Spot Sozialen V. Nazioarteko Lehiaketa abian

Spot Sozialen V. Nazioarteko Lehiaketa abian https://www.gaztezulo.eus/albisteak/spot-sozialen-v-nazioarteko-lehiaketa-abian/@@download/image/2012159439ZureVision.jpg
2012/12/13
berria
Spot Sozialen V. Nazioarteko Lehiaketa abian
Zurevision-Socialvision ekimen hau Mugarik Gabe garapenerako gobernuz kanpoko erakundeak antolatzen du eta elikadura subiranotasunaren kontzeptua herritarren artean ezagutaraztea du helburu. Apirilaren 14a da lanak entregatzeko epea, bi sari daude jokoan eta spotak maiatzean zehar Bilbon nahiz Gasteizen antolatuko dituzten zinemaldian erakutsiko dituzte.

Gaur egungo nekazaritza eta elikadura sistemaren funtzionamendua eta honek elikagaiak ekoizten eta kontsumitzen dituzten lagunengan dituen ondorioak salatu eta, aldi berean, emakumeek munduko hainbat txokotan eta gure inguruan  ere jasan behar dituzten berariazko ondorioak agerian utzi nahi ditu Mugarik Gabe gobernuz kanpoko erakundeak.

Horixe da, hain zuzen ere, aurten bostgarren aldiz antolatu duen Zurevision-Socialvision Spot Sozialen V. Nazioarteko Lehiaketaren xedea. Arduradunek azaldu dutenez, "kezka apur bat, irudimena eta mundua aldatzeko gogo bizia" besterik ez dira behar parte hartzeko. Horregatik, gizarte gaiekin sentsibilizatuta dauden norbanako eta talde guztiei luzatu diete deia bideo kamera edo telefono mugikorra hartu eta gaia landu dezaten. "Gizartea eraldatzeko prozesuan parte hartzeko modu polita" dela aldarrikatu dute.


Parte hartzeko baldintzak


Izena ematea doakoa da, eta mundu osoko emakumeek, gizonek eta taldeek har dezakete parte nahi beste lan aurkeztuta. www.mugarikgabe.org webgunean eskura daiteke inskripzio-orria.
Gaiak aipatutako bera izan behar du nahitaez: Elikadura Subiranotasuna. Gehienez bi minutuko spotak onartuko ditu epaimahaiak, DVD euskarrian ahalik eta proiekzio-kalitate onenean aurkeztuak.
Horretarako azken eguna apirilaren 14a izango da. Aurrerantzean, spot hauek guztiak Mugarik Gaberen funts dokumentalaren zati izango dira, eta erakundeak hezkuntzari lotutako xedeetarako erabiliko ditu. Bestalde, maiatzean zehar Bilbon eta Gasteizen antolatuko duten Zinemaldian proiektatuko dituzte.
Epaimahaiaren saria (200 euro) ekaina aldera ezagutaraziko dute eta Ikusleen Saria, aldiz, Bilboko eta Gasteizko emanaldi horietan zehar jasotako botoen araberakoa izango da.