Teknologia eta artea, uztartuta

Teknologia eta artea, uztartuta https://www.gaztezulo.eus/albisteak/teknologia-eta-artea-uztartuta/@@download/image/54p50-1.jpg
2005/07/01
erreportajea
Amaia Sagasti
Teknologia eta artea, uztartuta
Zer egingo lukete nazioarteko 10 artistek Euskal Herriko punta-puntako 10 enpresetan? Teorian kontrajarriak diruditen bi mundu horiek uztartu ditu Divergentes egitasmoak. Artisten obrak Zumaian ikusi ahal izango dira, ekainaren 2tik irailaren 4ra. 

Hamar artista gazte, hamar teknologia enpresetan sartuta. "Artetik berrikuntzara" izeneko elkarteak antolatutako ideia hau, "Basetxea" edo "Gran Hermano" programen gidoi korapilotsu batetik aterea dirudi. "Divergentes" egitasmoan, teknologia eta arte sormenaren arteko lotura bultzatu nahi izan da.   
29 herrialdetako 190 artisten artean aukeratu dituzte Euskal Herrira etorri diren 10 lagunak. 10 artista hauek Euskal Herriko teknologia zentro eta enpresa berritzailenetan egon dira, enpresa horietan garatzen ari diren teknologia eta materialak oinarritzat hartuta, euren artelanak egiteko. Egia esan, artea eta enpresen mundua elkartzea, elkarrekin zerikusirik ez duten bi mundu konparatzea bezalakoa da.

Zumaiara sartu bezain laster, nabari da "Divergentes" egitasmoak herria apur bat eraldatu duela. Aldaketak ez dira begibistakoak, baina herriko kale eta inguruak arreta apur batez begiratzen baditigu, txoko askotan topatuko ditugu "Divergentes" egitasmoaren aztarnak.

Enpresatik herrira

Lehen aipatu hamar artistak apirila amaieratik daude Euskal Herrian. Artista hauek mundu osoko hainbat tokitatik etorri dira: Euskal Herria, Espainia, Frantzia, AEB eta Bangladesh-etik, besteak beste. Artista hauek, CAF, Ikusi, Irizar eta Insalus bezalako enpresetan aritu dira hilabete batez. Artistek arreta handiz aztertu dituzte enpresa hauen material, teknologia eta lan egiteko moduak. Hilabetea igaro ondoren, artistek euren burutazio, irudimen eta lan tekniken arabera landu dituzte artelanak.

Esperimentuak era guztietako obrak eman ditu. Saioa Olmo bilbotarra, adibidez, Ormaiztegiko Irizar lantegian aritu da bere proiektua lantzen. Irizar lantegian autobusak egiten dituzte, Saioak ez du autobusik hartu inspirazio gisa. Aldiz, Saioaren proiektua Irizarren antolaketa ereduan oinarritu da, horren bitartez, Zumaiaren gizarte antolaketa aztertzeko: "Zer da Zumaia zuretzat?". Gisa horretara, Zumaiako gizartearen iritziak jasoaz, hainbat testu eta argazki ipiniko dira Amaia plazan, autobus baten leihoan, hain zuzen. Obra horrek jakinmin handia sortu du herritarrengan, zumaiarrak artelanarekin identifikatu baitira.

Trenbideak eta zubiak  

Beste adibide bat jarriko dugu: Juan Carlos Robles sevillarra, CAF enpresan aritu da lanean, eta zirkulazioaren kontzeptua aztertu du. Hain zuzen, trenbideetako materiala erabilita, garraio publikoetan egunero gertatzen diren bizikidetza egoera bat erakutsi nahi izan du. Artista honek, Bilboko metroaren anagramako eraztunak erabili ditu hainbat diametro dituen egitura bat altxatzeko. Zumaiako kirol portuko terrazan ezarri den artelan horretan eserlekuak jarri dira, jendeak gustura atseden hartu, solas egin, edo irakurtzeko espazio bat izan dezan. 

Miren Arenzana bilbotarra Ulma enpresan aritu da lanean. Ulman plastiko bereziekin lan egiten dute, eta Mirenek material hori erabili du bere artelana egiteko. Miren Arenzanak Zumaiako oinezko zubia eraldatu du, zubiko material astun eta sendoa etereo eta arin bihurtu, eta horizontalean argi lerro bat marrazteko asmoz. Zubitik pasatzerakoan, bisitariek mekanismoa martxan jarri ahal izango dute, eta modu horretan, artelanarekin harreman zuzena izango dute. Gau partean "Sorgin Zubi"tik pasatzea besterik ez dago, eraldaketa hori igartzeko. Ba al dago ezer erromantikoagorik ibaia argiztatzen duen zubi bat zeharkatzea baino?

Lorontziak zintzilik

Laia museoaren atariko berdegunean, berriz, "Lainoa" obra ezarri du Boris Nordmann frantziarrak. Nordmannek lorontzi erraldoiak zintzilikatu ditu, lorontzi horien azpian, jendearentzako topagune bat sortuaz.

Argiztatutako zubiak, Zumaiako jendea hobe ezagutzeko balio duten panelak, zintzilikatutako lorontziak, itsasora bota eta Zumaiako hondartzetara iritsi den botila multzoa, komunikabideen arteko inkomunikazioa salatzen duten muntaiak... denetarik topatuko du Zumaiara inguratzen denak.

Divergentes proiektuari esker, fabrikak, eraikuntza grisak izatetik, artearen munduarekin lotutako espazioak izatera igaro dira. Agian, esperientzia honi esker, Zumaia bera arte teknologiaren eredu bilaka daiteke nazioartean.