Susa: mende laurdena literaturari

Susa: mende laurdena literaturari https://www.gaztezulo.eus/albisteak/susa-mende-laurdena-literaturari/@@download/image/91p62susa10_1363203956.jpg
2008/12/05
elkarrizketa
Gari Berasaluze
Susa: mende laurdena literaturari
25 urte eman dizkio Susa argitaletxeak literaturari. Mende laurdena. Izan ere, duela 25 urte argitaratu zuen lehen liburua: Xabier Montoiaren Anfetamiña.

Susaldia, ordea, lehenago hasi zen. Argitaletxea sortu aurretik ere, ikasle gazte haiek lau urte eman zituzten literaturarekin larrutan. Mikel Antza, Josu Landa, Xabier Montoia, Eneko Olasagasti, Iñaki Uria eta Joxerra Utrech ziren lagun haietako zenbait, eta Susa literatur aldizkaria plazaratzeari ekin zioten 1980an: "Susan dago bizitza. Etorri behar duzu" zioen lehen testuak, eta Federico Krutwig zenari elkarrizketa mamitsua ere egin zioten lehen zenbaki hartan. Aldizkaria argitaratzeaz gain, batean eta bestean irakurraldiak ere egin zituzten, probokazioarentzat ateak erabat zabalik utzita.

Orduko argitaletxeek haien lanak aintzat hartzen ez zituztenez, beraien liburuak argitaratzen hastea erabaki zuten, eta horrela ikusi zuen argia Montoiaren Anfetamiña poema liburuak, 1983an. Sex Pistols taldeari eskainitako liburu hura mugarria izan zen euskal literaturan. Batetik, Susa argitaletxearen lehen fruitua izan zelako, baina, bestetik, baita orrialdeetan barrena punk mugimenduaren, rockaren eta probokazioaren arrastoak etengabeak zirelako ere.

Lehen urte haietan,  Josu Landa izan zen argitaletxean editore lanetan aritu zena. Orduko editoreek, ordea, oraingoen aldean, bazuten beste hainbat lan ere. Liburuak irakurtzeaz edo zuzentzeaz gain, diseinatu, inprentara eraman, banatu eta abar egin behar baitziren. Josu Landak 1989an pasatu zion lekukoa Iñigo Aranbarriri, eta honek 1994an gaur egun ere editore den Gorka Arreseri.

Hogeita bost urte hauetan, Susa argitaletxea hainbat eta hainbat idazleren lehen plaza izan da. Susan argitaratu dute lehen liburua, esaterako, Xabier Montoia, Edorta Jimenez, Harkaitz Cano, Urtzi Urrutikoetxea, Eider Rodriguez, Kirmen Uribe, Jon Benito, Xabi Borda edota Leire Bilbaok, batzuk soilik aipatzearren.

Lubaki Banda ere Susaren babespean agertu zen 1993an. Gazteak ziren orduan banda hartako kideak: Xabier Alday, Harkaitz Cano, Xabier Gantzarain, Josu Goikoetxea, Mikel Reparaz, Asier Serrano… Susa aldizkariaren ardura hartu zuten idazle berri haiek, baina bandarekin batera lurperatu zuten aldizkaria ere, hiru zenbaki soilik argitaratuta, hamahiru urte lehenago beste gazte batzuek hasitako bideari amaiera emanez.

Gainontzean, Susa argitaletxeak, mugarri izan diren hainbat liburu argitaratzeaz gain, ekimen esanguratsuei ere eman die bidea. Besteak beste, Gabriel Arestiren obra osoa argitaratu izana, Koldo Izagirrek prestatutako XX. Mendeko Poesia Kaierak antologia edota literaturaren inguruko hausnarketak biltzeko sortutako Bazka aldizkaria dira nabarmenenak, azken urteotan Interneten egindako lanarekin batera.

Argitaletxea baino gehiago

Susa argitaletxearen webguneak (www.susa-literatura.com) ez du argitaletxeen ohiko webguneen itxura. Erakusleiho soila eta, batez ere, argitaletxearen liburuak saltzeko denda baino askoz gehiago baita. Besteak beste, euskarazko liburuen inguruko kritiken hemeroteka handia du, zeharo eguneratua. Baita literaturarekin lotutako ekimenen estekak, hainbat eta hainbat liburu osorik irakurtzeko aukera, spot literarioak, poemen eta hitzaldien audioak eta, oro har, euskarazko literaturarekin lotutako hainbat ekimenen ateak ere.

Interneten, argitaletxea baino gehiago da Susa argitaletxea. Susak sortutakoa da, esaterako, www.armiarma.com egitasmoa ere. Susa aldizkariaren 33 zenbakiak digitalizatu eta Interneten eskaintzeko asmoarekin hasi, eta euskarazko beste literatur aldizkariak ere digitalizatzea eta sarean jartzea otu zitzaien. Egitasmo haren emaitza ez da nolanahikoa, eta hainbat leiho ditu.

Honakoak.
· Literaturaren zubitegia  
Sarean idazleei buruz dagoen guztiarekin zubi izan nahi duen atala: aipamenak, estekak, efemerideak, kritikak, bibliografia...
· Literatur emailuak   
Literatur argitalpenak eta ekimenak iragartzeko bloga eta asteroko albistegia.
· basquepoetry.net  
Euskal poesiaren ataria: euskal poesia munduari erakusteko leihoa da.
·  Klasikoen gordailua  
Literaturako testu klasikoen webgunea: liburuez gain, baladak, kantak, herri literatura, testu zaharrak, eta abar.
 · Bertso eta olerkien hemeroteka   
Julen Urkizaren Euskal Bertso eta Olerkien Bibliografia-ren gainean garatutako ekimena.      
· Kritiken hemeroteka   
Euskal literatura modernoko liburuei buruz kaleratu diren kritiken gordailua.
·  Literatur aldizkarien gordailua  
Ibinagabeitia proiektua: 29 aldizkari eta 6.000tik gora artikulu digitalizatuta
· Euskal prentsaren lanak   
XIX. mendetik aurrerako egunerokoak eta aldizkako agerkariak: Argia, Eskualduna, Euzkadi...
· Euskal lokuzioak sarean  
Intza proiektua: euskarazko lokuzioak ezagutzeko eta lantzeko aukera.
· Zaldi Ero idazleekin
Berrehun argazkiko erakusketa, Miel Anjel Elustondok aurkeztua

Susa argitaletxearen 10 liburu (ez merkeenak, ez onenak)


25 urteko harremana ezin da hamar argazkitan laburtu. 25 urte ez dira kabitzen hamar musutan. 25 urte ez dira islatzen hamar orgasmotan. 25 urteko harremana ezin da laburtu hamar lerrotan. Susa argitaletxearen ibilbidea ere ezin da laburtu hamar liburutara, baina batzuk nabarmendu behar izanez gero, hona zenbait. Ez merkeenak, ez onenak.

“Emakume biboteduna”



Xabier Montoia, 1992
Hamaika narrazio bildu zituen Montoiak liburu honetan. Anfetamiña eta Non dago Stalin? liburuen ondotik, istorio hauekin harritu eta liluratu egin zituen irakurleak.

“Azken fusila”



Edorta Jimenez, 1993
50eko hamarraldiaren hasieran abiatzen da kontakizuna: Onofreren etxeko atean hots egin dute gauean; asaldaturik atea zabaldu eta, gerran hiltzat jotako Juan agertu zaio: “Ez nok hil, Onofre. Makisan sartuta najagok, horrexegatik etorri nok hire etxera, laguntza behar joat!”.


“Kea behelainopean bezala”



Harkaitz Cano, 1995
Poema liburu indartsu honekin agertu zen plazara Harkaitz Cano, artean Lubaki Bandako kide zen garaian. Geroago etorri ziren Pasaia Blues, Beluna Jazz eta beste hainbat liburu.

“Lur bat zure minari“



 Jose Luis Otamendi, 1995
Giza harremanak gerra paisaiaren bitartez azaltzen ditu Lur bat zure minari liburuak. Gure negarraz beste egiten du poetak orrialdeetan barrena. Saminen barnetegia da hau, minarentzat ere lurrik ez duen herri baten kantua.


“Galdu arte“



Juan Luis Zabala, 1996
Azkoitiko Gaztetxearen inguruko gorabeherak eta 80ko hamarraldiko giroa islatzen duen nobela ederra da Galdu arte. Drogak, okupazioa, musika, asanbleak eta orduko euskal gazteriaren inguruko kontuak dira osagaietako batzuk.

“Non dago Basque"s Harbour?“



Koldo Izagirre, 1997
“Inperioaren aurka poesia baliatu behar dugula uste duten nire antzeko inozoak bilatzen ditut”. Portua da Izagirreren aberri bakarra, eta handik oroitzapenen gabarra atera eta itsasoa ez dela neutrala gogorarazi zigun poema hauetan.

“Camembert helburu”



Jon Alonso, 1998
Toulouse-Lautrecen lana oinarri  hartuta, nobelaz mozorrotutako saiakera berezia argitaratu zuen Jon Alonsok, sinesgarri bihurtutako gezurrekin. Irakurle azkarraren esku utzi zuen batzuk eta besteak bereizten.

“Harrien lauhazka“



Iñigo Aranbarri, 1998
Aranbarriren ahotsa eta unibertsoa indartsu itzuli zen plazara poema liburu honekin. Harriak, lurraren ikur bezala. Harriak, eta maitasuna. Harriak, bizirik gure barruan, gure azpian, gure memorian. Koordinada zailak dituen aberri baten taupadak.  

“%100 basque”



Itxaro Borda, 2001
%100 basque dela iragartzen duen gaztari tiraka, nobela honetako protagonistak euskaldunon historia, kultura eta nortasuna ditu hizpide, ironia garratzarekin. Euskadi Saria ere jaso zuen nobela honekin Itxaro Bordak.


“Bitartean heldu eskutik”



Kirmen Uribe, 2001
«Nire gaztaroko ibilbidea markatzen duen liburua da, eta orain espero dut beste garai bat etortzea, non idazle helduagoa izango naizen. Poesiak asko eman dit. Liburu honi esker egin naiz idazle».

Zer da Susa argitaletxea zuretzat?


Imanol Ubeda“Jose Luis Otamendik poema batean dioena: maite ez banauzu poema hauetako hesola erorien artean kausituko naute, bakarrik hilko naiz”.

Eider Rodriguez“Susa, niretzat, Xabier Montoiaren Non dago Stalin-ekin hasi zen. Hor ezagutu nuen. Eta nire etxe parean gertatzen zen literaturaren sorrera izan zen, belar izpirik gabea, baina, batez ere, euskal literatura zikinaren sorrera.

Gotzon Barandiaran“Susa-ra poesiarako zaletasunak eroan ninduen. Itzalpeko ahotsak aldizkaria kausitu nuelarik gure anaia zaharragoaren liburuen artean, testu haiek zeinek argitaratu zituen jakin gura izanik, hurreratu nintzen SUSAra Durangoko Azoka batean. Poesia liburu mordoa aldean eroan ostean zaletu nintzen gerora bertatik bertara ezagutu ditudan euskal idazle askoren letretara. Literatura guztion ondare gisa, literatura mundua edateko iturritzat, literatura harrokeria bako kultur truke ahalik eta demokratikoena legez, literatura euskaldunok garena agertzeko amorante gisa maitatzen erakutsi didate”.