Sorginak eta sorginkeriak, Sorginen Laratzean

Sorginak eta sorginkeriak, Sorginen Laratzean https://www.gaztezulo.eus/albisteak/sorginak-eta-sorginkeriak-sorginen-laratzean/@@download/image/13p29-1_1370944012.jpg
2001/11/02
erreportajea
Amets Arzallus


Informatiboak, "Goenkale" eta "Hasiberriak". Ongi afaldu duenarentzat, hori da ETB 1-ek eskaintzen duen postrea. Eta postreak zapore txarra utz ez dezan, hortxe dator, nola ez, Sorginen Laratza. Postre bat izatekotan, frutazko mazedonia litzatekeena. Denetik eta nolanahi. Akelarrearen erdian, hortxe egoten da Xabier Euzkitze. Gizajoa bakarrik aspertu egiten da, eta orduan, bere moduko laguna jarri diote, Klaudio Landa. Sorginetan sorginena. Sorginen Laratzeko sorgin latza. Euskal Herriko txotxi sukalde guztiak sorgintzen dituena. Txutxumutxu txatxuak, txantxak... txotxi txotxongilo bat dirudi. Neguan ere irrintzika eta txio-txioka ibiltzen den txotxi txantxangorria. Txotxitik asko du eta txintxotik gutxi. Hain da txotxia, non azkenean nahastu egiten baititu txorakeriak eta txorikeriak. Holakorik ez zen ikusten treintaixeixen.

Baina Klaudio ez da Laratzeko sorgin bakarra. Martxelo, Kaitin, Estitxu, Itziar, Marta, Jon......Denak dira sorginkeriatan maisu. Gorputza biluzten ez dutenek lotsa biluzten dute. Denek erazten dute zerbait. Eta taldea biribiltzeko hiru komiko. Komiko eta imitatzaile. Jose Antonio Arana, Aznar, Argiñano.... Denen kontura, barre egiten dute. Baina azkenean, guri egiten digute barre. Telebista aurrean gelditzen garenoi.

Non dago Patxi?



“Patxi! Patxi! Patxi!!!!!”, “Aizu, Patxi ez dago hemen eh! Oker zabiltza !”, “Ah, bale, barkatu eh! Barkatu!” Eta segi Patxirekin jo eta ke : “Patxi! Patxi!!!!” Badirudi, publizitate hau, gorren artean Euskaltelen mugikorren promozioa egiteko dela. Baina non sartu dira Patxiak? Ez al dago Euskal Herrian inon Patxirik? Badago, behintzat deitu diezaiola gizon zaratatsu horri. Ea isiltzen den. Bestela, ez dakit gorren artean mugikor gehiago salduko diren, baina gu gor geldituko gara.

ETBren zentsura



EEBBek Afganistan eraso zutenean, ETBk ez ikusiarena egin zuen, eta bere ohiko programazio super interesgarriarekin segitu zuen: ETB 1ean, Realari zenbat gol sartu zizkioten kontatzen, eta ETB 2an, Mr Bean erakusten. Irailaren 11n, berriz, dorre bikiak bota zituztenean, ETBk bere programazioa hankaz gora bota zuen. “Lo Que faltaba” kendu, eta berriari segimendu zehatza egin zioten. Afganistan eraso dutenean, aldiz, ETBk informazioa gorde egin du, ezer pasa ez balitz bezala. Hori bai zela “falta zena”!