Telefono deiak saihesteko joera zabaltzen?

Telefono deiak saihesteko joera zabaltzen? Gorroto al duzu telefono deiak jasotzea? Ez kezkatu, ez zara bakarra eta! Telefono mugikorrak gero eta gehiago erabili arren, gero eta ohikoagoa da, dirudienez, telefono deiei uko egiteko ohitura, Z belaunaldikoen artean batez ere. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/telefono-deiak-saihesteko-joera-zabaltzen/@@download/image/deia pantaila gorria.png
2021/09/28

Testua: Maitane Legarreta Etxezarreta
@mailegetx

Gorroto al duzu telefono deiak jasotzea? Ez kezkatu, ez zara bakarra eta! Telefono mugikorrak gero eta gehiago erabili arren, gero eta ohikoagoa da, dirudienez, telefono deiei uko egiteko ohitura, Z belaunaldikoen artean batez ere.
Telefono deiak saihesteko joera zabaltzen?

Z belaunaldikoak teknologiarekin batera hazi dira eta toki guztietara eramaten dute mugikorra baina, oro har, badirudi ez dutela telefonoz hitz egitea gustuko. Nahiago dute idaztea telefonoz hizketan aritzea baino, eta ohitura hori zabaltzen ari dela esango genuke, baita beste belaunaldi batzuetan ere.

Gaur egun dena bat-batekoa izan ohi da eta gauza bat baino gehiago egin nahi izaten ditugu aldi berean. Telesailak streaming bidez ikusi, sare sozialetan kuxkuxeatu, albisteak irakurri, lagunekin hitz egin eta musika entzun dezakegu batetik bestera salto eginez edota bata bestearekin uztartuz. Mezuen elkartrukea ere abiadan doa, eta komunikazioa berehalakoa izaten da sarri.

Deia jasotzen dugunean, ordea, dena geratzen da eta izoztuta geratzen gara. Askotan telefono pantailari begira aritzen gara, urrunetik edo gertutik, deiaren tonua entzuteari utzi edo pantailan sarrerako deia desagertu eta jakinarazpena agertu arte. Jarraian, deia egin duena nor izan den ziurtatu eta mezua bidaltzen diogu, edo hark mezua bidaltzeko zain geratzen gara.

Zergatik eragiten dute jarrera hau deiek? Azkenaldiko inkesten arabera, deiak deserosoak izaten dira belaunaldi gazteentzat, mezuak eta e-mailak jasotzen ohituak baitaude. Idatzizko mezuetan berehala ikus daiteke nork bidali duen, gaia zein den, eta erantzuteko minutu batzuk har daitezke. Telefono deiek ohitura hau eteten dute eta bortitza izan daiteke neurri batean. Izan ere, deitzen duenarekin izan dezakezun konfidantza-mailak, zer esango duen ez jakiteak, eta unean bertan iritzia eman edo erabaki beharrak antsietatea edo ezinegona sor dezake. Bestetik, batzuetan elkarrizketaren mamira heltzea kosta egiten da telefono deietan eta eguraldiari buruz edo bestelako kontu azalekoez aritu zaitezke hizketan, benetan beste pertsonak zergatik deitu dizun jakin nahi izan arren. Horretaz gain, izaeraz lotsatiagoak edo barnerakoiagoak direnentzat ere errazagoa izan daiteke idatziz komunikatzea. Ezin ahaztu, gaur egun eskaintzak egiteko dei asko jasotzen ditugula konpainien aldetik eta horiek saihestea ere izaten dela gure helburua.

Telefonoz deitzeko usadioa zaharkitzen ari da, beraz, baina ahots-mezuek hartu dute haren lekua. Hasiera batean, alde handirik ez dagoela dirudi baina bada ezberdintasunik. Alde batetik, azkarragoa eta eraginkorragoa izan daiteke audio bidezko mezua bidaltzea. Ahots-mezuak laburrak eta zuzenak izan ohi dira normalean, lagunekin pasadizo edo gertakizun baten inguruan ari ezean behintzat. Gainera, abiadura ezberdinetan entzun dezakezu mezua, patxadaz entzun nahi duzun guztietan eta erantzuna pentsatu. Erantzuteko modua ere norberaren esku geratzen da, idatziz edo ahots bidez izan baitaiteke. Diotenez, Z belaunaldiak gustuko du azkartasunez izatea gauzen berri baina baita patxadaz erantzutea ere, eta ahots-mezuak bi aukerak uztartzen ditu. 

Telefono deiak gustuko ez izan arren, zenbait unetan beharrezkoak izaten dira, larrialdietan edo testuinguru jakinetan esaterako. Horrelakoetan ez da beste erremediorik izaten eta alde batera utzi behar izaten dira norbere ezinegon edo beldurrak.