Supermerkatu kooperatiboak komunitateak ahalduntzeko

Supermerkatu kooperatiboak komunitateak ahalduntzeko Supermerkatu kooperatiboak elikaduraren eta ekonomiaren soberania errekuperatzeko bidea dira, lokalki bederen. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/supermerkatu-kooperatiboak-komunitateak-ahalduntzeko/@@download/image/5179358.png
2019/11/22

Testua: Jaione Dagdrømmer @hellehellei

Supermerkatu kooperatiboak elikaduraren eta ekonomiaren soberania errekuperatzeko bidea dira, lokalki bederen.
Supermerkatu kooperatiboak komunitateak ahalduntzeko

Supermerkatu kooperatibo eta kolaboratiboak supermerkatu kate handien alternatiba dira. Supermerkatu handiek lurrazal ugari behar izateaz gain eurentzat, askotan horien irekierak denda txikien itxiera suposatzen du, ezinezkoa baitzaie prezioetan kate handi hauekin lehiatzea. Egoera honen aurrean, zenbait taldek elikadura eta ekonomia herritarren ardura bilakatu dute, komunitateak ahaldunduz.

Elkarlaneko supermerkatu ezagunena New Yorkeko Brooklynen sortu zen 1973. urtean eta 16.000 kolaboratzailetik gora ditu, non guztiak diren dendaren jabeak. Thomas Boothe zuzendariak Food Coop deitutako dokumentala burutu zuen honi buruz, eta askok hartu dute inspirazio iturritzat, batez ere Europan.

Supermerkatu kooperatiboek komunitatearen indarra erabiltzen dute kate handien industrializazioaren aurka. Horrekin batera, komunitatean lotura sozialak indartzen dira, supermerkatu hauek ez baitute bata bestearekin lehiatzen, elkar laguntzen diren herritarrak dira bertan dihardutenak.

Araban adibidez, mota honetako hainbat supermerkatu daude eta 1.000 familiatik gorak gozatzen dute hauen onurez. Gainera, proiektu hauen azken helburua elikaduraren soberania eskuratzea da komunitate bakoitzean plastiko hondakinak murriztuz. Horrela, elikadurari ekonomia sozialaren baloreak eta solidaritatea aplikatzen zaizkio, pertsonen interesak diruaren aurretik jarriaz.

Horrelako ereduek ekonomiaren ardura bere gain hartzen dute eta baita euren komunitatearena ere. Horietako askok hezkuntza zentro txiki bezala ere funtzionatzen dute, non sukaldaritza klaseak edo ekintzaile izatekoak ematen diren nahi duenarentzat. Proiektu honetan parte hartzen dutenek argi dute: epe luzera begira supermerkatu handien prezio baxuak garestiak dira komunitatean galtzen denagatik. Ez da lehengoko denda txikien nostalgia, baizik eta auzoa eta herria ahalduntzeko modu bat.

Mota honetako negozioek harreman horizontalak sortzen dituzte ekoizleekin ere, hauei modu justuagoan ordainduz euren lanagatik. Modelo honek, ez du beste aldera begiratzen ezberdintasun ekonomikoen aurrean, eskala lokalean, bederen, irtenbideak emanez.