Teknologia sarean

Teknologia sarean https://www.gaztezulo.eus/albisteak/teknologia-sarean/@@download/image/37p38-1.jpg
2004/01/02
erreportajea
Xabier Martinez de Arbulo
Teknologia sarean
Teknologiaren aroan bizi gara eta, sarean, makina bat gunek arlo horretan gertatzen ari diren berrikuntzen berri ematen dute.

Teknologiak jakinmina pizten dizu? Ez izan zalantzarik eta jo ezazu webgune honetara: www.zientzia.net. Euskaraz egindako zientzia eta teknologiari buruzko gunerik onenetakoa da. Edukia oso interesgarria da, eta maiz berritzen dituzte albisteak eta bestelakoak. Albisteez gain, gai zehatzak jorratzen dituzten txostenen atala dago aipatu gunean. Gure gaurko internet bidaian, ezin dugu aipatu gabe utzi  Kaixo izeneko ataria:   

www.kaixo.com/ep/euskaraz.html. Oro har, albiste orokorrak jorratu ohi ditu atari horrek, baina teknologiari buruzkoek aipamen berezia izaten dute Kaixo-n.

www.euskalherria.indymedia.org gunean ere teknologia, zientzia eta internet-aren inguruko informazioa aurkituko duzu, euskaraz, gaztelaniaz eta frantsesez.

Mundu zabaleko proiektuak

Bestalde, Euskal Herritik kanpora egindako webguneei dagokienez, www.cnn.com/TECH CNN komunikazio taldearen orrialdea, teknologiari buruzkoa, ezagunenetakoa da munduan eta albisteak eta lotura interesgarriak eskaintzen ditu. Esaterako, gune horrek eman zuen Sumusu Tachi ingeniari eta irakasle japoniarraren azken asmakizunaren berri: azpian dagoena ikusteko aukera ematen duen oihal miragarria. Sumusu Tachi irakaslearen web gunean (www.star.t.u-tokyo.ac.jp/~tachi), Tokioko unibertsitateak abiatutako proiektu nagusiak ezagutu ditzakezu, lehen aipatutako oihalarena, adibidez. Quebec-eko teknologia unibertsitatearen (www.etsmtl.ca) eta bertako zientzia eta teknologia elkartearen  (www.cst.gouv.qc.ca) guneetan ere oso informazio interesgarria eskuratu ahal izango duzu. Beste hainbeste Frantziako Compiegneko unibertsitatearen webgunean (www.utc.fr).