Sukaldaritza “iraunkorra”

Sukaldaritza “iraunkorra” https://www.gaztezulo.eus/albisteak/sukaldaritza-iraunkorra/@@download/image/Oihane.jpg
2009/01/02
erreportajea
Oihana Egurtza


Kartulina luzexkekin egindako fardo txiki bat jaso dut etxean. Iltze-gisako batek eusten ditu kartulinak, eta abaniko forman ireki daizteke; paretak pintatzeko kolorea aukeratzeko garaian, pintoreak erakusten digun abaniko horien tankerakoa da. Azalean  kroketa-brotxeta bat. "Eltzekondoa garbituz" jarri diote izena. "Para no dejar ni las migas". Janari hondarrak alferrik galdu edota zakarretara bota beharrean, horiek aprobetxatuta, sukaldean aritzeko ideiak biltzen ditu. Argitaratzaileak:  Gipuzkoako Foru Aldundiaren Garapen Iraunkorreko Departamentua eta San Markos Mankomunitatea. Ideia ez da txarra, jakina! Larri samarra bai, ordea, ekimenaren beharra. Diputazioa izatea lezioa emango diguna, alajaina! Zentzu pixka bat eta sukalderako esku apur bat duen edonork, alegia, jakin behar lukeela eltzeko hondarrekin sukaldaritza "iraunkorrean" aritzen. Meritua ere aitortu behar zaie, hala ere, egileei.

Formatuarekin eta azaleko kroketa borobi-borobil horiekin jendea xaxatzen asmatu dute. Niri, behinik behin, tentagarria egin zait, eta patxadaz erreparatu diot barruko errezeta sortari. Eta, hara non, funtsaren larriaren gainetik, hanka-sartze elegante bat ere topatu dudan! Elegantea, baina, nondik begiratzen zaion, irakurketa positiboa duena. Euskaraz hala dio: hozkailua zabaldu eta hamaika sorpresatxo!  Gazteleraz: !11 sorpresas! Bai jauna, numerotan idatzia.

Badaezpada, zenbatzen hasi… eta bingo! 11 ez, 12 dira sorpresatxoak. Hamaika: euskara jatorrean, asko, ugari, makina bat. Miraria ote? Lan bat euskaraz idatzi eta ondoren itzuli ote dute gaztelerara? Hori bai sorpresa, eta ez aurreko "hamarrak"! Eta, behin zirikatzen hasita, gutxienez kuriosoa bada: zabor gutxiago nola sortu erakusteko aitzakian, kiloka kartulina partitzea. Zer den erreparatu ere egin gabe, zakarretara botako dituzten zientoka (hamaika, ez 11) kartulina. Kuriosoa.