Takiji Kobayashi: Militantziaren xendra idatzia

Takiji Kobayashi: Militantziaren xendra idatzia https://www.gaztezulo.eus/albisteak/takiji-kobayashi-militantziaren-xendra-idatzia/@@download/image/takiji_kobayash_1367827884.jpg
2013/05/06
erreportajea
Testua: Peru Iparragirre
Takiji Kobayashi: Militantziaren xendra idatzia
"Gogoan izan martxoaren hamabosta. Ez ahaztu martxoaren hamabosta. Eraiki dezagun langileen eta nekazarien gobernua. Gora Japoniako Alderdi Komunista!".


Hitz horiekin amaitzen da Takiji Kobayashiren (Odate, Akita, Japonia, 1903 – Tokio, Japonia, 1933) 1928-03-15 kontakizuna, izan ere, 1928ko martxoaren hamabostean hasi eta hilabete bateko epean sarekada izugarria egin zuen Japoniako Gobernuaren polizia politikoak (Tokko) Alderdi Komunistarekin harremana zutenen aurka. Milaka lagun atxilotu, torturatu eta epaitu zituzten. Gertakari hauek biltzen dituen kontakizuna larogeita bost urte geroago dugu euskaraz esku artean.

Hiromi Yoshidak itzuli du japonieratik. Ez duzu aurkituko ez ingelesez, ez espainolez, ez eta frantsesez ere. Martxoaren 15ean plazaratu zuten armiarma.com atariko Euskarari Ekarriak atalean eta osorik dago bertan, nahi duenak irakur dezan.

Hainbat aldiz atxilotu zuten Kobayashi jarduera politikoagatik, eta aldizkari batean bere saiakera ezagunena argitaratu zuenean lanetik bota zuten. 1931 urtean Japoniako Alderdi Komunistako kide egin zen eta hurrengo urtean klandestinitatean jarraitu zuen lan politikoarekin. 1933ko otsailean atxilo hartu zuen Japoniako Gobernuaren polizia politikoak. Jasandako torturen eraginez hil zen, 1933ko otsailaren 20an. Japoniako Gobernuaren beldur, ez zuten autopsiarik egin nahi izan.

Hogeita bederatzi urte zituela hil zuten Takiji Kobayashi, Japoniako literatura proletarioaren idazleetako bat.

Hautatutako bibliografia


1928-03-15 (armiarma.com, 2013)
Kanikosen (1929)
Fuzai jinushi (1929)
Toseikatsusha (burkidea) (1933)