Telebistarik gabeko eguna

Telebistarik gabeko eguna https://www.gaztezulo.eus/albisteak/telebistarik-gabeko-eguna/@@download/image/19p45-1.jpg
2002/05/03
erreportajea


Telebistari kutxa tontoa deitzen diote. Baina tontoetan tontoena izanik ere, sarri gure lagunik onena bihurtzen da. Ez dakigunean zer egin, telebistara jotzen dugu. Eta han egoten gara orduetan eta orduetan, tonto-tonto eginda. Han egoten dira, orduetan eta orduetan bi tonto elkarri begira.

Azkenean, telebista gure bizitza antolatzeraino iritsi da. Telebistak erloju sozialaren papera betetzen du. Gure eguna telebistaren arabera moldatzen dugu. Albistegiak halako orduetan badaude, halako orduetan afaldu beharko dugu. Eta gero filma ikusi nahi badugu, sukaldea ordurako jasota eduki beharko dugu. Eta abar, eta abar, eta abar... Telebistaren morroi bihurtu arte.

Gaur egun, etxe guztietan dago, gutxienez, telebista bat. Askotan, bi, edo hiru. Etxe batzuetan, bizi diren pertsona baino telebista gehiago ere ikusi izan dira. Gainera,  Canal +, Canal Satelite eta delako horiek egunez egun jende gehiago engainatzen dute. Nora heldu behar ote dugu? Laster, zappinga izango da munduko lehen kirol praktikatuena.

Beraz, egoera lazgarri honen aurrean, proposamen bat egin nahi nuke. Autorik gabeko eguna egiten den bezala, sor dezagun telebistarik gabeko eguna. Baina hori bai, jendea jakinaren gainean egon dadin, telebistan iragarri beharko dut.

Bexamela



ETBk beste kateetan entzuleria zabala lortzen duten programa guztiak kopiatzen ditu. “Sorginen Laratza”rekin hala egin zuen, eta hala egin berri du “Bexamela”-rekin. Azken honetara ligatzeko arazoak dituen jendea joaten da. “Zergatik ligatzen duzu hain gutxi?”, galdetzen die Estitxuk. Eta gehienen arrazoia: “Eske, oso lotsatia naiz”. Zakurraren biolinak, txorakeria horiek kontatzera telebistara joateko lotsa gutxi behar da gero!

Dodotis eta Iberia



Telebista munduko iragarki kanpainen protagonista berriak haurrak bilakatu dira. Lehenago Dodotisen iragarkietan agertzen ziren, kolore guztietako haurrak, “bailando” eta nik ez dakit zertan. Orain Iberiak hartu du Dodotisen ideia. Nonbait, Dodotisen iragarkiek ez zuten kaka egin.