Teambox. Proiektuen kudeaketarako tresna bikaina

Teambox. Proiektuen kudeaketarako tresna bikaina https://www.gaztezulo.eus/albisteak/teambox-proiektuen-kudeaketarako-tresna-bikaina/@@download/image/sarezulo_146_1385480226.jpg
2013/12/05
erreportajea
Testua: Egoitz Gonzalez @aldakur
Teknologia berriek eskaintzen dituzten baliabideak erabiliz, ohikoa da proiektu batean aldi berean pertsona ezberdinek lan egitea, espazio berean egon gabe. Teambox aplikazioak lan hori errazten du.


Teambox, izenak berak dioen bezala, taldearen kutxa dela esan genezake. Eta kutxa horretan taldean egindako proiektu bati dagozkion gauza guztiak sartu daitezke. Berau eskuratzeko teambox.com web orrialdean izena ematea nahikoa da, eta web aplikazio horretan hainbat proiektu ezberdin sortzeko aukera izango dugu: doako bertsioan hiru proiektu egin ahal izango ditugu gehienez ere, eta proiektu bakoitzean bost pertsonak parte hartu ahal izango dute. Hori bai, zerbitzu gehiago behar izanez gero, ordaintzea ezinbestekoa izango da. Zoritxarrez, euskarazko bertsiorik ez dago oraindik eskuragarri, eta ingelesa, frantsesa edo gaztelaniarekin konformatu beharko dugu.

Teambox tresnak hainbat pertsonaren artean egindako proiektuak kudeatzeko aukera ematen du. Hala ere, gutxieneko antolakuntza eskatzen du, eta noski, aplikazioaren gaineko ezagutza. Horretarako, oso erabilgarria da Teamboxek automatikoki eskaintzen duen laguntza.

Pantaila nagusia bi zatitan banaturik dago: alde batean gure proiektuak eta bakoitzari dagozkion atalak ditugu, hala nola, azken jarduerak, elkarrizketak, zereginak, oharrak, fitxategiak, jendea eta baimenak; eta beste aldean gure idazmahaia. Azken horretan aukeratutako atalaren edukia azalduko zaigu, bertan aldaketak egin ahal izateko.

Komunikazio zuzena
Proiektu bakoitzaren baitan, taldeko gainerako kideekin komunikazio zuzen eta garbia mantendu ahal izango dugu tresnak eskaintzen duen sare sozialen antzeko funtzionamenduari esker. Kide bakoitzak, bere aldetik, beharrezko zereginak sortu ahal izango ditu, eta kidearen rolaren arabera (administratzailea edo parte-hartzailea), beste norbaiti esleitu diezaioke sortu berri duen zeregina. Zeregin bakoitzean iruzkinak idatzi ditzakegu, kideen arteko komunikazioa erraztuz, eta baita amaitze-data zehatzak jarri ere.

Bestalde, zeregin bakoitzetik at dauden elkarrizketak sortzeko aukera ere eskaintzen du. Horietara ez ditugu zertan kide guztiak gonbidatu, momentuan beharrezkoak direnak baizik. Proiektu batean lanean ari garenean, garrantzitsua da fitxategi eta material digitalak elkarbanatzea, eta horixe da, hain zuzen, fitxategiak izeneko atalaren helburua. Bertara beharrezkoak diren fitxategiak igota, taldeko gainontzeko kideek eskuragarri izango dituzte.

Azkenik, Teamboxek duen tresnarik eraginkorrena sinkronizazioa da, proiektu bakoitzeko eduki guztiak sinkronizatu baitaitezke; egutegia Google Calendarrekin, edota fitxategiak Google Drive, Dropbox eta Box-ekin. Zeregin berri bat sortzen dugunean edo iruzkin bat idazterakoan, halaber, taldeko kideek informazio hori helarazten dien mezu elektroniko bat jasoko dute, eta mezuari erantzunez gero, teambox.com-en argitaratuko da haien erantzuna. Hau da, web aplikazioan sartu beharrik gabe, gure posta elektronikoaren bitartez kontaktua mantendu dezakegu gainontzeko kideekin.

Noski, antzerako tresna orok bezalaxe, Android eta iOS sistementzako aplikazio elegante, erabilerraz eta txukuna instalatzeko aukera ere eskaintzen du Teamboxek. Beraz, denbora eta taldea kudeatzeko tresna indartsu honekin ez duzu nagikerian ibiltzeko aitzakiarik. Segi lanera!

HARRITU GAITU



Wonderful Engineering
Ingeniarien komunitatea da. Web orri honetan ingeniaritzarekin lotutako kontu bitxi asko aurki daitezke. Twitter eta Facebook bidez ere jarraitu daiteke.

KATXONDOENA



Freeguras
Buztinarekin eskuz egindako figuratxoen denda. Software librean oinarritutako piezak dira. Erosketa bakoitzaren irabazien %10 Free Software Foundation-ek jasotzen du.

INFORMAZIO BILA



Local bier
Artisau-garagardoa aurkitzeko bilatzailea. Web orri garbia eta erabiltzeko oso sinplea. Emaitzak Google Maps eta testu bitartez argitaratzen dira.