‘Stepi’ (Bad Sound System): "Kanta onenak jende xumeak egiten ditu"

‘Stepi’ (Bad Sound System): "Kanta onenak jende xumeak egiten ditu" https://www.gaztezulo.eus/albisteak/stepi-bad-sound-system-kanta-onenak-jende-xumeak-egiten-ditu/@@download/image/bad_sound_slide_1365583749.jpg
2013/04/08
elkarrizketa
‘Stepi’ (Bad Sound System): "Kanta onenak jende xumeak egiten ditu"
‘Aldaketa’ du izena Bonberenea Ekintzak zigilupean kaleratu berri duten estudioko hirugarren lanak. ‘Stepi’ dj-arekin solastu gara.


Izenak berak dioenari jarraiki, ze aldaketa jasan du zuen musikak?
Musikari baino gehiago, gizarteak, gure inguruak eta guk geuk pertsonalki bizi izan ditugun aldaketei egin nahi izan diegu erreferentzia. Era berean, aldaketak egiteko mezua luzatu nahi dugu, krisia delakoaren aurrean, herriak jasan dituen eraso ekonomiko eta politikoei aurre egiteko proposamen moduan; jendarteak eta baita norberak ere egin behar ditu aldaketak, egungo egoera jasangaitza delako.

Eta zein aldaketa aldarrikatu nahi dituzue zuen musikarekin?
Beti Berdin abestian erabiltzen dugun samplerra: "Es antes la gente que los bancos" –Jendea banketxeen aurretik dago–.

Aurreko bi lanetan bezalaxe, honetan ere hainbat ekoizleren laguntza izan duzue. Zein ekarpen egin dute?
Betidanik gustatu izan zaigu beste musikariekin esperientziak elkar trukatzea, freskotasuna ematen duelako. Oraingoan Mexikoko abeslari bat; Alemanian bizi den abeslari italiar bat; Polonia, Berlin eta Paris bezalako hirietako ekoizleak; eta Euskal Herriko zenbait musikari eta abeslari elkartu ditugu, nork bere ikuspegiak eta ideia musikalak azaltzeko. Guretzat, eta entzuleentzat, oso aberasgarria da.

Euskal hip-hop eta reggae estiloetan aitzindari izan zineten gure artean. Nola zegoen panorama garai hartan?
Gure proposamenek harrera ona izan dute beti. Garai hartan ere hip-hop eta reggae giroetan murgildutako "ero" asko zebilen munduan, eta Euskal Herrian gu izan ginen ero horiek. Dena den, gaur egun zoro kopurua ikaragarri hazi da, eta eszena oso indartsu dago, zorionez!

Sound System emanaldiek 50eko hamarkadan Jamaikako auzo pobreetan egiten zituzten kaleko festetan dute jatorria. Zenbateraino mantentzen dute oinarri hori zuen kontzertuek?
Sound Systemak auzo pobreetako festa herrikoiak ziren, bai, eta gu ere auzo langileetan jaio eta hazi garenez eta horretaz harro gaudenez, erroa mantendu dugula esan genezake. Baita biniloaren erabilera ere! Reggaea maite dugu, eta entzundakotik ikasiz gure estiloa sortzen saiatu gara, baina Jamaikan egindakoa kopiatu gabe.

Nola dago euskal musikagintza?
Beste hainbat herrialdetan bezalaxe, uste dut gure artean ere kantarik onenak jende xumeak egiten dituela, eta egungo krisia bezalakoak inspirazio iturri paregabea dira, ez soilik musikagintzan, baita beste arlo artistikoetan ere. Gainera, krisiaren aurka borrokan diharduten kolektibo eta elkarteekin batera egin beharko genuke lan, gure lana jendarteari bultzada emateko erabiliz. Diru laguntza publikoak murriztu egin omen dira, baina guk ez dugu sekula halakorik jaso, eta beraz, alde horretatik berdin jarraitzen dugu; baina nabari dugu jendeak ez duela aisialdian gastatzeko dirurik, eta sarreren eta diskoen salneurriak murriztuz haiei laguntzen saiatu gara.

Zein zailtasun du, halakorik badu, hip-hopa eta reggaea euskaraz egiteak?
Egia da musika mota hau ingelesez entzutera ohituta gaudela, baina euskarak gainerako hizkuntzek adina aukera ematen ditu. Azken aldian, esaterako, DAM hip-hop talde palestinarrarekin aritu gara eszenatokietan, eta zoragarria da arabieraz egindako errimak entzutea! Ulertu ez arren, hitzak bortitzak eta zorrotzak direla nabari da, eta asko gustatzen zait. Gure artean, halaber, Fermin Muguruzak lortu du euskarari ezarritako muga horiek gainditzea, estilo anitzeko doinuak mundu osora zabalduz, eta iaz Info7 irratiaren ekimenez kaleratutako Rap Herria bildumak ere oso harrera ona izan zuen.

Eta orain, zer?
Aldaketa disko berria areto eta herriko plaza guztietara eramango dugu, oholtza gainean estudioko lana defendatuz; egurra ematera gatoz!