Standar: Diskotekak kiskaltzen

Standar: Diskotekak kiskaltzen https://www.gaztezulo.eus/albisteak/standar-diskotekak-kiskaltzen/@@download/image/60p13-1_1365763516.jpg
2006/02/03
elkarrizketa
Standar: Diskotekak kiskaltzen
Standard seikote getxotarrak lehen disko luzea kaleratuko du martxoan. Euskal Herrian azkenaldion sortutako proiektu interesgarrienetako bat da Standar.

Standar  taldeak zenbait lehiaketa irabazi zituen "Golden Section" maketarekin; Mondo Sonoro aldizkariarena eta Benicassimgo jaialdikoa, besteak beste. Standar-ekoek rock dantzagarria egiten dute, Delorean zarauztarren eta iparamerikarren estiloan, eta euren musikak harrera ona izan zuen Mushroom Pillow zigilukoen belarrietara iritsi zenean. Ge-txotarrek prest dute estreinua: punka, funka eta elektronika bikain uztartuko dituen diskoa, hain zuzen. Deu Txakartegi (baxua eta ahotsa) taldekidearekin solastu gara. Oinetakoetako zolak erretzeko prest?

Nortzuk zarete Standard?

Iruñean karrera bukatu ondoren, Juan Escribanok (gitarra), Londonboy-ek (bateria) eta neuk sortu genuen taldea, Getxon. Gero Jens Wolffersdorf (gitarra), Paulino Rios (teklatua) eta Javi Letamendia (El Inquilino Comunista-ko bateria) gehitu zitzaizkigun. Programazioak ere sartzen ditugu.

Gutxi jo duzue zuzenean, baina lehiaketa mordoa irabazi.

Bai, maketaren eta zuzenekoen kalitatea izan ziren lehiaketak irabazteko arrazoiak. Txapelketa horietan, ez dira esperientzia edo emandako kontzertu kopurua aintzat hartzen. Iruñean musika jotzen genuen lagun batzuk baino ez ginen, eta sekula ez genuenez pentsatu musikan ariko ginenik; ez gara eszena baten parte izan. Lokalean elkartu eta soinuarekin esperimentatzea atsegin dugu.

Egia da maketak ate asko ireki dizkizuela.

Maketa Berangon grabatu genuen, 2004an, ordenagailu mugikor batean. Gu geu arduratu ginen prozesuaz. Lan zaila izan zen, softwarea ez genuelako ezagutzen. Hiru kantu dira: "On the Floor", "Love Train" eta "Supermarket", azken kantu horrek hamar minututik gora irauten ditu.

Eta jadanik, prest duzue zuen estreinua Mushroom Pillow diskoetxearekin (Deluxe, Sunday Drivers, La Habitación Roja...).

Urdulizko Tio Pete estudioetan grabatu eta nahastu dugu diskoa. Martxoan kaleratuko da, eta disko borobila egiten saiatu gara. Historiako estreinurik onena egiten saiatu gara: agian ez dakigu horrelakorik egiten, baina saiakera hor dago. Zigiluak ere lan handia egin du, eta haiekin ondo moldatu gara.

Zergatik rocka eta dantzarako erritmoen nahasketa?

Aurreko taldean hasi ginen rocka eta oinarri elektronikoak lantzen. Lehen talde haren ildoari eutsi genion, baina bigarren bateria bat gehituz. Lapiko dantzagarri horretan, bi baterien erritmoak eta indie-rocka, punka eta funk apur bat uztartu ditugu. Aurretik pentsatutako formula dirudi, baina bi urte aritu gara soinu horren bila.