Sopel&Dub lehiaketa berriak dantzan jarriko du Sopela

Sopel&Dub lehiaketa berriak dantzan jarriko du Sopela https://www.gaztezulo.eus/albisteak/sopelampdub-lehiaketa-berriak-dantzan-jarriko-du-sopela/@@download/image/2012103761sopeldub.jpg
2012/12/13
berria
Lip dub bideoen moda iritsi da Sopelara! Udazkenarekin batera sopeloztarrek euren sormena landu eta sari potoloak eskuratzeko aukera izango dute Sopel&Dub lehiaketaren bidez. Kuadrilak, ikasle taldeak, kirol taldeak, musika taldeak… anima zaitezte parte hartzera!

Lip dub-ak dagoeneko oso ezagunak dira gure artean, baina zer da lip dub bat? Kanta ezagun bat entzuten den bitartean, bideokamera batek ibilbide bat egiten du, eta bide horretan topatzen dituen lagun guztiek kantaren hitzak ezpainez jarraitzen dituzte, era berean, dantza eta mota anitzeko koreografiak eginez.

Asko ikusiko zenituen dagoeneko: Donostiako Piraten lip dub-a, Kilometroetako lip dub-a, Nafarroa Bizirik 1512-2012 lip dub-a, eta beste hainbat eta hainbat.

Sopelan ere ez dute atzean geratu nahi izan, eta Sopel&Dub lehiaketa antolatu dute, herritarren dohainak agerian uzteko. Edozein talderi zabaldu diote deialdia, eta bi baldintza ezarri: kanta euskara hutsezkoa izan behar da eta grabaketa Sopelan egin behar da.

Kontutan hartzeko
Irudiek sekuentzia bakarrean grabaturik egon behar dute, eta bideo edizioa lehen eta azken bost segundoetan baino ez da onartuko, titulua eta errotulazioa jartzerako orduan, alegia.

Izena emateko epea azaroaren 28ra bitarte dago zabalik, eta txapeldunek 1.000 euroko bonoa jasoko dute Sopelako dendetan gastatzeko.

Halaber, lehiaketaren nondik norakoak ezagutzeko eta argibideak jasotzeko bilera irekia antolatu dute urriaren 4an, ostegun honetan, Kurtzio kultur etxean, arratsaldeko 19:00etan.

Prestaketa tailerrak


Urriaren 22tik 28ra bitartean, lip dub-a prestatzeko tailerrak eta gidoiak lantzeko aukera eskainiko zaie parte hartzaileei. Dena den, ez da derrigorrezkoa izango.
Halaber, tailerretan parte hartzen dutenek produkzio lanak antolakuntzaren laguntzarekin egiteko aukera izango dute, honako bi grabaketa daten barruan: azaroaren 9tik 11ra, eta 16tik 18ra.

Parte hartzeko


  • Sartu hemen eta bete formularioa
  • Idatzi info@sopelandub.com helbide elektronikora
  • Bidal ezazu mezu bat 673 32 20 38 zenbakira

Kasu guztietan, taldearen izena, arduradunaren izen-abizenak eta arduradunaren telefono zenbakia bidali beharko dira