Telesail eta pelikulak deskargatzeagatik ordaindu?

Euskaltelen bezero askori iritsi zaie buzoira karta. Lucentum abokatuek bidalitako eskutitz batean zihoen 1.300 euro ordaindu behar dituela erabiltzaileak epaitegira joan nahi ez badu 2017an Ash vs Evil telesailaren 10 kapitulu deskargatzeagatik. Dirudienez, telesail honen eskubideak Crystalis Entertainment UG enpresak ditu. Eskutitza oso argia da, erabiltzaileak epaitua ez badu izan nahi 1.300 euro ordaindu beharko ditu, 100 euro kapitulu bakoitzarengatik eta 300 euro kudeaketa gastuengatik.
Erabiltzaileen datuak eman ditu Euskaltelek
Galdera ezinbestekoa da: nola identifikatu dituzte bufete hauek ustez deskargak egin zituzten pertsona hauek? Erantzuna prozesu legalean aurkitzen da, baina badago pista bat: guztiak Euskaltelen bezeroak dira. Dirudienez Euskaltel telefono konpainiak erabiltzaile hauen datuak eman dizkio epaitegiari.
Euskaltelek esan duenez jaso zuten kartak behartu egiten ditu epaitegiari eskatutako erabiltzaileen IP helbideak ematera. Konpainiak dioenez, inongo momentutan ez ditu IP helbide horren atzean dauden erabiltzaileen datuak eman, besterik gabe IP helbideak soilik. Gainera, informazioa Tribunal batek eskatua izan delako bakarrik eman omen du, salbuespen moduan, beste inongo kasutan ez baititu bere erabiltzaileei buruzko informazioak entregatzen.
Euskaltelen azalpenek ez dituzte erabiltzaileak konbentzitu ordea. Gehienek ulertzen badute ere legalki datuak ematera behartuta daudela, ez dute ulertzen enpresak nola ez duen errekurtso bat ipini bere erabiltzaileen datuak babesteko. Halere, kexarik handienak Euskaltelen partetik hau egin izanaren abisurik jaso ez izana da. Errekurtsoari dagokionez, Euskaltelek defendatzen du behin baino gehiagotan ukatu zela datu hauek ematera, baina auto zehatz honi ezin omen zitzaion errekurtsorik jarri.
Halere, erabiltzaileek defendatu dutenez, ez omen du zentzu askorik horrelako datuak ematea. Euskaltelek, konpainia ia guztiek bezala IP dinamikoak dituzte, hau da, erabiltzaile batek baino gehiagok IP berdina izan dezakete, bat deskonektatzen denean beste norbaitek erabil dezake. Horregatik, ezinezkoa da ziur jakitea nork egin duen deskarga hori. Hori dela eta, erabiltzaile askok Euskaltel konpainiatik baja ematea erabaki dute.
Bilbon bakarrik daude salaketak
Euskaltelen bezeroa izateaz gain, bada beste baldintza bat eskutitza jaso duten ia erabiltzaile guztiek betetzen dutena: Bilbon bizi dira. Hain justu, Bizkaiko hiriburuko epaitegia izan da salatzaileen alde eta erabiltzaileen kontra altxatu denbakarra.
Ia salaketa hauen proba pilotu moduko bat burutu zen. Proba honetan Dallas Buyers Club pelikula jatsitako Donostia eta Bilboko ehunaka pertsona aztertzen ziren. Donostiako epaitegiak atzera bota zuen salaketa esanez IP zenbakiak ez zuela erabiltzailea identifikatzen, besterik gabe Internet linea kontratatua duen pertsona identifikatzen dela eta gainera, jarduera horrek ez duela jabetza intelektuala urratzen.
Sententzia hori izan da Espainiar Estatuan lehena P2P sareetan ematen diren deskargen auzia epaitu zuena eta demandatua absolbituz konpondu zen. Donostian igorri zen sententzia ondorio logiko batetara iritsi zen: Demanda jarri duenak frogatu behar du demandatuari salatzen diona benetan egin duen ala ez, IP helbidea soilik ez da nahikoa. Arrazonamendu honek Auzitegi Gorenak 2012an ezarri zuen doktrinarekin bat egiten du.
Alta, sententzia hau igorri eta gutxira Bilboko epaitegiak kasu berdinekin aurkitu zen. Bere sententzia ordea bestelakoa izan zen: IP helbide bati lotua dagoen erabiltzaileak burutzen ditu linea horretako ekintza guztiak kontrakoa frogatzen ez bada behintzat.
Kasua nola bukatzen den ikusi beharko da. Bitartean, 30 erabiltzaileri iritsi zaie karta (horien artean hildako familiarrei zuzendutakoren baten bat ere bai). Erabiltzaile gehienek jada adierazi dute ez dutela euro bakar bat ere ordainduko, eta ondorioz epaiketara joan beharko dute. Bilboko epaitegiak erabaki beharko du erabiltzaileak absolbituko dituen ala ordaintzera kondenatu.