Squirta: emakumeen isurketa. Misterioa?

Squirta: emakumeen isurketa. Misterioa? https://www.gaztezulo.eus/albisteak/squirta--emakumeen-isurketa-misterioa/@@download/image/2012538898sexua_1360707492.jpg
2012/05/04
erreportajea
Testua: Igor Erauskin. Guzu.
Squirta:  emakumeen isurketa. Misterioa?
Isurketa arina, isurketa atzeratua… isurketa gizonei dagokien zerbait dela pentsatu izan den arren, emakumeekin ere badu lotura kontu honek. Ikerketa zientifikoei dagokionez, baina, hutsunea nabaria da, eta adituak ez datoz bat. 

Orain gutxira arte, tabu sozialak tarteko, makina bat hitz joko erabili dira emakumeen genitaleez hitz egiteko, eta zer esanik ez emakumeen isurketaz aritzeko. Hala ere, mende mordoa pasatu da Hipocratesek eta Galenok semen femeninoa aipatu zutenetik. Kristoren akatsa izan zen, emakumeek ez baitute semenik jariatzen, kasu batzuetan txisaz nahastutako likido argi bat baizik. Zenbait ikerketaren arabera, likido honek glukosa, fosfatasa azido potasikoa, berariazko antigeno prostatikoa, urea eta kreatina ditu osagai.

1672an, fisiologia experimentalaren aitzindarietako bat izan zen Reinier de Graaf-ek elementu berriak aurkitu zituen emakume anatomiaren baitan: Skene guruinak. Hauen bitartez, emakume sutsuenek likido bat zorroztadaka isur zezaketela azpimarratu zuen. 1975ean, bestalde,  L. Testut eta A. Latarjet zientzialariek prostata femeninoaren existentzia jorratu zuten beren Giza Anatomiaren Entziklopedia Klasikoan. Azkenaldian eginiko ikerketen artean, Florida State Unibertsitateak aurrera eramandakoa da esanguratsua: honen arabera, emakumeen %82k jariakina isurtzen du baginatik orgasmo garaian.

Nola gertatzen da?

Skene guruinak, baginako paretetan G puntua deritzon horretatik hurbil daudenak, likidoz betetzen dira eszitazio garaian. Orgasmora heltzean, muskulu pelbikoak uzkurtu egiten dira Skene guruinak presionatu eta isurketa eraginez.
Isurketa txikiak izatearen arrazoiak ondorengoak izan daitezke: eszitazio maila baxua, Skene guruinen tamaina txikia, fisiologikoki emakumeak lubrikazio gutxikoak izatea edota isurketa puxikara bideratzea baginatik irten beharrean. Aldiz, isurketa handia izaten da Skene guruinak handiak eta eszitazio nahiz orgasmo maila altua izanez gero. Orgasmoa luzeagoa den heinean, bestalde, isurketa potenteagoa izan daiteke. Multiorgasmoak gertatzen diren kasuetan, gainera, kontrakzioak ugariagoak izaten dira eta isurketa nabariagoa ikusteko aukera areagotzen da.

Beverly Whipple New Jerseyko Rutgers Unibertsitateko irakasle eta American Association of Sex Educators, Counselors and Therapists-eko presidentearen esanetan, "emakume gehienek etzanda praktikatzen dute sexua eta oso likido gutxi jariatzen dute horregatik, batzuetan ezer ere ez. Baina ikerketek diote emakume guzti-guztiek isurtzen dutela".

Squirta bizi duten emakume zenbaitek, orgasmo bat duten bakoitzean, beldurra senti dezakete hanka tartetik isurketak nabarituta. Bestalde, bikotekideak ere harritu daitezke euren gainera jariatzen dutena antzematerakoan. Halakorik gertatuz gero, ez beldurtu, lasai egon eta disfrutatu; gorputzaren erantzunak modu naturalean bizitzea da egokiena.

JOLASERA!



Ispilu aurrean.
Egin dezagun jolas ikusmenarekin eszitazioa bultzatzeko. Logela guztietan aurki daiteke ispilu bat. Seguru aski, denak ez zarete eroso sentituko zeuen gorputzei begiratu eta sexua praktikatzen ikusiz. Hala ere, kasu askotan oso eszitagarria izan daiteke. Bestalde, bikotekideak aurrez aurre ez daudenean ere elkar begiratzeko aukera eskaintzen du. Voyeur puntua dutenentzat edo begiratzea gustuko dutenentzat jostailu lizun eta dastagarria izan daiteke. Ausartu eta gozatu.

PROBA EZANK



Postillionage