Telebista transgenikoa

Telebista transgenikoa https://www.gaztezulo.eus/albisteak/telebista-transgenikoa/@@download/image/41p49-1_1368098842.jpg
2004/05/07
erreportajea
Amagoia Iban


Apirilak 20 egun ditu. Europako Batasuneko herrialdeetan indarrean sartu da genetikoki eraldatutako produktuei etiketak jartzeko araudia. Goizeko hamarrak eta laurden dira. TVE1 katean hasi da "Saber vivir" saioa. Aurkezlea, tono paternalistarekin, gure artean transgenikoak betidanik izan direla esaten hasi da. "Beti nahastu dira landare batzuk besteekin nekazaritza hobetzeko". Mezua argi dago: landare bat bestearekin nahastea eta landare bat bixigu batekin edo birus batekin nahastea, gauza bera dira. Genetikoki eraldatutako produktuak ez dira arrikutsuak, beraz.

Sukaldari bat agertu da pantailan. Bakailaoa prestatu behar du gaurkoan, saltsaren batekin. "Arto transgenikoarekin, noski". Ez diezaiola inork arriskurik ikusi etiketa tentel bati.

Medikuaren txanda heldu da jarraian. Umeentzako  eraikuntza joko horietako batekin agertu da pantailan. Pieza gorriak horiekin ezkondu beharrean, pieza berdeekin ezkontzen omen dituzte transgenikoetan. Badakizue: ume jolasa besterik ez dira, azken batean, halakoak.

Urdaiazpiko ekoizle bat ere agertu da. Txerriei pentsu transgenikoak emanda ere, transgenikoak desegin egiten omen dira txerrien barruan. Ez dutela inongo ondoriorik, alegia. Behi eroen irakaspena denon memoriatik ezabatu nahi du urdaiazpiko salatzaileak, argi dago. Espainiako Gobernuaren funtzionario batek, azkenik, soia transgenikoarekin egindako jakiak lasai asko kontsumi daitezkeela esan dio emakume kezkatu bati.

Harreman publikoetan aditua den Burson Masteller enpresak 1997an Europabio enpresari egindako gomendioa: "Iritzi sortzaileak, politikariak eta legegileak dira bioteknologia produktuak seguruak direla jendeari sinestarazi behar diotenak". Greenpeace erakundeak iazko udan arto hazi transgenikoen inguruan argitaratu zuen txosten batean irakurria daukat. Espainiako telebista publikoaren arduradunek ere irakurri zuten txostena, argi da.

Beste bat!



Hainbat pertsona elkartu eta haien gorabeherak grabatzen dituen reality-show-en jarioa etengabea da telebista gehienetan. Oraingoan, TF1 kateak hamabi pertsona famatu sartu ditu baserri batean urik eta argindarrik gabe, “La ferme célébrités” izeneko saioan.

Iantzi ETB2ra



Julian Iantzi aurkezle lesakarra ETB2ra eraman dute “La flecha amarilla”  lehiaketa aurkeztera. Ikusleek, beraz, orain arte euskara txukunean entzun duten aurkezlea gaztelaniaz entzutera ohitu beharko dute.