidez, sarean telesail teoria-sortzaileetako bat bihurtuko zatekeen zalantzarik gabe, eta gorabehera guztiak xehetasunez aztertuko zituzten ehunka web sortuko ziratekeen. Baina, zoritxarrez, ez zen hala izan, eta audientzia baxuek zein bigarren denboraldiaren ekoizpen-gastu altuek bertan behera geratzera eraman zuten. Horixe da, hain zuzen ere, balizko ikusle asko aldendu dituena, amaierarik gabeko telesaila izatea. Egoera horretan zaudeten guztioi zera esan nahiko nizueke: amaierako sufrimendu horrek merezi duela, ezinbesteko lan bikain honek asko baitauka eskaintzeko. Hamaika sorpresa ezkutatzen ditu, eta suspentsea, intriga, drama zein maitasuna dotoretasunez uztartzen ditu. Murgildu zaitezte hautsez betetako mundu magiko honetan, ez baituzue halako zirkurik beste inon topatuko; zin dagizuet.

 

Non ikusi? HBO