'Tabakalera Dantzan' zikloa Donostian

'Tabakalera Dantzan' zikloa Donostian Lau dantza emanaldi eta dantzarien sei solasaldi izango dira egitarauaren barruan. Lehen dantza ikuskizuna gaur izango da, Igor Urzelai beasaindarraren eta Moreno Solinas sardiniarraren eskutik. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/tabakalera-dantzan-zikloa-donostian/@@download/image/IgorMoreno.jpg
2021/08/06

Testua: Maitane Legarreta Etxezarreta
@mailegetx

Lau dantza emanaldi eta dantzarien sei solasaldi izango dira egitarauaren barruan. Lehen dantza ikuskizuna gaur izango da, Igor Urzelai beasaindarraren eta Moreno Solinas sardiniarraren eskutik.
'Tabakalera Dantzan' zikloa Donostian

Iaz Donostiako Musika Hamabostaldiaren eta Tabakalera Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroaren artean aurrera eramandako proiektuak, Dantza KM 0 izenekoak, izan zuen erantzun positiboa ikusita, indarrak batzea erabaki dute aurten berriro bi erakunde horiek. Horrela sortu da Tabakalera Dantzan zikloa, nazioarteko proiekzioa duten dantza garaikideko euskal sortzaileen ahotsak sustatzea duena helburu. Tabakalera Dantzan programaren barruan beren lerroetan euskal sortzaileak dituzten lau konpainia daude. Lau dantza emanaldi eta sei solasaldi izango dira egitarauaren barruan.

Dantza emanaldiei dagokienez, gaur izango da lehena, Igor Urzelai eta Moreno Solinas koreografo eta dantzarien Idiot-Syncrasy  ikuskizuna. Euren jatorriko bi dantzak aztertzen dituzte, euskal dantzak eta Sardiniakoa, eta jauzia du ardatz. "Lanaren funtsa ikusleari gauzak egiteko kemena eta indarra piztea da. Pieza alaia da, baina aldi berean serioa ere bai, publikoari harrera egiteko duen moduarengatik", adierazi du Urzelai beasaindarrak. 2013an sortutako obra da, euren lehena, eta arrakasta handia izan du nazioartean, baita sari izendapenak ere. 

Abuztuaren 8an, igandean, Neri(h)ari Konpainiaren Mutu izango da Tabakalerako Patioan. Hiru dantzarik interpretatzen dute 2018an estreinatutako obra: Myriam Perez Cazabon, Leire Otamendi eta Eneko Gil. Koreografia Perez Cazabon oiartzuarrarena da, eta Agurtzane Intxaurraga dramaturgiaz eta Maite Arroitajauregi Mursego musikaz arduratzen dira. "Isiltasunaren esanahia eta komunikazio funtzioak arakatzea da ideia nagusia, eta dantzan isiltasunak eta geldotasunak duten garrantzia adieraztea. Badira uneak non hitzak sobera dauden, badira hitzik gabe uzten gaituzten gertaerak, eta beste batzuk non jada ez dagoen ezer esatekorik", azaldu du koreografoak. 

Abuztuaren 10ean Lathe Biósas obra aurkeztuko du Kanpai konpainiak, bi pertsonaren arteko topaketa deskribatzen duen espazio-denbora etengabean. Topaketa honek gelditzea, behatzea eta begirada zuzentzea aldarrikatzen duen elkarrizketa intimoa sortzen du, bizitzaren zentzu galduarekin konexioa berreskuratu nahian. Natalia de Miguel eta Jorge Jauregui Allue dira zuzendari eta koreografoak. Dantzan ere eurak arituko dira Niko Hafkenscheid dantzariarekin batera. 

Laugarren eta azken dantza emanaldia Serenity Suite izenekoa izango da. Matxalen Bilbao bermeotarraren zuzendaritzapean arituko dira dantzan Bilbao bera eta Natalia Garcia. Musika, berriz, Itziar Madariagarena da. 

Dantza ikuskizun guztiak 19:30ean izango dira Tabakalerako Patioan. Sarrerak Donostiako Musika Hamabostaldiaren webgunean eskura daitezke. 

Dantzariekin solasaldiak
Iratxe Arantzibia kazetari espezializatuarekin solasaldiak egingo dituzte dantzariek jendaurrean. Atzo Urzelai eta Solinas aritu ziren eta hurrengoak hauek izango dira: Myriam Perez Kazabon, bihar, hilaren 7an; Natalia de Miguel eta Jorge Jauregi Allue, hilaren 9an; Matxalen Bilbao, hilaren 12an; Lucia Lakarra, hilaren 16an; eta Iratxe Ansa eta Igor Bacovich, abuztuaren 22an.

Aurrez eman behar da izena solasaldietan parte hartzeko. Streaming bidez ere jarrai daitezke.