Su Ta Gar: "“Ilusioa, publikoa eta osasuna dugun artean jarraituko dugu”"

Su Ta Gar: "“Ilusioa, publikoa eta osasuna dugun artean jarraituko dugu”" https://www.gaztezulo.eus/albisteak/su-ta-gar-quotilusioa-publikoa-eta-osasuna-dugun-artean-jarraituko-duguquot/@@download/image/20101119916su_t_1362513073.jpg
2010/01/01
elkarrizketa
Testua: Igone Fdez. Mariezkurrena
Su Ta Gar: "“Ilusioa, publikoa eta osasuna dugun artean jarraituko dugu”"
Iragan abuztuan bi hamarkada bete ziren eibartarrek lehenengo kontzertua eman zutenetik. Batzuek malenkoniaz eta beste batzuek gaztetasun gazteenaren grinaz, baina gehientsuenek esker honez hartu dute Su Ta Gar taldearen azkena: Euskal Herrian barna egindako ospakizun biraren, bereziki Durangoko saioaren, lekukoa. Disko antologikoa. 

Urteurrenaren pozaren aparra ez da galdu oraindik eta halaxe helarazi digu Xabier Bastida gitarra jotzaileak. Taldearen iraganaz, orainaz eta etorkizunaz mintzatu gara berarekin.

20 urte egurra ematen. Ez da ez marka makala…

Ez. Egia esateko, ez da erraza 20 urte betetzea ezertan bizitza honetan, eta talde baten kasuan ere ez. Baina guri uste baino errazago eta azkarrago pasatu zaizkigu. Momentu onak eta gogorragoak izan ditugu, baina beti helburu berriak bilatzen eta gauzak egin nahi horretan joan zaigu denbora.

Gainera, indarrean dirau Su Ta Garrek, eta taldea sortu zenean jaio ere egin ez ziren askok goitik behera dakizkite zuen kantuak.

Guk gure artean ere askotan aipatzen dugu kontzertuetako lehenengo ilarako ikusleek askotan 20 urte baino gutxiago dituztela. Lortu dugu beti jendearen ahotan egotea eta belaunaldi berriengan gurekiko interesa piztea, lehenengo diskoak ere ezagutu nahi izatea.

Urteak pilatzeak baditu ilunak eta argiak, ezta?

Alde txarrak baino gehiago, zenbait galtzea izaten da kontua: hasierako inozentzia, bat-batekotasuna… horiek urteekin joaten dira. Baina esperientzia irabazi dugu. Hau gure lanbidea da azken batean, ofizioa hobeto egiten ikasi dugu. Hala ere, nik uste dut hemen ilusioak mantentzen gaituela bizirik; gehiago dira aldatu ez diren gauzak aldatu direnak baino. Esentzia berbera da.

Itzuliko al zinatekete hasiera hartara?

Ez dakit. Orain dudan heldutasuna, adibidez, ez dut galdu nahi. Baina, bestalde, 40 urte eduki ordez 18 edukitzea ez legoke batere gaizki… kar, kar! Gure aiton-amonei beti entzun diegu: 18 urte izatera bueltatu nahi nuke, baina orain dakidan guztia jakinda.

Urtebetetze ospakizun biraren lekukoa da DVD eta CD bikoitz berria. Zer moduzkoak izan ziren sentsazioak hain aspaldiko kantuak berreskuratuta?

Izugarriak. Oso oroitzapen ona daukagu bira osoaz. Guretzat oso hunkigarria izan zen, eta jendea ere kontzertuetatik oso pozik irten zela igarri genuen.
"Hamar urte kendu dizkidazue gainetik" eta halakoak entzun genituen.

Nola sortu zen ideia?

Gure lehenengo kontzertua eman genuenetik 20 urte betetzen zirela eta, zer edo zer berezia egin behar genuela komentatu genuen geure artean. Diskoek bai, baina batez ere kontzertuek ematen digute guri bizi-poza, eta horregatik 10 edo 12 kontzertuko bira bat egitea pentsatu genuen. Abesti zerrenda berezi bat osatu genuen, agian hamasei urtetan jo gabeko kantuak berreskuratuta, eta gainera, jatorrizko bertsioarekiko ahalik eta fidelen egitea erabaki genuen, zuzenekoetara lehenengo aldiz pianoa eta akustikoak ekarrita. Eszenatokirako ere argi bereziak nahi genituen…

Eta uste baino hobeto joan zen…

Bai, hasieran asmo txikia zena elur pilota baten moduan handitzen joan zen, jendearen erantzuna izugarria zelako. Aspaldiko jarraitzaile asko bildu ziren berriz, orain 17 edo 18 urte gu ikustera etortzen zirenak, eta jende gazteak ere ez zigun hutsik egin. Durangon, Bermeon, Donostian eta Iruñean jendez gainezka aritu ginen, adibidez. Udal askotatik hots egin ziguten eta, azkenean, 24 kontzertua emanda eten genuen bira; 21. urteurrenera iritsi ginelako abuztuan.

Diskoak ere harrera bikaina izan du, ezta?
Egia esateko, diskoa kaleratzearena ere ez zen hasierako ideia. Izandako arrakasta ikusita, gutxienez guretzat biraren lekukotasuna gorde beharra sentitu genuen, nahiz eta ondoren kaleratu ez. Eta horregatik grabatu genuen Durangokoa. Nahasketekin hasi ginen, kontzertua ahalik eta fidelen jasotzen… eta emaitza gustatu zitzaigun. Formatu posibleak ere begiratu genituen, eta azkenean, uste dut nahiko itxuroso geratu dela. Jendeari behintzat asko gustatu zaio. 2008ko azaroan honekin guztiarekin hasi ginenean ez genuen halakorik espero.

Guzti-guztia zeuek ekoitzia. 2006az geroztik halaxe egiten duzue; merezi duen seinale?

Edo gu zelan gauden seinale. Autoekoizpenarekin ez ginen hasi diruari begira, horretarako garai txarrak dira eta. Guk gure lanaren burujabetza osoa nahi genuen. Urte hauetan horretan aritu gara, eta gainera lehenagotik beste diskoetxeekin ateratako disko gehienak berreskuratu ditugu; master horiek erosteak gastuak ekarri dizkigu irabaziak baino gehiago. Orain ia diskografia osoa gure esku dagoela sentitzen dugu, eta gure lanarekin nahi duguna egin dezakegula. Hori da egoera berri honek ekarri digun onena.

Musika kontsumitzeko moldeak aldatu direla ukaezina da eta egokitzeak ezinbestekoa dirudi.

Egia esateko ez gara, agian, gaurkotuenak zentzu horretan, baina garaiak aldatzen direla eta egokitu beharra dagoela argi dago. Hori bai, egokitze horrek ez du taldearen benetako lana, lokaleko lana eta zuzeneko lana, aldatu behar. Badugu gogoa gure webgunean aukera berriak eskaintzeko; diskoak entzuteko aukera, abesti solteak erosteko aukera… baina buruan dugun guztia egiteko denbora falta zaigu, ez baikara enpresa handi baten pareko.

Saretik abestiak debalde jaistearen alde?

Nik Interneten aurka ez daukat ezer, oso tresna baliagarria da, erakusleiho bat. Baina ez naiz kantak debalde jaistearen oso aldeko. Egile batek orduak ematen ditu sortzen, lantzen… eta ez dio inork ordaintzen hori, ez dago kontraturik. Hutsune legal bat dago hor. Demagogia da esatea kultura librea dela eta doakoa izan behar duela. Nik ez daukat inongo arazorik ez dakit noren disko guztiak dohainik lortzeko, baina norbaitek jarri beharko dio berari soldata bat, ezta? Kulturari salneurri bat jartzea ez da oso logikoa, badakit. Baina, era berean, denok dugu eskubidea patatak eta etxebizitza debalde izateko, eta ez da hala. Bada, egile batek ere behar du dirua patatak eta etxebizitza ordaintzeko.

Noiz arte jarraituko duzue jo ta ke?

Gero eta gehiago baloratzen dugu daukaguna,  gustatzen zaiguna egiteaz bizi ahal izatea. Horregatik, ilusioa mantentzen dugun bitartean, publikoa daukagun bitartean, eta osasunak uzten digun bitartean jarraituko dugu.

Epe motzean, zein asmo duzue?

Promozioarekin bukatu eta zuzenekoetara itzuliko gara. Baina lokalean abesti berriak prestatzen ere hasi nahi dugu laster. Burua beti dugu pauso bat aurrerago, eta dagoeneko baditugu ideia batzuk.