Spotify-ek entzuten dituzun abestiak aztertzen ditu zure gogo aldartea ezagutzeko

Spotify ziur da erabiltzaileek entzuten duten musika aztertuz jakin daitekeela nolakoak diren mundu errealean. Streaming inteligentzia garatu du plataformak horretarako, “erabiltzaileak entzuten duen musikaren atzean dagoen egiazko pertsona ezagutzeko.” Eta ondoren, iragarleei informazio hau saltzeko, noski.
Spotify-en komertzial talde bat dago diskoetxe eta artista ezberdinekin negoziatzen 200 milioi erabiltzaileren katalogoan artista berriak azaldu daitezen. Horrez gain, multinazional digitalak beste negozio estrategia bat ere badu “datuen misioa” deitutakoa, eta bertan psikologoek, fisikoek eta neurozientzialariek egiten dute lan.
Talde anitz honen helburua erabiltzaileen jokabidea aztertzea kontsumitzaile bezala etiketak zehazteko eta ondoren iragarleei informazio hori saltzeko. Enpresa suediarrak adierazi duenez entzuten dena zaren pertsonarekin lotuta dago, baita sentitzen duzunarekin, egon zaren lekuarekin eta bizitu duzunarekin. Spotify-en leloa “entzuten duzuna zara” izan liteke.
Spotify-en ikerketa adar hau 2016an hasi zen, multinazionala konturatu zenean aplikazioaren potentziala ez zegoela iragarkiak jartzean, baizik eta erabiltzaileek entzuten zuten musikaren arabera informazio hori iragarleei saltzean. Konturatu ziren adibidez, 400.000 erabiltzailetik gora osatu zutela barbakoan zeuden bitartean entzuteko musika zerrenda eta ikusi zuten horri komertzialki etekina atera ziezaioketela.
Ideia oso sinplea da. Coca-Colak ziurrenik nahiagoko du bere iragarkia egunaren azken orduetan itzalita sentitzen direnei entzunaraztea edota musika alaia entzuten hasi diren horiei. Horrela, gogoaren aldaketa horrekin lotuko dute marka erabiltzaileek. Edota Nescafé-k ere berdina egin dezake ikusten duenean erabiltzaile batek festarako musika erreproduzitu ostean, goizaldean zerrenda lasai bat hautatzen duela. Estrategia honekin Spotify-ek iragarkiekin lortzen dituen etekinak %276.5ean igo ziren 2015-2018 bitartean.
Kontrol emozionala
Hiru urte hauetan enpresak ikusi duenez streaming ohiturak asko esaten dute erabiltzaileaz, eta horrek konexiorik gabe gauden momentuko jokabideak aztertzea ahalbidetu du. Horrela, plataformaren atzean dagoen egiazko pertsona ezagutu daiteke, bere aldarte, pentsamolde, gustu eta jokabideekin. Spotify-ek bilaketa bakoitzarekin, klik bakoitzarekin, abesti batetik bestera aldatzearekin, edota aleatorioan musika jartzean zerbait berria jakiten du bere erabiltzaileez.
Multinazional hauek gure datuak erabiltzen dituztela esaten dutenean ez da bakarrik gure emaila, jaiotza data edo bizi garen tokia, baita gure nortasuna ere. Hortik abiatuta esperimentu psikologikoak burutzen dituzte eta jokabidearen manipulazioari bidea ireki.
Spotify-ek onartzen du erabiltzaileen gogo aldartea helburu publizitarioekin erabiltzaileez gain, gogo aldarte hori hobetu ere egin nahi duela. Markarentzat umore ona probetxugarria da eta baita iragarkientzat ere.
Eskatu Spotify-ri zutaz zer dakien esateko
Europako Datuen Babeserako Araudiagatik, erabiltzaileek eskubidea dute enpresei euretaz dakitenaz galdetzeko. Horretarako Spotify-en formulario bat bete behar da enpresari informazioa eskatuz. Hori bai, premium konturik ez baduzu datuak nahita naiez eman behar zaizkio plataforma erabiltzearen truke. Ezer ez da doan Interneten.