Telebistarik ez Mutiloan

Mutiloa herrian, 1968ko urtarrilaren hasieran, ez zuten oraindik telebista garbi ikusten. Hori zioen, behintzat, garai hartan frankismoa babesten zuen Gipuzkoako egunkarietako batek. Mutiloarrek, beraz, irudi gutxi zuten munduan eta Euskal Herrian gertatzen ari zenaz; itsuak ziren ia-ia, oraingo ikuspegitik.
Kontuak kontu, 1968. urteak ez zituen irudiak falta. Ezta gure herrian bertan ere. Aberri Egunekoa: Hego Euskal Herrian, debekatua, eta polizia, dinbi-danba. Gatazka luze bateko lehen hildakoena: Jose Pardines guardia zibila eta Txabi Etxebarrieta etakidea, ETAko komando batek ustekabean Guardia Zibilarekin topo egindakoan hilak. Meliton Manzanas polizia eta torturatzailearena: ETAk atentatuan hila. Andoni Arrizabalaga ondarrutarrarena: bortitz torturatua, eta gerora, Itziarren semea poema eta kantaren iturria. Elizaren dibortzioarena: buruzagiak Espainiako diktaduraren lagun eta ehunka apaiz, haren kontra. Lehen ikastolena: frankismoaren zirrikituetatik barrena legeztapen bila. Euskal kulturaren berpizkundearena: Ez Dok Amairu, Jorge Oteiza Irudi ugari. Baina, mutiloarrek ez bezala, euskal herritar gehienek irudi haiek zuri-beltzean eskura izan zitzaketen arren, Frantziako telebistak eta Espainiako telebista frankistak nahiago zituzten alboratu, ezkutatu, desitxuratu, ilundu, mesprezatu... Euskal herritar gehientsuenak, beraz, miopeak ziren. Mutiloarrekin alderatuta, diferentzia handiegirik ez.
Gaur egun, 1968an ez bezala, Mutiloan, dozena erditik gora telebista kate ikus ditzakete ezin gardenago, eta koloreetan: euskarazko bat tartean. Izugarri aldatu baita Euskal Herri osoa 1968tik. Orduko irudi batzuk, ordea, oso ezagun ditugu oraindik: debekuak, atentatuak, mugarik gabeko atxiloketak, torturak, euskararen eta euskal kulturaren nahia eta ezina... Mutiloarrek telebista garbi ikusten ez zutela zioen Gipuzkoako egunkaria ere hor dugu; frankismoaren leloak ahanzturaren kaxoian ondo giltzatuta, telebista eskaintza oparoaren berri emanez oraingoan, eta txapeldun salmentan. Eta zalantza bat ere badugu: telebista eskaintza oparo horrek mutiloarren eta gainerakoen ikusmen arazoak sendatzea lortu ote duen, edo, sendatuta ere, ez ote digun denoi beste gaitzen bat eragin. Astigmatismoa, agian. Daltonismoa, beharbada. Edo besterik gabe, munduari, Euskal Herriari eta nork bere buruari ikuspuntu kritiko txiki batez begiratzeko gaitasun eza.